Tourraren irteera ekitaldia «bilbotarren mesedetan» jar dezala eskatu dio EH Bilduk Udalari
Mozio baten bidez, Tourraren irteera ekitaldiaren testuinguruan hainbat mekanismo martxan jartzeko eskatu dio Bilboko EH Bilduk Udal Gobernuari, besteak beste, etxebizitzen alokairuen espekulazioa saihesteko eta lan-baldintzak bermatzeko.
2023ko Tourra Bilbon hasteko 100 egun falta direnean, Bilboko EH Bilduk martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko mozio bat erregistratu du ekitaldi hau modu «arrakastatsuan» egin dadin eta «arlo guztietan onurak sor ditzan».
Mozioaren bidez, honakoak eskatzen ditu EH Bilduk: «beharrezkoak diren mekanismoak ezartzea etxebizitza turistikoen legezkotasuna kontrolatzeko eta bereziki prezioen igoera indiskriminatua saihesteko, lan-eskubideak bermatzeko, jarrera sexistak saihesteko eta Tourrak ematen digun aukera aprobetxatzeko Euskal Herria nazio bat dela erakusteko».
Jone Goirizelaiak astearte honetan ekimen honen berri eman du Asier Gonzalez zinegotziarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, ekitaldi hau ospatu baino zortzi hilabete lehenago, 2022ko azaroan, 6.200 euroren truke alokatzen ziren apartamentuak Alde Zaharrean; eta aurtengo otsailean, erreserba-atarietan eskainitako pisu turistiko asko 4.000 eurotik gorakoak izan dira, Bilbon gaua pasatzeagatik Tourraren bezperan, baten bat 8.251 eurora arte helduz.
«Zifra horiek guztiz neurrigabeak dira, eta horri gehitu behar zaio arautu gabeko edo legez kanpoko etxebizitza turistikoen iragarkien kopurua %59 hazi dela azken urteotan», gaineratu dute.
Horregatik, mozioaren bidez, Lakuako Gobernuari, Bizkaiko Aldundiari eta Bilboko Udalari eskatu die, «bakoitzak bere eskumenen arabera, etxebizitza turistikoen eskaintza eta horien legezkotasuna kontrola ditzala, ezkutuko ekonomia, prezioen gorakada indiskriminatua eta lortutako etekina ezkutatzeko arriskua saihesteko».
Lan-baldintzak
Tourra dela eta, BilbaoEkintzak hainbat enpresa kontratatutako ditu zerbitzu desberdinak eskaintzeko, eta EH Bilduko «ezinbestekotzat» jo du Tourrarekin lotutako jarduerak egiten dituzten enpresek kontratatutako pertsonen lan-baldintzak berma ditzaten mekanismoak jartzea, «lan-prekarietatea, gehiegizko kontratu-klausulak eta jeneroagatik diskriminazioa saihestuz».
Izan ere, Udalak sustatutako beste ekitaldi batzuetan, esaterako BBK Liven, langileek lan-baldintza txarrak salatu dituztela gogoratu du EH Bilduk.
Era berean, gobernu-taldeari galdegin dio Tourrari lotutako propagandan eta ekitaldietan eduki sexista duten irudiak ez erabiltzeko eta gorputz-aniztasuna sustatzeko.
Euskal nortasuna
Azkenik, EH Bilduk gobernu-taldeari eskatu dio Tourraren inguruko ekitaldi guztietan «euskararen erabilpena berma dezan, Bilbo Euskal Herriko hiria dela adieraz dadila, eta herri gisa dugun nortasuna nabarmendu dadila, herri gisa identifikatzen gaituzten elementuei ikusgarritasuna emanez».
«Tourra Europan eta munduan nazio bat garela erakusteko aukera eskaintzen digu. Ezin dugu alferrik galdu gure kultura eta historia erakusteko aukera handi hau», nabarmendu du EH Bilduk.