INFO

EH Bilduren oinarriek maiatzaren 28rako proposatutako hautagaitzak berretsi dituzte

Joan den ostegunetik larunbatera bitartean egin zituen EH Bilduk foru eta udal hauteskundeetarako proposatutako zerrenda gehienak berretsi edo baztertzeko bozketak. Koalizioaren oinarrien babes zabala lortu dute.

EH Bilduren hiriburuetako, Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako hautagaiak. (EH Bildu)

EH Bilduko Hauteskunde Batzordeek udal eta foru hauteskundeetarako proposatutako zerrendak berretsi edo baztertzeko bozketak egin zituzten joan den astean. Ostegunetik larunbatera bitartean, koalizio subiranistaren oinarriek aukera izan zuten proposamenak bozkatzeko eta aurkeztutako zerrenda gehienek babes zabala lortu dute.

«EH Bilduren zerrendek bere oinarrien babesa izango dute hauteskundeei begira», adierazi du ohar batean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru eta udal hauteskundeak eta Nafarroako udal eta Parlamentuko hauteskundeak maiatzaren 28an egingo dira, eta EH Bilduren oinarriek babestu egin dituzte aurkeztuko diren zerrenda gehienak. Izan ere, ez dituzte den-denak aurkeztu oraindik.

Gasteizko zerrendako hautagai guztiek jaso dute, gutxienez, bozkatu dutenen %80aren baiezko botoa eta antzekoak izan dira emaitzak Arabako gainontzeko herrietan. Arabako Batzar Nagusietako zerrendetako blokeen bozketan %91 baino gehiago izan dira baiezko botoak barruti denetan, Gasteizko, Aiaraldeko eta Lur Jareetako barrutietan, alegia. Bilkideen bozketan hautagai guztiek %90etik gorako babesa jaso dute, Gasteizko Barrutiko zerrendan izan ezik; zerrenda horretan bozen %69 baino gehiago izan dira baiezkoak.

Bizkaiko herrietarako proposatutako zerrenda ia denek %90etik gorako babesa lortu dutela jakinarazi du EH Bilduk. Batzar Nagusietarako hautagaiak ere berretsi dituzte oinarriek. Blokeen bozketan hautagaiek jasotako botoen %87,70a baiezkoa izan da Bilboko barrutian, %95a Busturia-Uribekoan eta %97a baino gehiago Durango-Arratiakoan eta Enkarterrikoan. Bilkideen bozketan %92tik gorako babesa eskuratu dute proposamenek barruti denetan, Bilbokoan izan ezik, %80koa izan baita.

Donostiako Udalerako proposatutako zerrendako hautagai guztiek %80tik gorako babesa jaso dute eta Gipuzkoako gainontzeko herrietan are zabalagoa, %90tik gorakoa. Batzar Nagusietarako blokeen bozketan Donostialdeko, Bidasoako, Deba-Urolako zein Oriako barrutietan %93tik gorako babesa jaso dute blokeen bozketan hautagaiek. Bilkideen bozketan Bidasoako barrutiko botoen %87a izan dira baiezkoak eta gainontzekoetan %91 baino gehiago.

Iruñeko Udalerako zerrendak ere, Donostiakoak eta Gasteizkoak bezala, %80ko babesa jaso du eta Nafarroako gainontzeko herrietan ehuneko horretatik gorakoa. Nafarroako Parlamenturako proposatutako zerrendari ere babes zabala agertu diote oinarriek. Botoen %92,76tik gora izan dira baiezkoak blokeen bozketan eta bilkideenean %89a baino gehiago.

Oinarrien bozketa

Ostegunetik larunbatera bitartean egin zituzten bozketak, EH Bilduko webgunearen bidez eta toki gehienetan baita aurrez aurre ere. Aurretik antolatutako beste galdeketa batzuetan egin izan duten bezala, oraingoan ere ez da beharrezkoa izan bilkide izatea bozkatu ahal izateko, izena ematea baizik.