INFO

Gurdi saltokia, ia 20 urte baserritarren zerbitzura

Lehen sektoreari zuzendutako produktu eta zerbitzuen saltoki bezala jaio zen proiektuak bertako produktu eta elikagaien salmenta ere sustatzen du, betiere hurbiltasuna eta ezagutza oinarri hartuta.

Gipuzkoako Anoeta herrian dagoen Gurdi saltokia lehen sektoreari zuzendutako produktuen eta zerbitzuen denda izateko sortu zen 2004. urtean eta 2015az geroztik EHNELUR kooperatibaren parte da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako Anoeta herrian dagoen Gurdi saltokia lehen sektoreari zuzendutako produktuen eta zerbitzuen denda izateko sortu zen 2004. urtean, beraz laster beteko ditu bi hamarkada. 2015. urtean EHNELUR kooperatiban sartu zen eta, salmenta tokia izatetik harago, lehen sektorea bizirik mantentzea du helburu, horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jarriz.  

Gurdiko lantaldea zortzi pertsonek osatzen dute gaur egun eta Uxue Rabina dugu horietako bat. Bere esanetan, baserritarrek beraiek sortutako proiektua den heinean, baserritarren jarduera bideragarria izateko lan egiten dute, beharrezkoak dituzten produktu eta zerbitzuak prezio justuan eskainiz. «Zerbitzua eta aholkularitza ematen diegu bertako ekoizleei eta urteetako esperientzia daukagu horretan. Baserrian espezializatutako denda bat gara».

Horrekin batera, lehen sektorea herritar guztiei ere zabaldu nahi diete eta, zentzu horretan, Euskal Herriko produktuak (km 0) bultzatzen dituzte, ekonomia zirkularra sustatuz. «Artisautzak eta eskulangintzak duten garrantziaren berri eman nahi diogu gizarteari, herritarrei ahalik eta bizi kalitate hoberena eskaintzeko asmoz».

Horrela, Gurdi saltokia baserrirako produktuetan espezializatua dagoen arren, edozein etxetan beharrezkoak diren produktu sorta zabala ere eskaintzen du: lorezaintza, burdindegia, elikagaiak...
Baserriko produktuen artean, ukuilu eta abeltzaintzarako beharrezkoa den guztia daukate: jantokiak, itxiturak, iturgintza, lanerako arropa, albaitari materiala, erreminta, ensilatzeko plastikoa, pentsuak…

Baratzezaintza eta lorezaintza dira Gurdi saltokiko beste bi espezialitateak, eta mota guztietako erremintak, ongarriak, lurrak eta haziak dituzte, baita lore freskoak ere. Uxue Rabinak dioenez, «orain udaberrian biderkatu egiten da eskari hori eta jende asko etortzen zaigu erreminta, sustrato, ongarri, fitosanitario eta ureztatze tresnen bila».

Ekoizpen ekologikoa

Atal horretan aipatzekoa da ekoizpen ekologikora zuzendutako eskaintza. «Jende asko dago etxean tomateak, barazkiak edo marrubiak jartzen dituena. Eta produktu ekologikoen eskaria gero eta handiagoa da, aplikatzeko garaiean ez ekologikoak baino errazagoak izaten direlako», dio Gurdiko langileak.
Horrekin batera, baratzerako produktu fitosanitario profesionalak ere badituzte, baita abereen ongizaterako zoosanitarioak ere (albaitaritza farmazia). Atal horietan aholkularitza teknikoa eskaintzen du Gurdiko lantaldeak.

Uxue Rabinak dioenez, bestalde, azkenaldian gero eta handiagoa da maskotentzako elikadura eskaria, eta horregatik pentsu aukera zabala dute eskuragarri, batez ere txakurrentzat.
Hazten ari den beste atal bat etxerako produktuena da. «Sukalderako mota guztietako tresnak ditugu, baita garbikariak ere. Atal honetan, aipatzekoa da baita ere produktu ekologikoetan dugun eskaintza, xaboiena batik bat. Eskaria pixkanaka hazten ari da, eta guk ere arlo hori bultzatu nahi dugu», adierazi du Uxuek.

Azkenik, elikadura atalean nabarmena da Gurdi kooperatiba "Baserritik zuretzat" proiektuaren parte dela, «bai produktuak dendan bertan salduz eta promozionatuz, bai proiektuan lankidetzan arituz bere sorreratik». Egitasmo hori EHNEk abiatu zuen, pandemiaren ondoren bezeroei bertako produktuak zuzenean eskuragarri jartzeko eta ekoizleei harreman komertzial justu bat bermatzeko.
Azkenik, gourmet motako eta produkzio ekologikoko zenbait produktu eskaintzen dituzte, hauen artean kontserbak edo artisau garagardoak.

Hurbiltasuna eta ezagutza

Gurdi saltoki bat baino gehiago da eta bertako lantaldeak hainbat baloretan oinarritzen du bere jarduera, hala nola talde lana, hurbiltasuna eta ezagutza. «Esperientzia handiko langileak ditugu eta edozein arazoren aurrean laguntza eskaintzen ahalegintzen gara», dio Gurdiko langileak.

Uxue Rabinaren iritziz, «jende asko guregana etortzen bada, gure aholkularitza zerbitzuagatik da, azken finean, produktuaren bila ez ezik, aholku bila etortzen direlako. Ez bakarrik partikularrak, baita profesionalak ere».

Aurrera begira, uda honetan online denda martxan jartzeko asmoa dute. «Gaur egun telefono bidezko salmenta eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen dugu eta etxerako bidalketak egiten ditugu 24-48 ordutan. Udatik aurrera online denda zabaltzeko asmoa daukagu».

EHNELUR, mota guztietako zerbitzuak eskaintzen dituen irabazi asmorik gabeko kooperatiba

Gurdi saltokia Gipuzkoako EHNE sindikatuak sortutako EHNELUR kooperatibaren zati bat dela esan daiteke. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba 1992an sortu zen baserritarrak egunerokoan ezinbestekoak zituzten zerbitzu ezberdinak eskaintzeko.

Zerbitzu horien artean, aipatzekoak dira ingeniaritza zerbitzua –mota guztietako eraikuntza proiektuak eta peritazioak egiteko–, aholkularitza juridikoa, aseguru artekaritza, zerga edo kontabilitate aholkularitza...

Horiekin batera, eraginkortasun energetikora zuzendutako aholkularitza ere eskaintzen du ASG enpresaren bitartez; baserriko makineria eta berogailuentzat gasolio salmenta ere egiten du; eta "Baserritik zuretzat" proiektua bultzatzen du, ekoizleen produktuak herrietako denda txikietan erosleen eskura jartzeko.

Baserritarrek beharrezkoak dituzten produktu eta zerbitzuak prezio justuan eskura ditzaten, Gurdi denda ere EHNELUR kooperatibaren zati bat da 2015. urteaz geroztik.