INFO

Bonbardaketaren ondotik hobi komunetan lurperatutakoak omendu ditu aurrenekoz Durangoko Udalak

1937ko Durangoren aurkako bondardaketetan erail eta gero hobi komunetan lurperatu zituzten herritarrak omendu ditu lehen aldiz Udalak, ostegun honetan hilerrian inauguratu berri den Oroimen Gunean.

Lore eskaintza Durangoko hilerriko Oroimen Gunean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Jesus Arregi artista bizkaitarrak landu du Durangoko hilerrian inauguratu berri duten Oroimen Gunea, duela 86 urteko bonbardaketa faxistaren ondoren ahanzturan geratu ziren dozenaka pertsonen memoria aldarrikatzeko helburua duena.

«Bonbardaketa horretan izen eta abizenik gabe lurperatutakoen memoria aldarrikatu nahi dugu, eta espazio berri honek senideek euren arbasoak omentzea ahalbidetuko du. Udal modura zor bat genuen senide guzti horiekin 86 urteren ostean, eta gaur hainbat eta hainbat senide ikusteak bihotzak bete dizkigu», adierazi dute ekitaldian Ima Garrastatxu Durangoko alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

1937ko Durangoren aurkako erasoaldi faxistak ehunka hildako eta zauritu utzi zituen, eta horietako batzuk herriko hilerrira eraman eta hobi komunetan lurperatu zituzten, ahanzturan geratuz. Dokumentu ezberdinen arabera, 84 gorpu lurperatu zituzten. Dena den, eta gorpuzkinak bertan egon zirela grafikoki jasota dagoen arren, iaz Aranzadi Zientzia Elkarteak prospekzio bat egin zuen hilerrian, baina ez zen gorpuzkirik atzeman.

Ima Garrastatxu eta Julian Rios, Oroimen Gunearen inaugurazioan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hala ere, Gerediaga eta ‘Durango 1936’ elkarteek zein herriko ikerlari ezberdinek behinola lurperatutako pertsona horiek identifikatzeko ikerketaren lehen fasea abiatu zuten 2021ean. Helburu bikoitzarekin egin zen ikerketa: lurperatu zituzten pertsonak identifikatzea, eta, ostean, haien senideak aurkitzea. Durangoko Udalarekin elkarlanean, 2021eko abenduan senideekin topaketa bat antolatu zen Durangon. Bertan 50 familia inguru bildu ziren, eta askok han bertan jakin zuten lehen aldiz beren senideen heriotzaren kokalekuaren berri.

«1937ko bonbardaketa hartan erail eta lurperatu zituzten arren, pertsona horiek durangarron oroimenean egon dira ordutik. Oroimen gune hau zuentzat da, 86 urteren ostean zuen senideak oroitzeko eta omentzeko espazio duin bat izan dezazuen. Durangon ere egia, justizia, duintasuna eta erreparazioa aldarrikatzen dugu, eta omenaldi honek norabide horretan sakondu nahi du», adierazi dute Garrastatxuk eta Riosek.

Ikerketa irekita dagoen arren, orain arte 50 pertsona baino gehiago identifikatu dira, baina gainontzeko kasuetan ez da posible izan, momentuz. Kasu askotan, oso erreferentzia soilak izan dira abiapuntu: «Identifikatu ezin da», «Otxandianoko miliziano bat» edo «XX zk.ko identifikazio-plaka»; beste kasu batzuetan, berriz, biktimaren sexua edo gutxi gorabeherako adina aipatzen da.

Identifikatutako pertsonen izenetatik eta bestelako informazioetatik, hurrengo pausua euren ondorengoak bilatzen hastea izan zen. Ikertzaileek aipatu zutenez, «familia horietako batzuek ez zuten Durangoko hilerriko datua ezagutzen, beti pentsatu izan dutelako gorpuzkiak Aramaion edo Otxandion geratu zirela, esaterako».