INFO

Mendoza (EAJ): «Turismoa aukera bihurtu behar dugu; ezin diogu mehatxu izaten utzi»

EAJren Gipuzkoako hautagaia den Eider Mendozak turismoaren aldeko apustua egin du Getarian egindako ekitaldi batean. Esan duenez, «turismoa aukera bihurtu behar dugu; ezin diogu mehatxu izaten utzi».

Eider Mendoza Getarian egindako ekitaldian. (EAJ)

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaia Getarian izan da igande honetan, alderdi jeltzaleak Urola Kostako alkategaiak aurkezteko egin duen ekitaldian.

Bertan azaldu duenez, «euskaldunok mendeak daramatzagu mundu zabalera irteten». «Azken hamarkadetan, hazten joan da alderantzizko bidea egiten dutenen kopurua ere, turismoaren gorakadaren eskutik», gaineratu du, adieraziz herrialde horretan Urola Kosta dela turismoa gehien erakartzen duen eskualdetakoa.

«Turismoa aukera bihurtu behar dugu; ezin diogu mehatxu izaten utzi», adierazi du, eta «oreka» ezibestekoa dela ohartarazi du. Izan ere, haren esanetan, «ekonomia jardueraz ari garenean, lehen sektoreaz eta industriaz ari gara, baina baita turismoaz ere».

«Gure kultura eta nortasuna erakargarriak dira, eta hauek balioan jarri eta ezagutarazten lagunduko digun turismo eredua da bultzatzen duguna», azpimarratu du.

Pasa den astean Donostiako alkate eta EAJren alkategai Eneko Goiak turismoa defendatu zuen ere. Eta gogor jo zuen turismoaren eraginari aurre egin diotenen aurka.

Jeltzaleen ustez «erakartzeko gaitasun hori madarikazio bat dela» uste dutenek «ez dute hiriaren historia ezagutzen, izan ere, ez dira kontziente erakargarritasun horrek merkataritzan eta ostalaritzen duen eraginaz, ezta hirian aberastasuna sortzeko duen gaitasunaz ere».