Bi eguneko egitaraua prestatu dute Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga ospatzeko
Bagira dinamikaren eskutik Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak Itsasuko Xartaren 60. urtemuga ospatuko du apirilaren 8 eta 9ko asteburuan. Aberri Egun «herrikoi eta aldarrikatzailea» egiteko xede egitarau oparoa antolatu dute.
‘Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest’ lemapean, iragan abenduan Bidarrain aurkeztu zuten Bagira prozesua bultzatzen ari diren herritarrek Aberri Eguna ospatzeko bi eguneko egitaraua osatu dute.
Itsasun larunbat honetarako antolatu duten prentsaurrekoaren bezperan, sare sozialen bidez, apirilaren 8 eta 9ko astebururako prestatu duten egitaraua plazaratu dute.
Apirilaren 8an, goizeko 11.00etan hasiera emango diote ospakizunari.
Mugimendu abertzalearen 60 urteko borrokaren inguruko erakusketa estreinatuko dute, argazki, pegatina eta afixez osaturik.
Oroitu behar da azken hilabeteotan transmisio ariketa zabala antolatu dela mugimendu abertzaleak azken sei hamarkadetan egin duen ekarpenaren berri emateko, bereziki belaunaldi berriei.
Geroztik, eragile ezberdinek oso bestelako alorretan eta eszenatokitan sei hamarkadatan eginiko lanaren inguruan solasteko parada izan dute, hamarkadetako borroka desberdinen inguruko transmisio ariketa pertsonal zein kolektibo bat egiteko.
Gazteak, sindikatuak, eragile politikoak, hedabideak, ekologistak... solasaldi eta mahai-inguruen bidez lotu dira Bagirak proposaturiko transmisio fase horretara.
«Bagira prozesuarentzat, eskalaz aldatzeko eta etorkizunera proiektatzeko tenorea da. Mugimendu abertzalearen segidaren ardura hartuko duten militanteek orri berria idazteko tenorea», adierazi du agerraldian Nerea Peponnet Aberri Egunaren antolatzaileak.
Apirilaren 8a, memoria landu etorkizunera begira
Apirilaren 8an, 11.00tan zabalduko den erakusketak memoria egiteko aukera osatuko du, Itsasun.
Behin inaugurazio hori egina, eguerdi aldera Ixabe, Foisis Jauna eta Marilouren kontzertuek animaturik jatekoak eta edatekoak izanen dira Itsasun.
Arratsaldean, berriz, bi mahai-inguru izanen dira, 14.30ean ‘Aberri Eguna atzo, gaur eta bihar’ izenburupean eta 17.00etan ‘Zer eskatzen du herriak?’ galderari erantzun nahiko diona.
Izan ere, azken bi hilabeteetan zehar transmisio historikoa landu ondotik, Bagira prozesuak gerora begira jarri nahi duela azaldu du eta, horretarako, lehen pausuak emanen ditu Aberri Egunean.
Finean, 2023ko eta 2024ko Aberri Egunen artean luzatuko da, historiatik irakaspenak atera eta etorkizuneko erronkei baldintza onenetan erantzuteko helburu duen Bagira dinamika.
Herri Kirolek, Murgik animaturiko aperitifak eta Nat eta Watsonen kantu afariak osatuko duten lehen eguneko programazioa.
Apirilaren 9a, egun handia
Apirilaren 9an, Aberri Egunaren kari, 11.00etan hasiko den manifestazioa izanen da unerik garrantzitsuenekoa. Plazatik abiatuko da, Itsasuko Harrirainoko ibilbidea egiteko.
‘Itsasuko Ageria’ (1993ko apirilaren 15) plazaratu zen leku historiko horretan eginen den ekitaldia izanen da, antolatzaileen arabera, asteburuaren hitzordurik nagusia.
Bertan mugimendu abertzaleak Ipar Euskal Herriak aurrez aurre dituen erronka eta aukerei begira jokatu nahi duen paperari buruz mezu nagusia emanen dutelako jakitera.
Ondotik, aperitifa zein zikiro animatua izanen dira Atharrin.
Egun osoan zehar animazio anitz antolatu dituzte. Helduak soilik ez, haurrek ere gozatzeko parada ukanen dute, txoko berezia plantan emanen dutelako haiendako.
Gazteek preziatuko dute bestalde, Xiberoots, Liher, Kuartz, Dupla eta DJ Xa2k taldeen kontzertuetaz urririk gozatzeko aukeraz.
Bi egunetan zehar, elkarteen eta eragileen herrixka bat izanen da Itsasun gaindi.
Elkarlanerako deialdia
Egitarau berezia izango duen Aberri Eguna «arrakastatsua izateko», antolatzaileek 400 laguntzaileren beharra izango dutela ere iragarri dute.
«Edozein laguntza ongi etorria da apirilaren 8 et 9a aintzin informazioa zabaltzeko eta prestaketa laguntzeko, baina bereziki asteburuan zehar», jakinarazi du Iñaki Berhocoirigoin Bagira prozesuaren sustatzaileak, eta beharrak «mota guztietakoak» direla nabarmendu du, izan azpiegiturak atontzen, harreran, sukaldean, haurren txokoan, osatuetan edota taloak egiten. Laguntzaile izan nahi duenak esteka honetan du izena emateko aukera.
«Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest gira eta gogo hau partekatzen duten guziak gomitatzen ditugu apirilaren 8 eta 9an Itsasura elkartzera Aberri Egun historikoan parte hartzeko», eman dio amaiera agerraldiari Nerea Peponnetek.