INFO

Emakumeak basozain; zaletasuna lanbide bihurtu dute

Nafarroak izan zuen Estatuko lehen emakume basozaina, 1983. urtean: Carmen Orellana. Hark irekitako bideari esker, urte hauetan gehiago izan dira lantaldera iritsi diren andrazkoak, oraindik gutxi batzuk diren arren.

Maria Martinez iruñarra (ezkerrean) Lizarran dabil basozain lanetan, eta Amaia Elia lizartarra (eskuinean), Tuteran. (NAIZ)

Nafarroan basozain lanetan dabiltzan emakume gutxietako bi dira Amaia Elia Toledano eta Maria Martinez Labiano. Lehenengoa Lizarrakoa da, eta Tuteran egiten du lan; bigarrena, aldiz, iruindarra da eta Lizarrako lantaldean dabil. Pixkanaka emakumeak sartzen ari dira, baina lanbidea bera ere oraindik ezezaguna dela diote. Pozik dabiltza biak ere beren lanpostuetan, betidanik nahi izan zuten hori egiten ari baitira, zaletasuna ogibide bihurtuta.

Biek ala biek argi izan dute betidanik naturan lan egin nahi zutela. Amaia Eliak osaba bat zuen basozaina eta begiko zuen haren lanbidea: «Txikitatik garbi izan nuen naturan edo animaliekin lan egin nahi nuela. Batxilergoaren ostean, Lanbide Heziketa egin nahi nuen; bila hasi eta hau topatu nuenean, argi izan nuen. Bukatzean, hala ere, unibertsitatera joan nintzen, Ingeniaritza egitera, baina horrekin lotutako lana ez zitzaidan hainbeste gustatu».

Maria Martinezek, aldiz, Batxilergoko orientatzailearen hitzei kasurik ez egitea erabaki zuen: «Esan zidan ea argi nuen, mutilen lana zelako. Hala ere, ni oso burugogorra naiz eta guztiz argi izan nuen. Nire herriko basozainak ezagutzen nituen; beraz, niretzat ez zen arazoa gizonekin lan egitea».

Batak zein besteak badute eskarmentua jada. Amaia Elia, esaterako, 2019an hasi zen basozain lanetan; hasieran hiru hilabete egin zituen Aezkoan, gero Erronkarin ibili zen, eta hortik gaurko Tuterako lantokira iritsi zen, 2019ko azaroan. Martinezen ibilbidea are luzeagoa da; hamalau urte daramatza, ikasketak bukatu eta lanean hasi baitzen. «Lehen oposizioak egin nituen 18 urte nituela, eta geroago beste batzuk. Horrela, 2009an hasi nintzen, Tafallan eta Tuteran. 2019tik nabil Lizarran. Beti hegoaldean ibili naiz, niri gehiago gustatzen zait, oso bariatua baita. Gainera, mendian gaude eta bulegoa oso polita da».

Horrela bada, orain arte bizi izandakoarekin, oso pozik daude. «Oso bokazionala da; zerbaitek erakartzen zaitu eta zaletasuna lana izatera pasatzen da. Aukera da zure alea jartzeko administrazioan», esan du Martinezek. «Oso gustura nabil, uste nuena baino hobeto. Nafarroako Erribera ez da Nafarroako lekurik politena eta lana ere oso desberdina da hemen, baina badu bere xarma. Hiru urte hauetan leku oso politak ikusi ditut. Milaka gauza dituzu egiteko eta lanak baditu bere alde txarrak ere, polizia lana-edo eginbehar duzu eta zigorrak ezarri», azaldu du Eliak.

Edonola ere, biek argi dute sekula ez dituztela bi lanegun berdin izaten: «Gure lanbidearen onena da egun guztiak desberdinak direla», azaldu du Martinezek, eta arrazoia eman dio Eliak: «Egunaren arabera oso desberdina da. Orain, adibidez, eperrak zenbatzen hasiko gara, datuak atera eta datorren urtean zenbat ehizatu daitezkeen erabakitzeko. Suteak, esaterako, udan izaten direla pentsatzen dugu, baina orain ere egoten dira txikiagoak. Mendian goazela, zoritxarrez, zabor pila topatzen dugu, eta Erriberan, are gehiago... Eta gauza horiek ere kudeatu behar dira».

Gizonen mundua

Gizonak dira basozain gehienak, eta Elia eta Martinezen kasuan, biak dira euren lantaldeetako emakume bakarrak. «Nire garaian, 24 ginen klasean eta horietatik 5 ginen neskak, eta bazen zerbait. Orain, hamar gara Tuteran eta ni naiz emakume bakarra». Martinez antzeko dabil: «Lizarran 11 langile gaude eta ni naiz emakume bakarra, baina lankide bat amatasun bajan dago».

Hori bai, ez batak ez besteak ez dute lankideekin arazorik izan: «Gizonekin lan egitea ez daramat batere gaizki, ez naiz desberdin sentitzen. Pertsonekin lan egiten dut, generotik kanpo», azaldu du Martinezek. «Ohituta nago gizon artean lan egitera. Egia da beste emakume bat etortzen denean, askatu egiten zarela. Baina oso gustura nago», gehitu du Eliak.

Hala ere, euren lanpostuetan esperientzia txarrak izan dituztela argi utzi dute. Askotan pasatu zaie telefonoa hartu eta, erantzuten duena emakumea dela entzutean, basozainarekin hitz egin nahi dutela eskatzea, edo lankide batekin badoaz, bestearengana zuzentzea jendea, nagusia izango balitz bezala. Eliak, baina, benetako errespetu falta behin izan duela dio: «Dei bat izan genuen, nahiko maila altuko gizon batena, eta ‘txata’ deitzen zigun. Ni sutan, haserre, baina askotan ez dakit nola erreakzionatu ere».

Ezagutaraztea eta zabaltzea

Martinezen ustez, basozaintzaren erronka nagusia da lanbidea ezagunagoa izatea. «Orain %15 gara emakumeak; iaz, %10. Ni ez naiz zifrekin obsesionatzen, ezagutzarekin baizik, kolektibo gisa». Eliak ere antzeko diskurtsoa du: «Oso mundu txikia da eta orokorrean ez da ezaguna. Emakumeek ez dute ezagutzen edo beste gauza bat izatera bideratzen dituzte. Lehen pausoa ezagutzea izango da, eta horrela errazagoa izango da emakumeak egotea. Denek dakite mekanikariak badaudela, baina zenbat emakume dabiltza lan horretan?».  

Martxoaren 8ari begira ere bota dituzte euren erronkak. «Nire erronka litzateke bakoitzak nahi duena egitea, inolako arazorik gabe, inork oztoporik jarri gabe; denek aukera berak izatea», esan du Eliak. «Nire alea jartzen jarraitu nahi dut, emakumea eta basozaina izateagatik, eta orokorrean, babesa eman nahi diot feminismoari. Esan daiteke orain borroka atseginagoa dela, gauzak lortzen ari gara eta motibagarriagoa da. Adibidez, emakumeak ardura postuak lortzen ari dira; eta nire nagusia emakume bat da, lehen aldiz».

«Bakoitzak bere ametsak jarraitzen ditu eta beraiek indar handia izan zuten»

Iaz omenaldia egin zien Nafarroako Gobernuak lehenengo emakume basozainei, eta elkarrekin egoteko aukera izan zuten, gaur egungoekin batera. Hain zuzen, 1983ra arte, espainiar Estatuan  basozain izateko baldintzetako bat gizona izatea zen, eta Nafarroan hasi zen lehen emakumea: Carmen Orellana. «Ez dakit ausartak izan ziren, gustuko zerbait egitea eta aurrera egitea erabaki zuten. Bakoitzak bere ametsak jarraitzen ditu eta beraiek indar handia izan zuten», esan du Eliak.

Hala, Elia iazko topaketa hartan izan zen eta oso aberasgarria izan zela esan du: «Esperientziak ezagutzea oso polita izan zen. Aurretik batzuk elkar ezagutzen genuen, baina gauza horiek ez genizkion elkarri kontatu. Entzun genuen nola tratatzen zituzten hasieran eta nolako gauzak pasa izan zituzten... Eskerrak asko aurreratu dugun! Hogei urte nituela hasi izan banintz, ez dakit gai izango nintzatekeen aurrera egiteko».

Duela gutxi izan da Martinez ere Orellanarekin, basozainek Logroñon egindako topaketa batean: «Omenaldi bat egin zitzaion jubilatzear dagoen Carmen Orellanari, eta kontatu zuen ez zela konturatzen momentu hartan denentzat bidea irekitzen ari zela. Atzetik egon direnek ere borrokatu behar izan dute, eta agian ni ere orain ari naiz, baina orain ez naiz kontziente». Edonola erę, lanean daramatzan urteetan, hobera joan direla dio Martinezek: «Uste dut bidea luzea dela, baina orain askoz inklusiboagoa da. Uniformea, adibidez, hasieran, ez zen emakumeentzat egokitua».