INFO
Elkarrizketa
Itxaso Azkonobieta
Orioko arraunlaria

«Denboraldiko helburua izan behar du gure lana ahalik eta ondoen islatzea uretan»

Hamabigarren denboraldia egingo du Azkonobietak (Orio, 1997) txalupa horian, eta urteak joan urteak etorri, zalantzarik gabe erantzuten dio entrenatzailearen deiari: «Bai, bai, hasten naiz». Multzoan mugimendu askorik ez dute izan, baina arraunlariaren ustetan «beti da zaila urte berri bat hastea».

Itxaso Azkonobieta, Orioko arraunlaria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oriotarra da Itxaso Azkonobieta eta «horia da» haren kolorea, baina hitzordua Tolosan jarri du bertan egiten baitu lan. Ez du entrenamendurik eduki, eta lasai hitz egiteko tartea izan du. Hamabigarren denboraldia egingo du txalupa horian, eta iazko sasoi biribilaren ostean –Euskotren Liga nagusitasunez irabazi zuten hamabi banderetatik 11 astinduta, eta Kontxako Bandera ere lortuta–, ez du aurtengo emaitzez «hitz egin nahi», urte bakoitza «desberdina» delako.

Hala ere, Azkonobietak aitortu du «urtero bezala, denaren bila» joango direla, eta irabazten badute, «zoragarri». Askotariko gaiak jorratu ditu arraunlariak, besteak beste, Euskotren Ligan estreinako aldiz zortzi ontzi lehiatuko direla, Orioren arrakastaren gakoetako bat harrobia dela, eta inoiz ez zaiola burutik pasatu taldez aldatzea.

Nola doa denboraldiaurrea? Esan ohi da negua gogorra izaten dela arraunlarientzat...

Arraunlarientzat negua beti da garairik gogorrena, nahiz eta lehiaketak presio hori eman eta udara alde horretatik gogorragoa izan. Neguak txarra du entrenamenduak oso luzeak direla, askotan bakarrik entrenatu behar duzula, eta batez ere psikologikoki gogorra izaten dela denbora asko egon behar duzulako horretan. Hala ere, errutina baten barruan nahiko erraz eramaten dugu.

Lau traineruen jaitsiera garrantzitsu jokatu dituzue, eta Donostiarrarekin batera ibili zarete garaipenaren lehian. Zer sentsazio izan dituzue?

Neguan sentsazioak aurkitzea zaila izaten da, gehiago talde handia garenean, eta horrek eskatzen duenean tripulazio oso desberdinekin sentsazio ahalik eta hoberenak topatzea. Estropada batzuk, entrenamendu batzuk bezala, hobeto ateratzen zaizkigu, eta beste batzuk okerrago. Beraz, neguko estropadak hartu behar ditugu udararako entrenamendu bezala.

Ikusi da Donostiarra indartsu dagoela, eta badakigu Arraunek [Lagunak] Orion erakutsi duen maila ez dela erreala, eta kontziente gara horretaz. Oraindik traineru askok salto handia emateko esperoan gaude. Azkenean neguak hori du: entrenamenduko kargari dagokionez, bakoitza aste jakin batean aurkitzen da, ez dakizu besteak nola ari diren entrenatzen, eta parez pare jarri arte ez dakizu talde bakoitza nola iritsiko den udarara. Beraz, neguan gertatzen denarekin ez gara geratzen.

Iaz multzoan egon zen aldaketa kontuan hartuta –bederatzi arraunlari etorri ziren taldera–, aurten ez da mugimendu askorik egon. Hori abantaila bat da zuentzat datorren denboraldirako?

Beti da zaila urte berri bat hastea hainbat arrazoirengatik, baina bai da garrantzitsua taldea mantentzea urte batetik bestera, emakumeetan batez ere. Izan ere, ikusten da urtero talde bakoitzean zenbait arraunlarik uzten dutela. Gurean, aurten soilik bat bakarrik joan da, eta hori positiboa da arraunlariak elkar ezagutzen garelako, eta lana elkarrekin eginda dugulako.

Beste aldetik, etorri diren arraunlariak ere baditugu, eta denok moldatu behar dugu, urte berri bat delako. Orduan, berriz ere lanketa handia egin behar dugu, pasa den urteko lanak balio arren, denak zerotik hasten garelako. Ez dago sekreturik: lana, lana eta lana. Eta gero, ea udaran lan horren emaitza islatzen den.

Esan duzu emakumeetan ohikoa dela arraunlariek taldea uztea. Zein dira horren arrazoiak?

Emakumeek kirolean dugun egoera ez da mutilekin konparatzeko modukoa. Oraindik ere bidea egiten ari gara, eta bidea hasi zuten horiei esker gaude gu gauden tokian, eta hemendik urte batzuetara espero dut hobeto egotea, eta hori izango da egun arraunean gauden emakumeengatik.

Kontua da emakumeok normalean lehenago uzten dugula arrauna, bizitzak horretara eramaten gaituelako. Ezin dugu arraunetik bizi, mutilak ere ezin dute, baten bat bai, baina oso gutxik. Hala ere, desberdina da: baldintza aldetik eta bizitzak parean jartzen dizkigun egoerengatik. Izan amatasuna, izan lana, izan arraunari eskaini behar dizkiozun orduak, ordainsariak... hori dena kontuan hartuta normalean emakumeen ibilbidea lehenago bukatzen da. Badaude kasuak urte luzez arraunean ibili direnak, baina ez da oso ohikoa. Uste dut pixkanaka aldatzen joango dela, eta horretarako borrokan ari gara, bakoitza bere modura. Arraunean gauden bitartean disfrutatu behar dugu eta datozenei bidea egin.

Patxi Frances prestatzaileak bigarren urtea egingo du taldean. Nola moldatzen zarete harekin?

Zorte handia izan dugu entrenatzaileekin. Xantirekin [Zabaleta] egin ditugun sei urteak asko balio izan digute arraunlari bezala hezteko, eta Patxi [Frances] ere momentu klabean etorri zen, Xantik uztea kolpe gogorra izan zelako taldearentzat. Patxi entrenatzaile bezala edukitzea sekulakoa da; daukan esperientzia, bai entrenatzaile bai arraunlari bezala, paregabea da, eta asko eman dio taldeari. Berarekin oso gustura gaude, bere lan egiteko modura oso ondo moldatu gara, baita bera gurera ere, giro oso-oso ona dugu, eta horrela lan egitea eta urtea aurrera eramatea errazagoa da.

«Probatu arte ezin jakin zer ekarriko duen ligan zortzi ontzi egoteak. Iruditzen zait pausoa ematea ondo dagoela, baina ez dakit momentu onean eman den»

Iazko sasoi borobilaren ostean, aurtengo helburuak zein izango dira?

Helburua izan behar du gure lana ahalik eta ondoen islatzea uretan. Emaitzez ez dut hitz egin nahi, urte batetik bestera asko aldatzen direlako gauzak. Iazkoa lortzen badugu ezin hobeto, baina ez badugu eskuratzen, eta buruan hori besterik ez badugu, frustrazioak blokeatu egingo gaitu. Helburua izango da ahalik eta ondoen lan egitea, estropadetan gustura geratzea, taldearekin disfrutatzea, eta disfrutatze horretan irabazten badugu, zoragarri. Denaren bila goaz, iaz eta urtero bezala. Badakigu aurkariak ere hor egongo direla lanak ematen, eta ez dizkigutela gauzak erraz jarriko, baina guk beraiei ere ez.

Donostiarra eta Arraun Lagunak izango dira aurkari gogorrenak liga irabazteko lehian?

Bai, lehengo urtekoa eta neguan gertatu dena ikusita, Donostiarrak salto bat eman du multzo moduan, eta neguan behintzat, oso-oso ondo ibili dira. Iruditzen zait ligan gorako postuetan izango direla. Hala ere, neguaz ez gara fidatzen, baina egia da Donostiarra eta Arraun ikusten ditudala aurkari zuzen moduan.

Berritasun bat izango du aurten Euskotren Ligak, zortzi ontzi izango zaretela bandera nork astinduko lehian. Horrek lehiakortasuna handituko du?

Probatu arte ezin jakin zer ekarriko duen ligan zortzi ontzi egoteak. Iruditzen zait pausoa ematea ondo dagoela, baina ez dakit momentu onean eman den. Esan bezala, nesken taldeek gorabehera dezente izaten dituzte; urte batean badaude eta hurrengoan ez. Ez dakit oinarriak benetan ondo finkatuta dauden pauso hori emateko. Arriskatu nahi izan da, eta agian ondo aterako da, baina hori ikusteko dago.

Azken bost urteetan ligako gorengo postuetan egon zarete –2019an, 2020an eta iaz lehenak sailkatuta–. Horrek egunerokoan exijentzia handia eskatzen du?

Exijentzia urtero eduki dugu, egia esateko. Azkenean irabaztea ere bada momentu egokian toki egokian egotea. Taldeak urtez urte lan handia egin du, eboluzionatzen joan da, atzetik aurrerako norabidea eginda. Exijentziak gora egin du? Agian espektatibek presio gehiago eragiten dizute goian zaudenean, eta presio hori kudeatzea zaila izaten da. Baina horretarako ditugu ondoan laguntzaileak. Entrenatzailea, Rafa Gonzalez Etxebarri prestatzaile fisikoa... Azken horrekin urteak daramatzagu, eta taldeko pieza garrantzitsuenetako bat da.

Aurten 10. urtea egingo du Oriok Euskotren Ligan. Zu 2015ean iritsi zinen lehen taldera. Geroztik klubak behetik goranzko hazkundea izan du. Etxeko arraunlarien apustua izan da giltza?

Noski. Azkenean goi mailako talde batean harrobia ezinbestekoa da, gainera ligan ere kopuru bat eskatzen dute, eta garrantzitsua iruditzen zait batez ere taldeen oinarria zaintzeko. Harrobiaren aldeko apustua egin da, nahiz eta beti egon diren fitxaketak. Etorri direnek ere indar handia eman diote taldeari. Uste dut denaren arteko kohesioa izan dela giltza. Harrobia asko zaindu da, eta horren erakusle da oraindik neska dezente gabiltzala taldean, eta oraindik gehiago etorriko direla. Traineru honek jarraipena edukitzeko, lehen taldera iristen direnek jarraitzeko prestutasuna eduki behar dute, eta klubak hori zaindu behar du. Azkenean dena da garrantzitsua: harrobia, kanpotik iristen direnak, talde giro ona izatea, eta denok elkarri ahalik eta modu positiboenean eragitea.

Azken urteetan aldaketa asko egon dira entrenatzeko moduan eta baliabideetan?

Lan handiena eginda zegoenean sartu nintzen, hastapenean hasi ziren arraunlari horiek baino askoz ere baldintza hobeagoak izan ditut. Batzuk bidea hasten dute, eta beste batzuk jarraitzen dugu, baina garrantzitsuena bidea egitea da. Geroz eta baliabide gehiago ditugu, eta klubak gureganako apustua egin du; prestatzaileak, medikuak eta nutrizionistak jarri dizkigute. Hori lehen ez zegoen, eta sakrifizioaren emaitza da lana egiten dela ikusi, eta apustua egin dutela gure taldearengan. Orain baldintza hauek ditugu, eta hemendik hamar urteetara ondorengoek guk baino baldintza hobeak baldin badauzkate, esan nahiko du gure lanak emaitzak izan dituela.

Atzera begira, gogo aldetik berdin heltzen diozu denboraldiari edo beste era batera hartzen duzu adinagatik?

Oraindik gaztetzat dut neure burua [barreak]. Errutinan parte bihurtu da arrauna, denboraldia amaitzean atseden hartzen dut, eta epea datorrenean berriz hasteko, entrenatzailearen deia jaso orduko esaten diot: «Bai, bai, hasten naiz». Oraindik ez da iritsi momentua asko pentsatu behar izan dudana hasi edo ez hasi. Urte hauetan ez zait burutik pasatu arrauna uztea.  

«Traineru honek jarraipena edukitzeko, lehen taldera iristen direnek jarraitzeko prestutasuna eduki behar dute, eta klubak hori zaindu behar du»

Momentu gozoak eta gogorrak bizi izango zenituen arraunean...

Bai, gogorrenak izan dira lesioak, taldean eman nahi duzun hori ezin ematea, inpotentzia sentitzea, eta agur esan beharra taldekideei, entrenatzaileei, eta egunerokotasuna konpartitzen duzun horiei. Onenen artean, berriz, irabaztea beti da polita, baina irabazten ez denean ere estropada horiek asko ematen dizute, taldea asko indartzen dutelako. 2021eko sasoia oso gogorra izan zen, liga osoan zehar ibili ginen Arraunekin batera lehian, eta liga bukatu genuen puntuak berdinduta. Gero, Kontxan banderak ihes egin zigun, baina estropada askotan galdu arren gozatu egin genuen. Talde kohesio hori ere polita izan zen, eta jendearekin konpartitzen duzunak asko ematen dizu. Politak gehiago daude txarrak baino, horregatik jarraitzen dugu [barreak].

Inoiz pasatu zaizu burutik taldez aldatzea?

Noizbait pentsatu izan dut: «Nire taldea inoiz inor gabe geratzen bada, eta arraunean jarraitu nahi badut, nora joango nintzateke?». Baina zortea izan dugu beti eduki dugula taldea. Horia nire kolorea da, eta momentuz behintzat ez dut pentsatu ere egin beste talde batera joatea.

Arraunean pisuak garrantzia handia du, eta askotan asko sufritzen duzue. Nola eramaten duzue hori?

Gorputzak eta gorputzak daude, arraunlariak eta arraunlariak daude, eta pertsonak eta pertsonak daude. Arrauna da kirol bat pisu aldetik exijentzia eskatzen duena, txalupa baten gainean zoazelako eta eragina duelako. Arazoak egon dira, eta egongo dira, sakrifizio bat da, batzuentzako gehiago eta beste batzuentzako gutxiago. Egon dira momentu gogorrak, espero dut geroz eta gutxiago egotea, eta pixkanaka espero dut modu natural eta osasuntsu batean egitea pisu aldaketa horiek. Beti egoten da arrisku hori, eta beldurra ematen du.

2018an lehen aldiz Kontxako Banderan erabaki zen gizonezkoek eta emakumezkoek diru sari bera jasotzea. Aurrerapauso bat izan zen. Halako gehiago behar dira?

Ezin dena da dagoen bezala geratu, eta konformismoan erori. Berdintasunaren aldeko borrokan jarraitzen dugu; ligan oraindik ere sariak oso bestelakoak dira, eta gero ere badaude aparteko gauza batzuk. Urtez urte eta pausoz pauso joan behar gara. Aurrerapauso handia izan zen Kontxakoa. Espero dugu urrats horiek ematen jarraitzea, badakigu pauso hori ez dela bihar emango, baina ezin dugu konformismoan erori. Honek aldatzen jarraitu behar du, berdintasunetik gero eta gertuago egoteko. Eskertzen eta baloratzen da lortutakoa, baina jarraitu behar dugu berdintasunarekiko borrokan.