INFO
Elkarrizketa
Elene Lopetegi eta Ainhoa Olaso
Euskal Herriko Bilgune Feminista

«Mugimendu feminista indartsu dago; berriz artikulatu behar dugu»

Lehen inflexio puntua Martxoaren 8an jarri dute, baina epe ertain eta luzerako prozesu bat abiatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Aurkeztu duten dinamika «gauzak aldatzera dator, edukiak herriz herri landuz». Garrantzitsua iruditzen zaie tokian tokiko militanteak kontuan hartzea. 

Elene Lopetegi eta Ainhoa Olaso. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Herri mugimenduak apaldu ditu pixka bat pandemiak, eta horren arduratik, egunerokotasuneko zeregin eta krisietatik, mugimendu feministak planteamendu bat jarri du mahai gainean. Joan den otsailaren 1ean egin zuen publiko, baina 2022tik dago martxan. «Apaltasun horretatik, desaktibazio momentu horretatik irteteko eta eraldaketarako palanka izan daitekeela uste dugu», adierazi zuten atzo Elene Lopetegi eta Ainhoa Olaso Euskal Herriko Bilgune Feministako kideek NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.

«Herriz herri, auzoz auzo eta eskualdez eskualde, Euskal Herri mailako koordinazio batekin, hainbat gogoeta eta aldarrikapen atera eta partekatzea egoerari buelta emateko aukera ona izan daiteke zentzu askotan», defendatu zuten.

Izurritearen ostean «desaktibazioa» eta batez ere «desartikulazioa» nabaritu dute. Covidaren aurretik bi greba egin ziren Martxoaren 8an. «Bazen ekimen bat Euskal Herri osoko mugimendu feminista osoa batu behar zuena, eta pandemiak bai eragin du desartikulazio horretan: bakoitza bere herrian, bakoitza berera».

Halere, aurtengo Martxoaren 8ko aurkezpenak gaur egungo egoeraren argazkia ateratzeko oso baliagarriak direla uste dute: «Espero ez genuen herrietan ere kartelak ikusi ditugu: manifestazioak, kontzentrazioak, hitzaldiak... Euskal Herrian badago mugimendu feminista indartsu bat, baina dinamika bat behar dugu berriz ere artikulatzeko».

Martxoak 8tik egunerokora

Inork pentsa dezake hedabideok ere mugimendu feministaz gogoratzen garela Martxoaren 8a hurbiltzen den aldiro. Bilguneko kideak eguneroko lanean mugitzen dira, eta «Martxoaren 8tik aurrera ere agendak astintzera eta kaleak hartzera» doaz. Aitortu zutenez, nahiko lukete egunerokoan ere halako elkarrizketa gehiago egitea. Feminismoaz Martxoaren 8an edo Azaroaren 25ean soilik hitz egitearen eta gainerako egunetan kasurik ezegitearen atzean «interesak» ikusten dituzte. «Gure aldarrikapen guztiak egiturak aldatzeko dira: legeak, merkatua, zaintza... eta horrek negoziorik gabe uzten ditu batzuk». Erantsi zutenez, askotan pasatzen da mugimendu feministak esaten dituen kontu batzuk hartu, edukiz hustu eta azaleko proposamenak egitea titular bihurtzeko, baina benetan aldaketarik gabe.

«Hori ondo datorkie aldaketarik gura ez dutenei. Hainbat esparru dira: instituzioak, alderdiak, gizonak. Botereguneetan dauden gizonak».

Grebak

Azken greba feminista egin ostean, Durangoko Bilgune Feministaren topaketetan 3.000 lagunetik gora elkartu zirela nabarmendu zuten bi kideek. «Edukiz betetako mahai inguruak eta ehundik gora tailer» egin zituzten. Topaketa hartan «antolakuntza eta agenda konpartitu baten beharra» zegoela ondorioztatu zuten, eta «denon bizitzak erdian jartzera» dator plazaratu berri duten dinamika hau.

«Lehen inflexio puntua Martxoaren 8an jarri dugu, baina epe ertain eta luzerako prozesu bat da. Gauzak aldatzera dator, edukiak herrietan lantzetik. Oso garrantzitsua da hori, oinarrian gauden militanteon berbak eta mugimendua kontuan hartzea. Eraldaketarako oinarri sendoa ematen du horrek».

Grebei buruz esan zuten borrokarako tresna bat direla eta ondo erabaki behar dela noiz erabili, zein testuingurutan. «Batez ere lehendabizikoa anbizioz betea izan zen, biak ondo atera ziren, baina ezin duzu Martxoaren 8a greba egun bilakatu etengabe. Tresna agortuko luke horrek. Ikusiko dugu ze tresna gehiago erabili etorkizunean».

Zaintza

Aurtengo Martxoaren 8ko gaitzat zaintza hartu dute. Elene Lopetegik eta Ainhoa Olasok azaldu zutenez, zaintza sistemak jendartea egituratzen du. «Oso txapel handia da, gauza asko kabitzen dira barruan: emakume askoren bizi baldintzak, gure lurra zaintzea, gure harremanak, nola atera eredu indibidualistatik... Hori guztia aldatu nahi dugu, eta urgentziak zeintzuk diren erabaki behar dugu».

Hainbat galdera eta hausnarketa proposatu dituzte. Adibidez, «denok zaintzarako eskubidea edukitzeko, eskubide kolektibo hori bermatzeko, zer behar dugu? Lan baldintza duinak, denbora, etxebizitza, eta gure herria pentsatua egotea hori guztia emateko».

Alde batetik, instituzioen ardurari begiratzen diote: legeak, hezkuntza... Eta, bestalde, komunitateari. «Zelan egituratzen ditugun harremanak, familiak, sareak. Ardurak oso esparru ezberdinetan ematen dira, eta horretara guztira heldu gura dugu». Lehentasunak izango dira, baina begirada plano zabal batera eraman nahi dute.