INFO

Euskararen ezagutza gora doa Nafarroan: biztanleriaren laurdenak du ezagueraren bat

Nafarroako biztanleriaren ia laurdenak (%24,7) dauka euskararen gaineko ezagueraren bat eta %12k erabiltzen du bere egunerokoan. Erabilerak eta ezagutzak gora egin dute azken 30 urteetan; ordea, berau sustatzearen aldeko jarrerak behera egin du. Hala ondorioztatu du VII. Inkesta Soziolinguistikoak.

Iruñean aurkeztu dituzte ostiral honetan ikerketaren ondorioak. (Nafarroako Gobernua)

Euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dute Nafarroan azken 30 urteotan. Hala berresten du VII. Inkesta Soziolinguistikoak, 1991 eta 2021 urteen artean emandako eboluzioa xehatzen duen ikerketak. Ostiral honetan eman ditu xehetasunak Nafarroako Gobernuak.

Datu orokorrei erreparatuz, 16 urteko eta urte gehiagoko nafarren %14,1 euskalduna da gaur egun. Hazkundea %4,6koa izan da, izan ere 1991n %9,5ekoa zen euskaraz zekien populazioaren portzentajea. Euskaldun hartzaileek ere (euskaraz zerbait badaki, ongi mintzatzera iristen ez bada ere) gora egin dute epealdi berean: %4,6 izatetik %10,6 izatera pasa dira, hau da, %6 handitu da.

Milakoetara eramanda, euskaldunak 40.167 izatetik 76.784 izatera pasa dira; euskaldun hartzaileak berriz 19.300etik 57.834era igo dira. Hala, euskaraz aritu edo ulertzen dutenak 134.618 pertsona dira.

Adinaren arabera, euskararen ezagutzaren ehunekorik altuena nafar gazteen artean dago: %28 euskalduna eta %12,2 euskaldun hartzailea

 

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak ekitaldian ezagutzera eman duenez, laburbilduz, lau nafarretik batek euskaraz daki, gutxi-asko. Adinaren arabera, euskararen ezagutzaren ehunekorik altuena nafar gazteen artean dago: %28 euskalduna eta %12,2 euskaldun hartzailea. Ehuneko horiek Nafarroako eskualdeen arabera azterturik nabarmen aldatzen dira: eremu euskaldunean herritarren %62,3 eta gazteen %85,9 euskalduna dela dio inkestak.

Administrazioak egiten duen eremu antolaketaren arabera, 2021ean eremu euskaldunean biztanleriaren %62,3k daki euskaraz, eremu mistoan portzentaia %12,6ra jaisten delarik. Eremu ez euskaldunean, jendartearen %1,6k baino ez daki euskaraz.

Erabileraren atalean bi atal ezberdindu ditu ikerketak. Batetik, «euskaraz erderaz beste edo gehiago» egiten dutenak eta bestetik «euskeraz erderaz baino gutxiago» egiten dutenak. Lehenak %6,8 dira eta bigarrenak, %5,5.

Kezka jarreraren bilakaerarekin

Ordea, euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreren bilakaeran agertu dute kezka. Gaur egun biztanleriaren %30 agertu da aldekoa, 1991n baino %8,4 gehiago, baina duela hamar urte baino %7,7 gutxiago. Gazteen artean bada ere euskararen erabilerak izan duen gorakadarik handiena, multzo berean eman da jarrerarekiko beherakadarik handiena.

Hala, 2011n gazteen %41,8k bazuen erabilera sustatzearen aldeko jarrera, inkestaren arabera, gaur egun %27,2 dira.

VII. Inkesta Soziolinguistikoa (2021) Lakuak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak burutu duten eragiketa estatistikoa da, hiru erakunde publikoek euskara sustatzeko sinaturik duten Hiruko ituna protokoloan jasota dena. Hala bada, Inkesta Soziolinguistikoa Nafarroan ez ezik, EAEn eta Ipar Euskal Herrian ere egin da eta Nafarroako datuak dira aurkeztu diren lehendabizikoak.