Julen Apellaren ‘Desertuan postal bat’ lanak irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketa
Julen Apella berriztarraren ‘Desertuan postal bat’ olerki-bildumak irabazi du Donostia Kultura VI. Poesia Lehiaketa. Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du lana.
Poesialdia jaialdiaren barruan, astearte honetan egin da Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren seigarren edizioaren sari banaketa, Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) da, ‘Postal bat desertuan’ obragatik.
Apella Euskal ikasketetan graduatua da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle gisa ari da lanean, eta literaturaren esparruan hauxe da argitaratzen duen lehen lana.
Sariketako epaimahaia Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategik osatu dute. Euren hitzetan, «ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena». Epaimahaiak balioan jarri du Apellak «trebeki» uztartzen dituela metaliteratura eta kritika soziala, «hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz».
Apella «belaunaldi baten ahots gisa» ere «altxatzen» dela ere nabarmendu dute, «baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak», amaitu dute.
Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1.000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa argitaratuko du. Gainera, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan Julen Apellak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.