INFO

Denek ardi larruz jantzi nahi dute finalerdietako ligaxka hasi aurretik

Laso-Imazek eta Altuna-Tolosak elkarri bota diote faboritoaren zama Gasteizko igandeko partidaren aurretik.

Lau pilotariek gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin. (ASPEPELOTA)

Azken egunetan tenperaturek gora egin badute ere, jakina da bost hilabeteren ostean lehen mailako txapelketa bat hartuko duen Gasteizen hotz egin ohi duela urteko sasoi honetan eta Gorbea aldea zurituta ikusita edo, ardi larruz jantzi nahi izan dituzte euren buruak igandean elkarren aurka arituko diren Laso-Imaz eta Altuna III.a-Tolosak. Partida garrantzitsuak material aukeraketetan jokatzen hasten direnaz jakitun, bikote bakoitzak besteari utzi dio faboritoak bizkar gainean eraman ohi duen zama, horretarako arrazoi ezberdinak emanaz.

«Finalerdietan egonda helburua finala da baina argi daukagu nondik gatozen, txapelketa hasieran aipatzen ziren hiru bikote faboritoak justu gurekin  finalerdietan daudenak dira eta alde horretatik. nik uste guk ez dugula inolako presiorik eta alde horretatik lasai gaude», aipatu du Jokin Altunak, aurkarien mailari erreparatua.

Amezketarraren hitzek ez dute arerio izango duen Ander Imaz batere konbentzitu. «Jokin ez bada faboritoa txapelketa batean...nik uste momentuko pilotaririk onena  dela, jokatzen dituen txapelketa guztietan faboritoen artean bera dago», bota du oiartzuarrak.

Erregulartasunik gabe

Unai Laso bat etorri da bere atzelariak esandakoarekin eta Binakakoan orain arte batzuek ete besteek egindakoa hartu du argumentu modura. «Nik uste argi dagoela, beraiek bigarren izanda sartu dira finalerdietan, Jokin maila oso onean  ikusten dugu eta Tolosa ere txapelketa ederra jokatzen ari da. Gu irregularrak izan gara txapelketa osoan zehar, beraiek oso erregularrak eta nik uste eurak direla faborito. Baina biak leku berera heldu gara eta finalerdietan edozer gauza gerta daiteke, tentsioak ere izaten du zeresanik», azaldu du. Bizkarreta-Gerendiaingoak onartu du ez daudela iazko sasoi puntuan, baina argi du asteburuan txapelketa berri bat hasten dela eta badu konfiantzarik bere buruarengan.

Lauretan, Xabi Tolosa da finalerdietan estreinatuko den bakarra, baina lasai omen dago, orain arte egindako lan bikainak konfiantzaren depositua goraino bete diolako. «Egia esan oso lasai nago, orain arte egindako txapelketak lasaitasun handia ematen dit. Egindako lanarekin oso gustura nago, esperientzia berri bat izango da eta, egia esan, igandea heltzeko desiatzen nago», aipatu du anoetarrak.

Igandean jokatzeko aukeratu dituzten pilotekin laurek amaitu dute pozik. Are gehiago, gorriz arituta, Laso-Imazi egokitu zaie lehenengo aukeratzea eta Altuna-Tolosak onartu dute lehenengoak eurak izan balira, Baikokoek aukeratutako hiru pilotak apartatuko litzuketela.