INFO

Adinekoen 19 egoitza edo zentro moldatu eta 11 berri eraikiko dituzte Gipuzkoan

Egoiliarra «erdigunean» jarriko duen egoitza «eredu berri» bati erantzun nahian egun martxan badauden hainbat zentrotan eraberritze lanak egingo dituzte. Era berean, hiru berri eraikitzen hasiak dira, beste hiruren obrak laster hasiko dituzte, eta beste bost proiektatu dituzte.

Maite Peña diputatua Aintzane Uriguen Donostiako Zorroaga egoitzako zuzendariarekin batera. (Maialen Andres | FOKU)

Adinekoen «egoitza eredu berria» aurkeztu astelehen honetan du Gipuzkoako Aldundiak. Aldaketa pixkanaka egingo denez, fase desberdinak aurreikusi dituzte. Hala, epe ertain eta luzera, 30 egoitza zentrotan sustatuko dira plazak birmoldatzeko, sortzeko edota egokitzeko proiektuak. 19 zentrotan egokitzapen obrak egitea aurreikusten dute, hiru zentro berri eraikiko dira, beste hiruren obren kontratazio prozesuan daude, eta beste bost eraikitzeko intentzioa dago.

Bi urtetan, 34 milioi euro bideratuko dira egoitzetara, eta horrez gain, Gipuzkoako gizarte zentroetan inbertsioak sustatzeko laguntza lerro bat aktibatuko dute, 12 milioi eurokoa. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu du aldaketa «pandemiaren ondorioz bikoiztu» egin dela, nahiz eta duela 7 urte hasi zen, eta «Gizarte Politiketako Departamentuak eta erakunde eta pertsona askok egindako lanaren emaitza» dela.

Aurreikusitako aldaketak

Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak, bestalde, aipatu du egoitzen ereduaren eraldaketak «erabateko lehentasuna» dela. «Helburua da gure egoitza sarea pixkanaka egokitzea», esan du. Zentroak birmoldatzeko eta egokitzeko proiektuen artean, nabarmentzekoak dira dagoeneko abian dauden proiektuak, hala nola Iurreamendi (Tolosa), Iturbide (Arrasate), San Martin (Oñati), Atsobakar (Lasarte), San Jose (Azkoitia), Txara I (Donostia), Zorroaga (Donostia), Egogain (Eibar), San Juan (Zestoa) eta Santa Ana (Zarautz) egoitzetakoak.

Bestalde, datozen hilabeteetan martxan egongo dira jada Usurbilgo zentro berria, Lugaritzeko (Donostia) laguntza duten etxebizitzak eta Intxaurrondoko (Donostia) zentro berria. Gainera, une honetan hiru egoitza daude obrak kontratatzeko fasean: Adinberri Pasaian, Arbes Irunen eta Elgoibarko egoitza berria. Eta, azkenik, 2030era begira, Gizarte Politiketako departamentuaren aurreikuspenen artean jasotzen da adinekoentzako zentroak eraikiko direla Azpeitian, Ordizian, Zarautzen, Urnietan eta Orion, izan egoitzak edo laguntza duten etxebizitzak.

Peñak gogorarazi duenez, proiektu horiek guztiak eredu berriaren ezaugarriei erantzunez eraikiko dira: 15 pertsona inguruko bizikidetza-unitate txikietan antolatuta, espazio irekiagoak eta komunitateari konektatuagoak izango dituzte, banako logelak, eta ikuspegi berritzailea eta pertsonalizatua, bai espazio fisikoetan, bai arretarekin eta zainketekin lotutako guztian.

Horrez gain, Peñak azaldu duenez, Gipuzkoako adinekoen egoitza sarean sustatzen ari den aldaketa sistemikoak ez dio soilik espazio fisikoen egokitzapenari erantzuten, eta barne hartzen ditu arreta, zainketak, langileen prestakuntza, zentroetan ikuspegi berritzailea txertatzea, eta taldeak eta zereginak antolatzea, besteak beste.

Gainera, gogorarazi du, egoitzen birmoldaketarekin batera, etxean arreta emateko estrategia oso bat dagoela: «Adineko 10 pertsonatik 8k etxean bizitzen jarraitu nahi dute; eta etxean ez bada, etxean bezala»; horregatik, diputatuak defendatu du «gure betebeharra dela nahi horri erantzutea».

Zorroagako kasua

Donostiako Zorroaga egoitza da zentroaren zati bat birmoldatzeko obrak egin behar dituzten 19 egoitzetako bat. Zehazki, Ernio eraikina birmoldatzea aurreikusten duen proiektu globalak lau fase ditu. Obrak aste honetan bertan hasiko dira eta 18 hilabete inguru iraungo dutela aurreikusi da. Eraikin horretan, gaur egun, adineko autonomoak eta 1. graduko mendekotasuna dutenak artatzen dira. 67 plaza ditu, erdia baino gehiago gela bikoitzetan, eta espazio komunak, non pertsona gehienek topo egiten duten.

Birmoldaketak tamaina txikiko lau bizikidetza-modulu independente sortzea aurreikusten du, eta horietako bakoitzak jangela eta espazio komun propioak izango ditu. Uriguenek azpimarratu duenez, banakako logelen kopurua «nabarmen handituko da» gela bikoitzen aldean. «Obrak amaitutakoan, logela bikoitz gutxi batzuk izango ditugu norbaitekin bizi nahi dutenentzat, eta 43 banako. Helburua izango da arreta integral pertsonalizatuagoa ematea, etxekoagoa eta ez hain instituzionala, eta egoiliarren arteko bizikidetzan eta elkarreragin sozialean oinarritua».