INFO

Mundu guztiko landare bilduma ikusgarria

Iturrarango Landare Berezien Azoka apirilaren 29an eta 30ean egingo da, aurreko urteetan bezala, gure baratzetan, leihoetan eta lorategietan ezagutzen ez diren landare eta lore barietateak ezagutu eta erosteko aukera eskainiz.

Iturrarango lorategi botanikoa Aia herriko Pagoetako Natura Parkean kokatuta dago. (NAIZ)

Apirileko azken asteburua gorriz markatzen dute landarezaleek, orduan egiten baitute Iturrarango Landare Berezien Azoka; Aiako Pagoeta Natura Parkean (Gipuzkoa) izaten da, Lorategi Botanikoan. Eta 2003an hasi arren, 19. edizioa izango da aurtengoa, pandemiak bi urtez geratu ostean, iaz itzuli baitzen.     

Toki guztietako landare bildumak ikusgai egongo dira Iturrarango lorategi botanikoan, Landare Berezien Azokan. Hitzordua apirilaren 29 eta 30erako jarrita dago, ohiturari jarraituz. Aiako Pagoeta Natura Parkean, urtero legez, kontinente guztietako landare eta loreak ezagutu eta erosteko aukera ederra izango da.

Aurten 50 mintegik izango dute euren txokoa. Hala, Euskal Herriko haztegietako aleez gainera, frantziar Estatuan hazitako landare asko izango dira azokan, baita espainiar Estatukoak, Herrialde katalanetakoak eta Galiziakoak ere. Antolatzaileek diote, landare asko gure artean ezezagunak badira ere, arazorik gabe zaintzeko modukoak direla gure lorategietan edo etxeetako leiho eta balkoietan.

Aiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dute Pagoetako azoka. Natura Parke honen helburu nagusietako bat da inguruan ematen diren ohiko bizimoduen kontserbazio eta sustapenerako laguntza bat izatea, eta helburu horri loturik jarri zen abian Landare Berezien Azoka.

Horrela bada, Iturrarango azoka ez da ohiko landare azoka: Landareen kalitatea eta barietatea lehenesten dira. Erakusgai duten guztia behar bezala etiketatuta dutela diote, eta aukera zabala izaten dutela: oso bereziak diren tomate landareak, antzinako larrosa barietateak, bonsai ikusgarriak, landare haragijaleak, beste mundu batekoak diruditen bromeliak, lore-erraboilak, bildumako zitrikoak, palmondoak, kameliak, landare bizikorrak, klima mediterraneoko landareak... «Gure baratzeetan, leihoetan eta lorategietan ezagutzen ez direnak, ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen eskulangintzako jarduerak erabiliz bakarrik lortzen direnak», antolatzaileen arabera.

Barietate zaharrak edo erabiltzen ez direnak kontserbatzeko grinarekin aritzen dira parte hartuko duten mintegiak: «Mintegi-saltzaile bildumazaleak izateaz harro daude». Gainera, jarraitzaile fidelak ditu azokak, haien altxor partikularraren bila joaten diren zaleak, eta antolatzaileek ziurtatu dute euren gozamenerako genero onena izango dutela: «Pedigridun landareak erosteko aukera ematen zaie».
Lehen pausoak 2003. urtean eman zituen azokak, egitarau zabal baten bitartez, ekoizleek festa giroan beraien produktuak plazaratzeko helburuarekin. Urte horietan guztietan egindako lanaren ondoren, bultzatzaileen esanetan, «azokaren zain irrikitan» egoten den publiko zabal bat sortzea lortu dute, eta horiekin duten harremanari eutsi nahi diote, bai erosle eta bai mintegizale partaideekin ere.  

Goizetik arratsaldera

Azoka goizetik arratsaldera izango da: 10:00etatik 18:00ak arte. Sarrerak azokaren atarian salgai egongo dira, 4 eurotan, eta 12 urte edo gutxiagokoek dohain izango dute sarrera. Prezio horrek barne hartzen ditu aparkalekuetatik azoka gunerainoko jarriko duten autobus zerbitzurako joan-etorria. Izan ere, aparkalekuak izango dira, eta autobus bereziak jarriko dituzte bai aparkaleku horietatik, bai Zarauzko tren geltokitik ere.  

Horrez gain, erosketak eginez gero, sarrerako prezioaren barnean egongo da erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta, behar izanez gero, erosleak autoa utzi duen aparkalekuko kontsignarainoko garraioa.

Aparkaleku eta autobus zerbitzu bereziak

Aiako Iturrarango lorategi botanikoak apirileko azken asteburuan jasoko dituen bisitarien kopurua kontuan hartuta, antolatzaileek aparkaleku eta autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte aurten ere bi egun horietarako.

Aparkalekuak: Pagoeta Parkearen inguruan bi aparkaleku gune izango dira: Aia herrian eta Txurrukan, Orio ondoan. Gainera, toki horietatik azokara autobus zerbitzu etenik gabea jarriko dute. Lehenengo autobusa 9:45ean irtengo da, azkenekoa 16:45ean. Azoka gunetik aparkalekuetara azken autobusa: 18:15ean.

Autobusak: Zarauzko Euskotren geltokitik azokara autobus zerbitzua egongo da. Lehenengo autobusa 10:25ean irtengo da Zarauztik, eta 14:25ak bitartean ordu erdiro izango dira; ordu horretatik aurrera, orduero izango da. Azken autobusa: 16:25ean. Azoka gunetik Zarautzera itzultzeko lehen autobusa 10:45ean izango da, eta orduero izango da. Azkena autobusa: 17:45ean.

Animaliak: Azoka gunean txakurrak sar daitezke, baina lotuta eraman behar dira. Hala ere, txakurra ekartzeko ez direla egun egokienak ohartarazi dute, jende asko biltzen delako eta jende artean urduritu egiten direlako.

Sarbidea: Iturrarango bidegurutzetik izango da sarrera bakarra. Iturrarango Lorategi Botanikoko gainerako sarbideak itxita egongo dira bi egun hauetan.

Azokak 2023

ERRENTERIA
Martxoak 25, larunbata

SEGURA
Martxoak 26, igandea

ZARAUTZ
Apirilak 1, larunbata

GARAI
Apirilak 2, igandea

DONOSTIA (Loiola kalea)
Apirilak 8, larunbata

DONOSTIA (Boulevard)
Apirilak 9, igandea

LASARTE-ORIA
Apirilak 22, larunbata

OLAZTI
Apirilak 23, igandea

AIA (Iturraran)
Apirilak 29 eta 30,
larunbata eta igandea

GUEÑES
Maiatzak 7, igandea

URRETXU
Maiatzak 7, igandea

DONOSTIA (Loiola kalea)
Maiatzak 13, larunbata

DONOSTIA (Boulevard)
Maiatzak 14, igandea

HERNANI
Maiatzak 20, larunbata

LEKUNBERRI *
Maiatzak 21, igandea

IRURTZUN *
Maiatzak 28, igandea

ZARAUTZ *
Ekainak 3, larunbata

DONOSTIA (Boulevard)  
Ekainak 11, igandea

DONOSTIA (Boulevard)  
Uztailak 9, igandea

ZARAUTZ *
Abuztuak 5, larunbata

BILBO (UPV) *
Irailak 30 eta urriak 1,
larunbata eta igandea


* Konfirmatu gabe