INFO

Euskal Herrian Euskarazek mobilizazioak deitu ditu Nafarroan Euskara Lege berria aldarrikatzeko

Nafarroan euskararen ofizialtasuna bermatuko lukeen Euskararen Lege berria aldarrikatzeko hainbat mobilizazioa deitu ditu Euskal Herrian Euskarazek. Apirilaren 22an izango da lehena, Bardeetan.

Euskal Herrian Euskarazen abenduan mobilizazioa egin zuen. (Euskal Herrian Euskaraz)

«Bada garaia, euskara ofiziala eta kitto!» lelopean bi elkarretaratze, ekintza bat eta mobilizazio nagusi bat iragarri ditu Euskal Herrian Euskarazek. Nafarroan euskararen ofizialtasuna bermatuko duen Euskararen Lege berria aldarrikatuko dute mobilizazioekin. Apirilaren 22an ekintza iragarri dute Bardeetan.

Gogora ekarri dutenez, pasa den abenduaren 15ean 36 urte bete ziren 1986an Nafarroa hiru eremu zatikatu zuen Vascuencearen Legea onartu zenetik. Salatu dute «zonifikazio horrek Nafarroa Garaiko herritarren hizkuntza-eskubideen zatiketa eta urraketa» ekarri zituela. Zatiketaren ondorioz nafar guztiek ez dituztela hizkuntza eskubideak bermatuta nabarmendu dute. «Hori gutxi ez eta, lege horren bitartez, euskararen normalizazioa ekidin nahi da, euskararen diglosia- eta mendekotasun-egoera luzaraziz», gaineratu dute.

Honen aurrean, EHEk Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza daukaten alderdi guztiek galdegin die lurralde osoan euskararen ofizialtasuna onartuko duen Euskara Lege berria onartu dezatela. Horretarako, elkarretaratzea egin zuten abenduaren 15ean eta hauteskundeen ataritan gauden honetan, «mobilizazioa indartzea eta euskararen ofizialtasuna agendaren lehen lerrora ekartzea» xede duten mobilizazioak deitu dituzte, «ezinbestekoa» dela iritzita.

Vacuencearen Legeak ezartzen dituen eremuetako bakoitzean mobilizazio bana egingo dute, eta ondoren, mobilizazio nagusia Iruñean. Eremu «ez euskaldunean» hasiko dute mobilizazio-zikloa apirilaren 22an 12.00etan Bardeetan egingo duten «ekintza zuzen» baten bidez. Eremu «euskaldun»-eko elkarretaratzea Igantzin izango da, apirilaren 29an, 19.00etan.

Ondoren, maiatzaren 6ean 12.00etan Tafallan, eremu «mistoko» elkarretaratzea egingo dute. Azkenik, mobilizazio nagusia izango dute Iruñean maiatzaren 13an, 12.00etan Konstituzio Plazatik hasita.

EHEk herritarrei dei egin die aipatutako mobilizazioekin bat egin dezaten, horrela «euskararen ofizialtasuna agenda politikoaren erdigunera ekartzeko».