INFO

Nerabeei zuzendutako literatur lan bat lagunduko du EKE-Elkar bekak

Elkar fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak EKE-Elkar literatura beka sortu dute, Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera erakartzeko asmoz. 6.000 euroko laguntza emango du bekak eta edizio honetan nerabeei zuzendutako obra bat lagunduko du.

Nerabeei zuzendutako literatura izango da 2023ko ardatza. (Marisol Ramirez | FOKU)

Bi urtetik behin banatuko da EKE-Elkar literatura beka, Elkar fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen ekimenez sortu eta Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera erakarri nahi dituen beka berria.

Bekak 6.000 euroko laguntza eskainiko dio euskarazko literatura lan bat osatzen duen idazleari eta bi urtean behin idazlanaren generoa aldatu egingo dela aurreratu dute. 2023ko deialdi honetan nerabeentzako narrazioa jorratuko da (eleberria, eleberri grafikoa edo ipuin bilduma izan daiteke).

Bekarako hautagai izateko xedeak asteazken honetan argitaratu dituzte. Besteren artean, deialdira Ipar Euskal Herrian jaio edo bizi direnak aurkez litezkeela, lanak Ipar Euskal Herriko euskara batuan idatziak izan behar dutela eta berriak (alegia, argitaratu gabeak, saritu gabeak eta beste obra batetik moldatu gabeak) izan behar dutela nabarmendu dute.

Parte hartu nahi dutenek proiektuaren azalpen laburra (2-4 orrialde) eta lagin bat (8-10 orrialde) aurkeztu behar dute, horietan egilearen informaziorik eman gabe. Egiletzaren gaineko informazioa antolatzaileek gordeko dute, epaimahaikideek euren erabakia jakinarazi arte.

Lanak beranduenez ekainaren 30ean aurkeztu behar dira, ohiko postaz (Elkar argitaletxea. 9 Gouverneurs karrika. 64100 Baiona) edo posta elektronikoz (maia.etchandy@eke.eus) eta hiru kidez osatutako epaimahaiak uztailaren 31a aurretik jakinaraziko du ebazpena.

Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu erabakia jakinaraztean, eta beste 3.000 obra argitaratzean. Obra amaitua helarazteko 2024ko ekainaren 30era arteko epea izango du.