Tolosaren lesioak, 19-16 irabazten zihoazela, finalerako txartela eman die Elordi-Zabaletari
Atzelari gipuzkoarrak zuntz haustura sufritu du 19-16 irabazten zihoanean partida osoan denborak maneiatu dituen Altunarekin batera. Zabaleta deseroso sentiarazi da neurketan zehar, defentsan oso behartuta, eta Elordi bere jokoa guztiz ezin eginik zebilen.
Inork nahiko ez lukeen bezala sailkatu dira Elordi-Zabaleta Binakako Txapelketako finalera. Xabi Tolosak zuntz haustura izan du igande honetan Bilboko Bizkaia pilotalekuko partida erabakigarrian Altunarekin batera 19-16 irabazten zihoazela. Gorriak partida ikusgarri eta zirraragarria eskaintzen ari ziren: aurrelari amezketarrak lehiako denborak maneiatzen eta betiko magia eskaintzen ari zen bitartean, Tolosa sendo ari zen atzeko kodroetan, Zabaletari defentsan behartuz. Baina, askok esango luketen bezala, gorriek magia beltza sufritu dute atzelariak lesioa sufritu duenean eta jarraitu ezinik agertu denean. Gauzak hala, apirilaren 2an Iruñeko Nafarroa Arenan egongo dira txapelketak osoan oso maila altua eman duten Elordi-Zabaleta, Laso-Imazen aurka lehiatzeko.
Egia da urdinei ez zaiela meritua kendu behar. Txapelketa luze honetako bikoterik erregularrena izan dela argi eta garbi utzi dute. Baina gaurkoan aurkariak puntu bat goragoan zeuden, gehienbat Jokin Altunak bere eguna zuelako. Behin partida bertan behera geratu denean, bai Elordi –negar malkotan– eta bai Zabaleta oso serio agertu dira kamera aurrean gertatukoaz hitz egiteko momentuan. Jokin Altunak ere ezin izan ditu malkoak geldiarazi.
Partida zirraragarria
Eta ez da gutxiagorako ere! Horren erakusle da lepoz beteta zegoen Bizkaia pilotalekuak Tolosari egin dion omenaldia. Ikusle guztiak aulkitik altxa eta sekulako txalo zaparrada eskaini diote atzelariari aldageletatik atera eta agur esan behar izan duenean.
Honelako ekitaldi batean, hainbeste dagenean jokoan, zaila egiten da lesio batengatik agur esatea. Baina are zailagoa izan behar du agur hori neurketa bikain baten ostean esan behar izatea. Izan ere, Altunak hasiera-hasieratik ipini du erritmoa, eta Tolosak bikain erantzun dio.
Nahi zutena lortu dute: Zabaletak ezin zuen bere joko indartsua egin eta, gainera, inoiz baino gehiago saiatu behar izan da defentsan.
Gorriak 3-0 eta 8-4 aurreratu dira. Partida asko gogortzen hasia zen zegoeneko eta horren erakusle da 9-6 tantoa. Bertan, 70 pilotakada izan dituen tantoan, Zabaletari asko behartu diote. Etxarrengo atzelariak defentsan lan asko egin behar izan du eta nekearengatik huts egin du. Elordi, bitartean, ahal zituen aukerak aprobetxatzen saiatu da eta airez zenbait tanto eder egin ahal izan ditu
Lehiako lehenengo atseden luzea ostean, gorriak zazpi tantoko aldeagatik joan dira irabazten (14-7). Urdinek ez zuten aurkariak markagailuan gehiago alde egitea nahi eta, abantaila moztea lortu badute ere, Altunak bere magia barita atera du berriro ere bereak egiten jarraitzeko.
Partidak tentsio eta polemikarako tartea ere izan du. Adibidez, Amezketakoak txokoan dejada batekin lortutako 15-10ekoan eta aurrelariak berak zabalean egindako beste ezker dejada batekin egindako 18-14kakon Zabaletak, bi tantoetan, bigarren botean eman izanaren sentsazioa egon da, baina epaileek jarraitzen utzi dute. Haserreak 19-15ean amaitu dira, Tolosak zuntz haustura izan duenean pilota bati ematerakoan. Ordurarteko ikuskizun itzelak zapore gazi-gozoari pauso eman dio.
PARTIDAKO FITXA:
Altuna III.a-Tolosa: 19
Elordi-Zabaleta*: 16
Markagailua: 3-0, 3-1, 4-1, 4-2, 6-2, 6-3, 7-3, 7-4, 8-4, 8-6, 12-6, 12-7, 14-7, 14-10, 16-10, 16-11, 17-11, 17-14, 19-14 eta 19-16. Sakez egindako tantoak: 1 Altuna III.ak eta 0 Elordik. Jokoan egindako tantoak: 14 Altuna III.ak, 0 Tolosak, 10 Elordik eta 2 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 1 Tolosak, 1 Elordik eta 3 Zabaletak. Gertakariak: Sarrera bikaina Bilboko Bizkaia pilotalekuan Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako azken partida ikusteko. Lehen sakea gorrientzat izan da. Ikusle guztiak zutik jarri dira Xabi Tolosari merezitako agurra eta omenaldia eskaintzeko.