Aspeko ultzamarren gau borobila Larraintzarren
Peio Etxeberriak 22-18 irabazi dio Elezkanori eta lehen mailako Buruz Burukoan izango da eta Zabalak lagunduta, Gaskue 22-13 gailendu zaizkie Bakaikoa-Morgaetxebarriari eta Binakako promozio mailako finala jokatuko dute.
Etxean jokatzearena ez da beti erraza izaten, baina garaipenak beti gozatzen dira gehiago etxekoen eta ingurukoen babesean eta alde horretatik gau borobila izan dute bart Peio Etxeberria eta Andoni Gaskue ultzamarrek, Larraintzarren jokatutako jaialdian garaipen oso garrantzitsuak eskuratu baitituzte. Lana beltz eginda, Zenotzeko aurrelariak 22-18 irabazi dio Danel Elezkanori eta hiru urteren buruan lehen mailako Buruz Burukora itzuliko da eta Larraintzar bertako atzelariak, Javi Zabalarekin, 22-13 irabazi diete Bakaikoa-Morgaetxebarriari eta Promozio mailako lehen finala jokatuko du datorren larunbatean Larrazabal-Eskirozen aurka.
Aspaldian buruz buru kantxa osoan jokatzeke egonda, lehia bizi eta orekatua eskaini dute Danel Elezkano eta Peio Etxeberriak, denera 332 pilotakada gurutzatu dituzte eta, gorabehera dezenteren ostean, ultzamarra fisikoki osoago heldu da azken txanpara eta hala lortu du hemendik bi astera hasiko den txapelketan Aspeko seikotean izatea. Hori bai, partida ia osoan zehar markagailuan aurretik joan da. Are gehiago, lehen atsedenaldi luzearen ostean, 17-12 aurreratu denean partida erabakita zuela zirudien, baina sake-errematearekin asmatuta, bi tantora gerturatu zaio zaratamoarra. Peio Etxeberriak, aldiz, ideiak argi zituela jokatu du, aurkariari eskuina bilatuz eta kolpez ere fresko aritu da eta azkenerako garaipen garrantzitsua lortu du.
FITXA TEKNIKOA
Asier Agirre: 18
Jon Alberdi: 22
Pilotakadak: 332. Iraupena: 57 minutu. Markagailua:3-0, 3-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-7, 8-7, 8-12, 9-12, 9-16, 12-16, 12-17, 15-17, 15-20, 16-20, 16-21, 18-21 eta 18-22. Sakeak: 1 Elezkanok eta 3 (falta 1) Peio Etxeberriak. Egindakoak: 12 Elezkanok eta 14 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 5 Elezkanok eta 5 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Larraintzarren sarrera onarekin jokatutako jaialdia.
Binakako promozio mailako partida ere oso gogor eta luzea suertatu da eta bertako semea izan da protagonista. Azkenerako bikietan arazoak zituela amaitu badu ere, Andoni Gaskuek partida borobila jokatu du etxean, Morgaetxebarria erabat dominatuta. Piloteoan markagailuak iradoki dezakeena baina alde nabarmenagoa izan da eta, hein handi batean, partida behar baino gehiago luzatu bada Javi Zabalak errematean gehiegi asmatu ez duelako izan da. Aurkari zimelak dira Bakaikoa eta Morgaetxebarria, partidari nola edo hala heltzen zaizkion horietakoa, eta lehen erdia oso oso gogor eta orekatua suertatu da. Bigarren erdi horretan, ordea, errioxarrak askoz gehiago asmatu du tantoak amaitzerakoan eta azkenerako merezitako garaipena eskuratu dute.