Iruñeko Alde Zaharra salgai ez dagoela adierazteko kanpaina abiatu dute
Alde Zaharra salgai ez dagoela nabarmentzeko kanpaina bat martxan jarri du AZ Sare Komunitarioak. Hilaren 18a arte balkoi eta leihoetan «Salgai» dioten kartelak paratzeko deia egin du auzoak pairatzen duen merkantilizazioari aurre egiteko. Egun horretan, kartelak Burgoen plazan suntsituko dira.
Alde Zaharra ez dela saltzen adierazteko kanpaina martxan jarri du AZ Sare Komunitarioak. Bi astez, balkoi eta leihoetan «Salgai» dioten kartelak jartzeko deialdia egin dute auzoa eta bertako espazio publikoaren merkantiliazioaren aurrean.
Kartel guztiak hilaren 18an, 12.30ean Burgoen plazan egingo den ekitaldian suntsituko dira. Kartelak eskuratu nahi dituzten auzotarrek Plazara!-n (Kale Nagusia, 31) eta Auzoenean (Aldapa kalea, 3-5) arratsaldeetan eta SOS Arrazakeriaren egoitzan (Zapateria kalea, 31, 1.) goizetan jaso ahalko dituzte.
«Ostalaritzako establezimenduen dentsitate izugarria, hiri osoko apartamentu turistikoen erdia baino gehiago Alde Zaharrean egotea, aisialdiko jarduerak eta auzoan bizi diren pertsonekin zerikusirik ez duten ekitaldiak egiteko kale eta plazen okupazio etengabea edo espazio publikoa pribatizatzeko amaigabeko prozesua dira, besteak beste, Alde Zaharreko hainbat kolektibok aspalditik salatzen dituzten errealitateetako batzuk», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.
Ibilbide-orria
Hori izan zen AZ Sare Komunitarioak urrian egin zituen auzo-jardunaldietan jorratu zuen gai nagusietako bat. Jardunaldi horietatik aurrera lantalde bat sortu zen arazo honi heltzeko. Lantalde horrek ekintza programa zabal bat prestatu du, horren barruan ‘Alde Zaharra ez da saltzen’ kanpaina.
Alde Zaharreko bizi-baldintzen okertzea, espazio publikoen galera eta auzo-interesen aurrean interes ekonomikoen nagusitasuna direla eta, lantaldeak hamar puntu ezartzen dituen ibilbide-orria prestatu du, «auzoteri aktiboaren bidez» bizi nahi duten auzoa eraikitzeko, espazio publikoen eta komunaren defentsa erdigunean jarriz.
Puntuek hainbat alderdi jasotzen dituzte, horien artean, ostalaritzako establezimenduen kopurua eta horien terrazek okupatutako espazio publikoa kontrolatzea eta murriztea; auzokoak ez diren ekitaldien kopurua gutxitzea eta jarduerak auzoan bizi diren pertsonak errespetatuz garatzea, edo Alde Zaharrean ostatu turistikoen plazak murriztea. Ibilbide-orriko puntuek honi ere heltzen diote: etxebizitzaren arazoari, auzoko premiei erantzungo dieten espazio publikoen eta horniduren beharrari eta, konfiantzan oinarritutako segurtasun ereduaren aldeko apustua egiteko, bideo zaintzako kamerak kentzeari.