INFO

21 euskal ekoizpen hartuko ditu Malagako zine jaialdiak, horietatik 14 emakumeek zuzenduak

Malagako zine jaialdia ostiral honetan abiatuko da eta bertan 21 euskal ekoizpenek hartuko dute parte, horietatik 14 emakumezko zuzendarienak. Sail Ofizialean lehiatuko dira ‘20.000 especies de abejas’, ‘Upon Entry’, ‘Una vida no tan simple’ eta ‘Las buenas compañías’.

‘20.000 especies de abejas’ filmeko fotograma. (NAIZ)

Malagako zine jaialdiak 21 euskal ekoizpen aukeratu ditu ostiral honetan hasi eta hilaren 19an amaituko den 26. edizioan parte hartzeko, horietatik 14 emakumeek zuzendu dituzten filmak.

Sail Ofizialean Estibaliz Urresola Solagurenen ‘20.000 erle espezie’ filma proiektatuko da, Berlinalen lortutako arrakastaren ondoren: harrera ederra jaso zuen kritikaren eta publikoaren aldetik, eta Sofia Otero protagonistak Zilarrezko Hartza irabazi zuen bere interpretazioagatik.

Halaber, Biznaga sarietako bat eskuratzeko lehiatuko dira Alejandro Rojasen eta Juan Sebastian Vasquezen ‘Upon Entry’, Felix Viscarreten ‘Una vida no tan simple’ eta Silvia Munten ‘Las buenas compañías’.

Gainera, film laburren atal ofizialean Leire Apellanizen ‘La concha’ ikusi ahal izango da; Albert jasangarritasuneko zigilua lortu duen Euskal Herrian filmatutako fikziozko lehen film laburra da. Halaber, Zinebiko azken edizioan parte hartu zuen Mikel Uralderen ‘Hormak’ proiektatuko da, bai eta Estibaliz Urresola Solagurenen ‘Cuerdas’ ere.

Bestalde, Animazine Sail Ofizialak emakumearekin lotutako auzi sozialak jorratzen dituen Sonia Estevezen ‘Txotxongiloa’ film laburra eskainiko du.

Cinema Cocina sailean Beñat Gerekaren ‘Itsasoak pizten gaitu’ proiektatuko da, Getariak itsasoarekin duen harremana aztertzen duen dokumentala. Halaber, euskal ordezkaritza izango da ‘Emakumeen eskubideak azpimarratuz’ atalean, eta Alejandra Bueno de Santiagoren ‘Ezohikoak’ ikusteko aukera izango da. Cineforumek Ana Murugarrenen ‘El hotel de los líos. García García 2’ filmaren proiekzioa hartuko du.

MAFIZ, industriaren gunea

Bestalde, Malagako zine jaialdiko MAFIZ industriaren gunean ere ez da euskal partaidetzarik faltako. Spanish Screenings saileko Regional Hub atalean, Ainhoa Andrakaren eta Zuri Goikoetxearen ‘Cabeza y corazón’ izango da ikusgai, bai eta Iratxe Fresnedaren ‘Tetuan’ ere.

Neo Screenings sailaren barruan bi euskal proiekzio izango dira: ‘La quietud en la tormenta’, Alberto Gastesiren lehen lana, eta ‘My Way Out’, Izaskun Arandiak The way out Londresko transgenero klubari buruz egindako dokumentala. Era berean, Malaga Short Corners atalaren barruan Sonia Estevezen ‘Malkoak’ film laburra proiektatuko dute.

Spanish Screenings sailaren eta, zehazkiago, Animation Day delakoaren WIParen baitan, Isabel Herguera zuzendari donostiarraren azken proiektua ezagutzeko aukera izango da. Lanaren izenburua ‘El sueño de la Sultana’ da, eta Malagara iritsiko da nazioarteko hainbat WIPetan parte hartu eta saritua izan ondoren. Bestalde, Animation Day-ko Market Screenings saioetan, Nuno Beatoren ‘Los demonios de Barro’ emango dute.

Next From Spain sailak, aldiz, Nagore Eceizaren ‘If You Wish To Make An Apple Pie’ azken lana hartuko du. Albertina Carriren ‘Caigan las rosas blancas’ genero gaietako road-tripak ere parte hartuko du, eta, azkenik, Málaga Work In Progress España atalean, Duero ibaiaren ertzean 50 urteko bi emakume elkartzen dituen ‘Sobre todo de noche’ proiektuarekin izango da Victor Iriarte.

Ohi bezala, Basque.Audiovisual ekimenak euskal ikus-entzunezkoen sektoreko berritasunak ezagutaraziko dituen erakusgunea izango du Malagan. Gainera, euskal ekoizpenen sareko katalogoaren bertsio eguneratua aurkeztuko da berriro eta ekimenaren webgunean ere eskuragarri egongo da.