INFO

Euskal Errepublikaren aldeko eta NATOren aurkako aldarria egin du Ehunek Bardeetako poligonoan

Ehun mugimenduko kideak Bardeetako poligono militarrean sartu dira eta kate bat eta kartel bat hautsi dituzte euskal errepublika eta NATOtik irteera aldarrikatzeko. Espainiar eta frantziar Estatuak NATOren «txotxongiloak» direla salatu dute.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


«Espainiarengandik eta Frantziarengandik ez dugu ezer espero, horregatik, kasu honetan ere, argi dugu aldebakarrez jokatu behar dela. Bide horretan, gu hasi gara NATOko hiltzaileak gure herritik bidaltzeko xedez, Bardeetako poligono militarreko lurrak euskal errepublikaren izenean desjabetzen. Hori da gaurko ekintzarekin egin duguna. Hori da bidea», esan du Ehun mugimenduak bere ekintzaren berri emateko argitaratutako oharrean.

Izan ere, 37 urte igaro dira Hego Euskal Herriak NATOri ezezkoa eman zionetik eta urte luze hauetan euskal herritarren hitza ez dela errespetatu salatu du Ehunek.

«Espainian eta Frantzian jarraituz gero, ezinezkoa egingo zaigu NATOtik ateratzea eta, ondorioz, gero eta orokorragoa izango den gerra egoeran buru belarri sartuko gaituzte. Frantziak eta Espainiak gerran nahi gaituzte», azaldu du.

Euskal herritarren «aukera zentzuzkoena» euskal errepublika dela uste du Ehunek, «NATOtik ateratzeko, mundu guztiarekin errespetuzko harremanak edukitzeko eta, azken finean, bizitza duinak izateko».

Espainiar eta frantziar Estatuak NATOren «txotxongiloak» direla salatu du. «Bakearen eta antimilitarismoaren aldeko borrokak, gaur eta hemen, NATOtik ateratzea esan nahi du derrigorrean. Eta NATOtik ateratzeak, derrigorrean, euskal errepublika esan nahi du. Gurean, gerraren kontrako borroka errepublika propioaren aldeko borroka da», gaineratu du.