INFO

Frankismoan Australiara lanera eta ezkontzera bidalitako emakumeak omendu dituzte Gernikan

Gernikan omenaldia egin diete ostiral honetan frankismo garaian Australiara lanera –eta ezkontzera, beraiek askotan jakin gabe– bidalitako emakumeei. Espainiar Estatuko 700 bat bidali zituzten ‘Marta plana’-ren baitan, Elizaren bultzadaz, eta euskal herritarrak ziren horietako asko.

Australiara bidaiatu zuten 7 emakumek hartu dute parte ekitaldian. (Gernikako Udala)

60ko hamarkadan Espainiar estatuko 700 emakume Australiara eraman zituzten ‘Marta Plana’ deiturikoaren baitan, Eliza Katolikoaren bultzadaz. Lanera joaten ziren, printzipioz, baina azken asmoa bertan ziren gizonezkoekin ezkonaraztea ere bazen, emakume horiek kasu askotan horretaz jabetu ez arren.

Egitasmo haren antzean «izkutukeria» handia zegoela frogatu zuten Natalia Ortizek eta Javier Castrok dokumental batean, ‘Ezkongaien hegazkina’. Ortizek Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, Estatu espainoletik joandako gizonezko asko zegoen han lanean, nekazaritza arloan, eta han jarrai zezaten pizgarri gisa erabiliak izan ziren emakume hauek.

 

Gaur ostiralean, 60 urte inguru pasata, emakume horiek omendu dituzte Gernikan, euren «ausardia» aitortuz. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin diete aitorpena eta orain Gernikan, Iruñean eta Getxon bizi diren zazpi emakumek hartu dute parte ekitaldian.

Bertan izan dira, halaber, José Julio Rodríguez Hernández, Espainiako Itzulera Politiken eta Hiritartasunaren atzerriko zuzendariorde nagusia; Gorka Álvarez Aramburu, Lakuako Atzerriko Euskal Komunitaterako zuzendaria; José María Gorroño, Gernikako alkatea; eta Boomerang Australia Elkarteko eta Euskal Australiar Elkarteko ordezkariak.

Lagundutako migrazio operazioa izan zen ‘Marta Plana’ eta haren bidez, Espainiako Gobernu frankistak eta Australiak Espainiar estatuko 700 emakume gazte baino gehiago Australiara bidaltzea erabaki zuten. Gazte horiek doako hegazkin-txartel bat jaso zuten bidaiatzeko, bi urteko etxeko langile kontratu baten truke.

Gernikan egin duten ekitaldian, orain Euskal Herrian bizi diren zazpi emakumek diploma, intsignia eta lore-sortak jaso dituzte. Bestalde, gaur Australiako Sydney, Melbourne, Perth eta Camberra hirietan egin diren antzeko omenaldietan, Espainiako agintariek ehun emigrante ingururi edo haien ondorengoei diplomak eta gutunak eman dizkiete.

«Etxera itzuliko ez zirela jakin gabe»

Gernikan, Stephanie Crespok, Nafarroako Boomerangeko presidenteak gogora ekarri ditu bere amonak bezala Australiara bidean itsasoratu ziren emakume «ausartak», «familiak atzean utzita, haietako asko etxera itzuliko ez zirela jakin gabe».

Emakume horien «kemena» nabarmendu du, halaber, Rodríguez Hernándezek, eta Boomerang Australia Elkartea eta Euskal Australiar Elkartea bezalako elkarteei emakume horiek oroitzeko egiten duten «lan ordainezina» eskertu die. Bestalde, Lakuako Gobernuko Kanpoko Euskal Komunitaterako zuzendariak esan du proiektu bat egingo dutela Australian euskal emigrazioaren memoria berreskuratzeko.

Gernikako alkateak adierazi du emakume horiek Euskal Herriaren «historiaren eta memoriaren» parte direla, «ausardiaren erreferente» direlako, «hain gazteak» izanda «urrun zegoen eta ezezaguna zuten» herrialde batera bidaiatu dutelako.