Itxaropenaren kolore berdeak tindatu du Kutxabank Araskiren agur ofiziala Kopara begira
Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko kargu ezberdinek, Ahaldun Nagusia eta alkatea buru direla, agur instituzionala egin die Araskiri, ostegun gaueko 20.30ean Zaragozan etxeko taldearen aurka Kopako final-laurdenetako dema jokatu bezperan. Kopa jokatzen duen laugarren aldia da. gasteiztarrentzat.
Berdea omen da itxaropenaren kolorean, baita Kutxabank Araskirenak ere. Hala berdez jantzita, baina ez mozorrotuta azaldu dira astelehen eguerdi honetan, ostegunetik aurrera Zaragozan jokatuko den Emakumeen Saskibaloi Kopari begirako instituzioen agurrean.
Foru Aldundiaren balkoiak ere berdez jantzi dira Madelen Urieta eta bere jokalariei agur esateko, zorterik onena opatzeko, nahiz eta jakin ez dutela lantegi samurrik begi bistan. Aurreneko itzuliaren amaiera abenduko azken egunetan izan zen eta hiru hilabete hauek oso luze jo badute ere, hierarkiak bere horretan dirau Kopari begira. Hau da, osteguna hilaren 30ean 20.30etan Zaragoza, etxeko taldearen aurka jokatu beharko du talde gasteiztarrak, eta denboraldi honetan Araski eta Aragoiko taldearen arteko lehiak oso estuak izan badira ere –Mendizorrotzan arabarrak nagusitu ziren partida goitik behera irauli eta gero; Zaragozan, berriz, etxekoak nagusitu ziren, baina luzapeneko azken segunduan–, esan gabe doa Madelen Urietaren taldeari ezin dakiokeela garaipenik eskatu, eskatzea beti libre den arren.
Instituzioen agurrean behintzat ez da baikortasunik falta izan. Ramiro Gonzalez, Arabako Ahaldun Nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, erdi brometan, erdi serioski, «ea astelehenean berriz ere elkartzen garen» esanaz agurtu dira, Madelen Urietak eta enparauek irribarretsu entzun dituzten adierazpenak, egia esan. Instituzioen agur honetan, aipatu bi karguez gain, Ana del Val, Kultura eta Kirol diputatua, Livia López, Kirol eta Osasuna zinegotzia eta Ana Rosa López de Uralde, Arabako Foru Aldundiko kirol zuzendaria ere izan dira.
«Dagoeneko zazpi urte daramatzazue emakumeen saskibaloiaren gorenean eta Koparako sailkapena laugarrenez eskuratu duzue. Proiektu honek gizarte honek duen onena ordezkatzen du», adierazi du Ahaldun Nagusiak. «Helburu bat lortzen duzuen bakoitzean ilusio berezia pizten duzue gugan. Hargatik, zuekin izango gara, bai Zaragozan eta baita hemendik ere, zuen lanak sortzen digun ilusio horri erantzunez. Ilusioa eta handinahia, Araskiren kamisetarekin gorenera iritsi zaiteztela nahi dugulako, bai baitakigu barren dozen guztia ipiniko duzuela ahalik eta urrunen iristeko. Zuen kamisetan aditzera ematen den ‘Araski DNA’ hori aterako duzuelako», gaineratu du Ramiro Gonzalezek.
«Gauza oso on asko ari zarete egiten. Ez bakarrik kantxetan, baizik eta gizartearentzat. Zenbat neskatxa ez ote diren ari orain saskibaloian jokatzen; zuen lanagatik ez balitz, agian kirolik egingo ez luketen zenbat eta zenbat neska! Hori bada nahikoa lorpen gure gizartearentzat, baina horrez gain, eliteko kirolean egiten ari zaretena ere eredugarria da gaztetxoenentzat. Esan gabe doa Gasteiz guztia zuekin dagoela, hiri guztiaren babesa zuekin duzue eta ziur nago Araskizale guztiak igandeko finaleraino iritsiko ote zareten esperoan izango garela. Ea astelehenean berriz hemen elkar kusten dugun!», gaineratu du Gorka Urtaran alkateak.
Ametsak betetzen
Kutxabank Araskiko kideen adierazpenak laburragoak eta zentzudunagoak izan dira, rol hori betetzea dagokienez. «Kopara iristea bera amets bat da guretzat, baina aurrera egitea guretzat beste amets bat betetzea litzateke», adierazi du Madelen Urietak. «Ezin dezakegu osteguneko partida irabaziko dugunik hitzeman, baina saiatuko gara ilusioaz gainezka daramagun motxila hau erabat hustu artekoa ematen, eta ondorioa izan dadila motxila hori esperientzia ahanztezinez bete dezagula Zaragozan», eskatu du Kutxabank Araskiko entrenatzaileak.
«Hortarako partidari nola edo hala atxiki beharko gatzaizkio, berdin dio gauzak ongi edo gaizki nola ari zaizkigun une horretan ateratzen. Ez dugu inola ere amorerik eman. Gure izaera ateratzeko ordua izango da eta gerorako ezer gorde gabe jokatu beharko dugu. Horrekin guzgtiarekin, gure zaleen bultzadarekin eta zorte apur bat baldin badugu, garaipen bat behintzat lortuko al dugu Zaragozan», desiratu du Madelen Urietak.
Jokalariei asteartean dagokie luzeago hitzegitea. Esaterako, ikusi egin behar Tanaya Atkinsonen oina zernola dagoen Kopara begira. Zapatuan ez zuen jokatu baina badirudi ostegunean jokatzeko moduan izango dela, topera ez bada ere. Nolanahi, Natalie Van den Adel eta Maria Asurmendik esker oneko hitzekin amaitu nahi izan dute agur ekitaldi hau.
Laburrean, Van den Adel Gasteizko herbeheretarrak, «garaipena lortuko dugula ezin dugu promesarik egin, baina bai azkenera arte borrokatuko dugula. Ea egia den astelehenean berriro elkartzen garela!», desiratu du.
«Txundituta gaude ekitaldi hau guretzat prestatu duzuelako, balkoietan eskegita ikusi ditugun bandera berde horiengatik eta jendearengandik sentitzen ari garen maitasun hau guztiagatik», onartu du, amaitzeko, Maria Asurmendi kapitainak. Antolatzaile iruindarraren hitzetan, «Kopara itzuli ahal izatea egia bihurtu den amets bat betetzea da. Erronka oso handia da, baina badakigu zaleen laguntza handia jasoko dugula, bai hemen eta baita Zaragozan ere eta noski gustatuko litzaigukeela astelehenean berriz hona itzultzea zeozer ospatzeko dagoelako, baina Gasteizko hiriaren ordezkari izatea bera ohore handia da guretzat».