INFO

Joko bizia, ikuskizuna eta etxekoen garaipenak Malosten eta Mendizorrotzan

Benbibreri 71-58 irabazi eta gero, segidan hirugarren partida irabazi du Lointek Gernika Bizkaiak eta Emakumeen Liga sailkapeneko bosgarren postua sendotu du. Kutxabank Araskik, berriz, abenduaren 27tik aurreneko garaipena lortu du Mendizorrotzan, Ensino 82-65 gainditu eta gero.

Itziar Ariztimuñok bikain banatu du jokoa. (@LOINTEK GERNIKA)

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 71 - BENBIBRE 58

Defentsako lana, sendotasuna eta kontzentrazioa lako kontzeptuak darabiltzate saskibaloi entrenatzaileek hitzetik hortzera, baina tarteka jokoa bizia bada, ikuskizuna eskaintzen baldin badu eta ikuskizunaz gain, garaipena ere berekin badakar, hobe baino ez. Lointek Gernika Bizkaiak hirugarren garaipena kateatu du larunbat honetan Benbibreri irabazi ostean. Denboraldiko hamahirugarren garaipena eskuratu dute Anna Montañanak zuzentzen dituen jokalariek eta Emakumeen Endesa Ligako sailkapenean bosgarren postuan sendotu dira.

Azken emaitzak dioena baino ondotxo zailagoa izan da gernikarren garaipena, neurketa azken laurdena hasi eta berehala 53-51 hurbildu baita Bierzoko taldea. Aurreneko laurdenean izan ezik, bizkaitarrak beti izan dira aurretik, baina ez dute neurketa azkenera arte apurtu eta tarteka kanpokoen arnas hotsa oso gertu aditu dute.

Nolanahi, beste zenbait neurketatan falta izan zaien patxada eta errekurtsoak izan dituzte Anna Montañanarenek markagailuko buruzagitza behin ere ez galtzeko. Esaterako, Sofia Da Silvaren neurketa puska. Portugaldarra taldeko laugarren pibota izateko fitxatu zuen Lointek Gernika Bizkaiak, baina lesioak tarteko, zenbait partidatan pibot ia bakarra izan da eta titular postua bere egin du, Patricia Bura kroaziarrak erreleboa ematen dion bitartean. Bada, portugaldarrak 14 puntu eta 11 errebote eskuratu ditu, eta horrez gain ohi duena baino askoz seguruago aritu da jaurtiketa libreetan.

Da Silvarekin batera, Andrijana Cvitkovic hegal-pibot kroaziarrak ere demaseko lana egin du, 13 puntu eta 6 errebote pilatuta. Uztaipean nagusi izan dira bizkaitarrak eta nagusitasun horri esker bigarren aukera dexente izan dituzte, eta bigarren aukera horiek baliatu dituzte neurketan azkenean izan den aldea ateratzeko.

Laura Spreafico eta Itziar Ariztimuñok ere izan dute zeresanik bizkaitarren garaipenean. Antolatzaile bilbotarrak 6 puntu eta 6 asistentzia eman ditu, eta partidari ia azken puntua jarri dio markagailua 66-58 dela ohostu eta kontraerasoan sartu duen saskiratzen bati esker.

Izan ere, play-offetara begira puntu aldeak ere aztertu egin behar dira orain. Hau da, Benbibreren kantxan 58-51 galdu zuten bizkaitarrek eta puntu aldea berreskuratzeko sekulako lana egin dute Anna Montañanarenek. Hortxe hartu du indarra Spreaficoren lanak. Hegaleko italiarrak bere puntu ia guztiak partidako azken minutuetan sartu ditu, tartean bi hiruko. Hiruko horiei esker zabaldu du aldea Lointek Gernika Bizkaiak, Malosten bildu diren ikusleei partida bikain askoa goza araziz.

KUTXABANK ARASKI 82 - ENSINO 65

Abenduaren 27tik etxean irabazi gabe zegoen Kutxabank Araski eta harrezkero lau partida galduta zegoen talde gasteiztarra, halakoren baten bolada txarra amaitu duen arte. Denboraldiko hamabigarren garaipena eskuratu dute arabarrek eta behin behineko sailkapenean seigarren jarri dira orain. Datgorren astean Salamancan eta Gernikan jokatu behar dutela aintzat hartuta, arnasa hartzeko balio izan die garaipen honek.

Aspaldiko partez Maria Asurmendirik onena ikusi ahal izan da Mendizorrotzan. Aspaldion punteria galduta zebilen Iruñeko antolatzailea, baina zapatu honetan 14 puntu, 6 errebote eta beste 6 asistentzia lortu ditu, eta Kutxabank Araskik uneoro jokoan zein erritmo ezarri asmatu du.

Bestalde, Tanaya Atkinsonek 18 puntu sartu ditu –baita lau baloi ohostu ere–, baina hegaleko estatubatuarraren puntuez –Asurmendi ahantzi gabe–, Holopainen, Chagas eta Chatrice White ere hamar puntuen langa horretara iritsi dira.

Aurreneko laurdena izan ezik, 20na amaitu baita, beste guztietan gailendu dira gasteiztarrak. Egia de Ensinok hirukoietan oso egun petrala izan duela, 21 saiakeratik 3 baino ez baititu sartu, 25etik 10 saskiratu dituen bitartean Mendizorrotzako taldeak. Horrez gain, erreboteetan nagusi izan dira etxekoak, punturik sartu ez duen Diarra, Asurmendi bera edota Chatrice Whiten lanari esker.

Urrutitik asmatu ezinik, talde galiziarrak Paula Ginzo, Roundtree eta Giomi piboten puntuei esker mantendu da jokoan, baina azken laurdenak aurrera egin ahala, Kutxabank Araskiren aldea hamar puntuz goitik egonkortu da, Asurmendi, Burani edota Flor Chagasen hirukoei esker. Horri aurre egin ezinik, besoak jaitsi ditu azkenean Lugoko taldeak, gasteiztarren mesederako.