INFO

‘Txikia’-ren belaunaldiaren «nazio susperraldia» egungo garaira ekarri nahi du Harro Hadik

1960. eta 1970. hamarkadetan Eustakio Mendizabal ‘Txikia’-ren belaunaldiak Euskal Herrian bultzatu zuen «nazio susperraldia» gogoratu eta gaurko garaietara ekartzea du helburu nagusi bezala gaur Itsasondon aurkeztu duten Harro Hadi dinamikak.

Harro Hadi dinamikaren aurkezpena, gaur Itsasondon. (Idoia ZABALETA | FOKU)

1960. eta 1970. hamarkadetan Euskal Herria eman zen «nazio susperraldiaren» espiritua jaso eta gaur egunera ekarri. Hori da gaur Itsasondon aurkeztu den Harro Hadi dinamikaren helburua.

«50 urte egingo ditu, apirilaren 19an, aurten Eustakio Mendizabal Benito ‘Txikia’ Algortan poliziak tiroz hil zuenetik. Aurten beteko dira, halaber, 52 urte ‘Ez Dok Amairu’ kultur mugimenduak Larraitzen kontzertu batean milaka gazte batu zituenetik. 55 urte aurten, euskara batuaren oinarriak ezartzeko Arantzazun batu zirela», gogoratu dute gaurko aurkezpenean.

«Zerrenda asko luza genezake. Aurreko mendearen 60ko eta 70ko hamarraldiek askorako eman baitzuten. Gure nazioarentzat susperraldi berri baten garaia izan zen hura: hizkuntzaren berpiztea, euskal kulturaren adierazpen eta mugimenduen bultzada, ikastolen sorrera, eta abar. Txikiaren burkide eta lagun min Jose Manuel Pagoaga Gallastegi ‘Peixoto’-k ‘ereintza aroa’ deitu zion 60ko hamarraldi hari», gaineratu dute.

«Txikiaren belaunaldiak garai hartako Euskal Herriarentzat bide bat imajinatu eta abian jartzen asmatu zuen; Euskal Herriaren historiari kapitulu erabakior bat gehitzeari ekin zion. Hori baita herri baten historian belaunaldi bakoitzak duen egitekoa. Eta hori baita orain ere Euskal Herri aske batean sinisten dugunon egitekoa eta ardura», aldarrikatu dute.

«Garai berrietara egokitzeko eta aukerak baliatzeko beharra dute herriek. Are gehiago gurea bezala estaturik gabeko herria bada. Duela mende erdi pasatxo gure aurreko haiek egin zuten moduan, nazio susperraldi berri bati ekitea dagokigu. Hemen eta Orain. Aurreko belaunaldiek irekitako bideetatik ibiltzea eskatuko digu horrek, nahitaez. Baina bide berriak imajinatzea eta horietatik ere ekin eta jarraitzea eskatuko digu. Horixe baita Txikiaren belaunaldia oroitu eta omentzeko egin dezakegun ekarpen handiena», nabarmendu dute.

«Azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazle Maialen Lujanbiok esan zuen agurrean: ‘Herriak ta hizkuntzak zuten norantzari, gai geyo lotu zaio lehengo ardatzari’. Horra hor hitz gutxitan garai honek eskatzen duen nazio susperraldiaren funtsa: euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka gai berriekin josten asmatzea. Eta joskintza horretatik ekitea. Ekinaren ekinez jartzen baita martxan herri bat», azaldu dute.

«Ekin diezaiogun beraz. Aktiba ditzagun Euskal Herriaren luze zabalean martxan diren indar komunitarioak. Saretu ditzagun nazioa egunero egiten duten iniziatibak. Eta sortu ditzagun berriak, egungo errealitate eta begiradek ernaberritu dezaten urteetan ereindako naziogintza lana», erantsi dute.

50 lagunek sinatu dute dinamika honen manifestua.

Ekitaldiak martxan

Harro Hadi ekimenak dagoeneko antolatu ditu lehen ekitaldiak. Lehena hilaren 11n, heldu den larunbatean, 12.00etan Itsasondoko frontoian egin den ekitaldi politikoa da. Bazkaria ere prestatu dute egun horretarako.

Dinamikari amaiera emateko beste ekitaldi bat dute aurreikusita, apirilaren 22an Algortan.

Tartean, Itsasondon hilaren 22an garaiko belaunaldiari buruzko hitzaldia izango da. Apirilaren 7an Elorrioko Gazte Topagunearekin bat egingo dute. «orduko nazio susperraldiak emandakoaz eta egungo belaunaldiok dugun erronkez aritzeko». Apirilaren 20an, Algortan, euskal kulturgintzaren azken hamarkadetako bilakaeraz arituko dira Laura Mintegi eta Itxaso Paia.