INFO
Elkarrizketa
Ander Imaz
Baikoko atzelaria

«Debutatu nuenean edozein komentariok eragiten zidan eta gaur egun paso egiten ikasi dut»

Bere bigarren final handiaren atarian, oiartzuarrak bere buruarengan konfiantza handia irabazi izana trasmititzen du NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan, urteetan egindako lana balorean jartzen du eta baita Oiarpe klubean gaztetxoekin aritzeak ematen diona ere.

Ander Imaz, Nafaroa Arenaren kanpoaldean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bigarren finala zer da, konsakrazioarena?

Oso gustura, azkenean kontziente naiz ze zaila den final batean egotea. Iaz arte ez nuen aukerarik izan. Iazko finala jokatzeak, nik uste dut, nire buruarengan konfiantza sortu zuela eta aurten bigarren bat jokatzeak esan nahi du lana ondo egiten ari garela.

Zer ikasi zenuen lehen final hartan?

Aparteko partida bat da, beti amesten dugun partida horietako bat, beti jokatu nahi ditugunetako bat, baina kontziente naiz baita ere zein zaila den hemen egotea. Asko ikasten da egun hauetan. Halako txapelketa luze batean gorabeherak egoten dira eta asko ikasten da, eta baita finalean ere. Nik uste dut bukaera arte aukerekin izan ginela final hartan. Pena azkenean ezin izan genuelako irabazi, baina aurten beste aukera bat daukagu eta horren bila joango gara.

Iazko finala jokatzeak zure estatusa aldatu du?

Tira, azkenean debutatu zuen Ander Imaz eta oraingo Ander Imaz beti saiatu da partida bakoitzean dena ematen, jendeak ikustea saiatzen naizela gauzak ahalik eta ondoen egiten. Iazko udan partida asko jokatu nituen, debuta egin nuenetik lesio gutxi izan ditut eta partida dezente jokatzeko aukera izan dut; baina, egia esan, garbi dagoena da finala jokatzeak jendearengan sortu duela beste ikusmin bat, nabaritu dut jende gehiagok ezagutzen nauela, kasu gehiago egiten didala.

Ezagunagoa zara?

Ez dakit finalagatik den, baina debutatu nuenetik bai. Debutatzetik primeran jokatzera asko nabaritzen da, jendeak askoz gehiago hitz egin edo idazten dit.

Udan partida gehiago eta hobeak izan zenituen iaz?

Seinale ona da, herrietatik eskatu nautenaren seinale, enpresak ere zugan konfiantza duenaren seinale eta saiatzen naiz beti nire mailarik onena ematen. Uda, gainera, guretzat dagoen garairik politenetakoa da; herri asko, festetako partida asko...

100 partida jokatu dituzu dagoeneko Binakakoan, bada zerbait.

Aurrekoan enteratu nintzen. Debutatu eta segituan sartu nintzen Albisuren ordez, Iñakirekin [Artola]. Lau edo bost urte neramatzan profesionaletan eta ikusi nuen maila horretan jokatu behar banuen asko hobetu beharko nuela, gauza askotan gora egin. Orduan esan izan balidate 100 partida jokatuko nituela lehen mailan, "hau erotuta dago" esango nuke.

Eta egin duzu gora.

Bai, nik uste baietz. Saiatzen naiz nire ahulguneak hobetzen, gauzak ahalik eta ondoen egiten eta kontzientzia garbi izan, ahalik eta gehiena egin dudala maila honetan egoteko eta ahalik eta urte gehien egoteko. Saiatu naiz aireko jokoa hobetzen, ezkerrarekin ordu gehiago sartzen eta nik uste dut debutatu nuenean baino askoz pilotari hobea naizela.

«Binakakoan debutatu nuenean esan izan balidate 100 partida jokatuko nituela lehen mailan, 'hau erotuta dago' esango nuke»

Hori nola egiten da?

Orduak eta orduak sartzen. Entrenatzen ere eskuinaz baino askoz ordu gehiago sartzen ditut ezkerrez. Eskuinez normalean nahiko ondo moldatzen naiz baina ezkerrez partidetan agian konfiantza puntu hori falta zait. Eta boleaz edo sotamanoz entrenatzen ere bai, hor hobetu behar dudala badakit eta saiatzen naiz nire ahulgune horiek ahalik eta gehien hobetzen eta pilotari osoagoa izaten.

Eta fisikoki ere aldatu zara.

Bai, debuta egin nuen ia gimnasiotik pasa gabe eta nik uste orduz geroztik kilo batzuk hartu ditudala, nire buruarengan ere konfiantza handiagoa daukadala eta fisikoki ere partida gogorrei nahiko ondo eusten diedala. Alde horretatik, nire indarguneetako bat da fisikoki eusten diodala, partida gogorra izanagatik, antzeko segitzen dudala lanean eta horretan nabaritu dut bai.

Debuta aipatu duzula, esan izan duzu ia txiripaz egin zenuela. Nola izan zen?

Bai, horregatik baloratzen dut asko nagoen tokian egotea. Ia 21 urte eginda debutatu nuen, ia enpresa batek ere ez zidan deitu entrenamendu bat egiteko. Afizionatuetako azken urtean ia dena irabazi nuen eta deitu zidaten pare bat entrenamendu egiteko, saio onak egin nituen, bat falta zuten eta igo egin nintzen. Orduan esan balidate gaur egun bizitzen ari naizena biziko nuela, ez nukeen sinistuko.

Azken hiru partidetan amildegiaren ertzean egon zarete.

Nik uste alanbrearen gainean denbora asko egon garela txapelketa guztian zehar eta batez ere, play-offean. 14 partidetako lana jokoan, 21-19 galtzen, finalerdietatik hanka eta erdi kanpora eta hiru aste geroago, final batean. Nik uste sekulakoa dela. Momentu zailak bizi genituen biek ere partidan zehar eta jakin genuen, presiorik gehieneko momentu horretan, gure mailarik onena ematen eta nik uste horrek ere balorea duela. Unaik [Lasok] ere azken momentutan arriskatzea erabaki du eta beti ondo atera zaio, eta sekulako konfiantza ematen du partida horiek irabazteak.

«Alanbrearen gainean denbora asko egon gara txapelketa guztian zehar eta batez ere play-offean»

Lehen ia gimnasiorik zapaldu ez eta orain ia bertatik irten gabe, eta eskerrak, ze a zer nolako partidak azken hiru hauek!

Gaur egun fisikoki lan eginda ere zaila da hor goian mantentzea eta lanik egin gabe nik uste ezinezkoa dela. Saiatzen naiz bai frontoian eta bai gimnasioko lana ondo egiten; batzuetan irteten da, besteetan ez, baina behintzat saiatu %100a ematen, bai janari aldetik, deskantsua... Azken partidetan, nahiz eta gogorrak izan, Unai eta biok ondo eutsi diogu eta horrek esan nahi du lana ondo egiten ari garela.

Eta inork ez dizula ezer oparitu.

Bai, asko baloratzen dut. Askotan etxekoek eta nik dakigu zenbat lan egin dudan hemen egoteko eta ikusten da azkenean lanak fruituak ematen dituela. Psikologikoki ere beste pilotari bat naiz debutatu nuenetik, ze momentu txarretatik irteteak gogorrago egiten zaitu pilotari bezala eta asko ikasi dut urte hauetan.

Bereziki zer esango zenuke ikasi duzula?

Lehen edozein komentariok askoz gehiago eragiten zidan. Debutatu nuenean, berria zara eta segituan edozein pertsonaren komentarioak eragiten zidan eta, gaur egun, egia esan, jendeaz askoz gehiago paso egiten ikasi dut. Jendearen komentarioak normalean onak dira baina komentario txar batek ez dit hainbeste eragiten eta horretan ikasi dut gehien.

Posible da isolatzea?

Bai, azkenean da jendeari ze garrantzi ematen diozun. Urteekin ikasten duzu benetan zein dagoen zurekin eta zein ez. Eta betiko jendearekin babesten naiz, etxekoengan eta betiko lagunengan. Alde horretatik, oso inguru ona dut eta horrek laguntzen nau.

Lasorekin jokatzeak ederra izan behar du, baina ez al du presio puntu bat igotzen?

Tira, badakizu Unairekin, bera ondo badago eta zuk laguntzen badiozu, aukerak dituzula borroka horretan ibiltzeko, baina badakit halako txapelketa batean eta dauden bikoteekin, gauden lekura heltzea oso zaila dela. Lehen urtean izan zitekeen pixka bat bikote berria ginela eta presio gutxiagorekin heltzea, baina bigarrenez iristeak esan nahi du biak ari garela oso txapelketa ona egiten eta presio puntu hori nik ez nuke esango izan dudanik. Azkenean gozada bat da berarekin jokatzea, asko laguntzen nau, konfiantza handia dut beregan. Kantxatik kanpora ere nik uste harreman ikaragarria daukagula eta beti esaten dudan gauza bat da: halako txapelketa batean zure lagunarekin konfiantzarik ez baduzu oso zaila dela urrutira heltzea.

Elkar ondo ezagutzeak ere lagunduko zizuen aurten, ezta?

Oso positiboa da. Gure artean sekreturik ez dago, egunero batera gabiltza. Aste honetan ere egunero batera, elkarrekin bazkaldu, musean partida bat... Telefonoz edo whatsappetik egunero gaude. Azkenean bizikidetza bat da, bikote bat izango bagina bezala, eta ahalik eta ondoen ulertzea garrantzitsua da.

Kanpotik ematen du aurtengo txapelketa zailagoa izan dela zuentzat.

Bai, izan daiteke, azkenean iaz presiorik gabe sartu ginen, hasieratik oso ondo hasi ginen biak eta bete-beteko txapelketa egin genuen; lesiorik gabe, biok oso ondo, presiorik gabe... Eta aurten txapelketa gogorragoa izan da, batez ere niretzat. Eskuko arazoengatik kosta egin zait eta txapelketa hasieran joko gutxi samarrarekin hasi ginen biak, baina lortu genuen partida batzuk irabaztea eta horrek ere konfiantza eman zigun biei, ikusteko nahiz eta %100ean ez egon,   partidak irabazteko aukerak genituela. Gero oso bolada on bat izan genuen, partida dezente irabazten, goiko postuetan jarri ginen eta gero eskuko min horrekin pixka bat izorratu zen bolada hori. Ni ere beldurrez, hilabete etxean pasa nuen eta ia entrenatu gabe itzuli nintzen berriz. Zerbaitez harro banago, horregatik da; ia hilabete etxean egon eta ia entrenatu gabe irtetea ez da erraza eta emandako maila horrekin oso gustura nago.

«Zerbaitez harro banago, horregatik da; ia hilabete etxean egon eta horren ostean emandako maila horrekin oso gustura nago»

Zu, normalean, ez zara gainera eskutik sufritzen duen horietakoa.

Zortea izan dut, debutatu nuenetik lesio gutxi izan ditut, eskuko min gutxi, iaz arazoak zero. Iaz tako berdinekin jokatu nuen txapelketa guztia eta aurten ia partida bakoitzean tako berriak egiten, beste urteetan baino justuago ibili naiz. Baina halakoetan ere jakin egin behar da takoak moldatu edo tako gehiagorekin jokatzen eta behintzat azken partidetan asmatu dut eta horrekin gustura nago.

Esango zenuke zure ibilbideko unerik onenean zaudela?

Bai, dudarik gabe. Azkenean 7 urte dira profesionaletan, beste perspektiba batekin ikusten duzu pilota, bigarren finala, asko gozatzen... eta nik uste unerik onenean naizela, dudarik gabe.

Txapelketatik kanpo, umeak entrenatzen dituzu Oiartzunen. Zer moduzko esperientzia da?

Oso gustura nabil. Debutatu aurretik hor nenbilen. Oiarpe nire kluba izan da, dena eman didate, erraztasun guztiak entrenamenduetarako, aita ere hor izan zen delegatu bezala, estimu handia diodan kluba da. Saiatzen naiz mutikoekin harreman ona izaten, haiei laguntzen, ze ni ere hortik pasata nago eta oso gustura joaten naiz. Gauzak oso ondo egiten ari den klub bat dela.

Astean bitan joaten naiz. Beti barrez, harreman oso ona dut mutikoekin eta, nahiz eta pilotaren munduan egon, egia esan deskonektatzeko balio dit. Ni nagoen lekura heltzeko beste batzuk ere aurretik lana egin zuten eta ez zait ezer kostatzen. Beste txapelketetara joan, jendea ezagutu...  Pilotak duen gauza politenetako bat hori da, irabazi edo galdu, lagun berriak egin, jende berria ezagutu, herri desberdinak ezagutu... Afizionatu mailan herri asko ezagutzen dira, eta nik uste oso baliagarria dela pertsona bezala.

Azkenaldian badaude, Etxeberria eta, maila oso onean diren batzuk.

Beraien entrenatzaile izandakoa naiz eta laster egurra emango didate (barrez), baina seinale ona da hori guretzat. Oihan, Unax Landa, Zabaleta... herriartekoan oso lan ona egiten ari dira eta harrobi oso polita daukagu, eta zergatik ez da laster profesionaletan gurekin egongo?

Partidaren batean Altunari txistuak ere entzun ditugu, zer iruditzen?

Jokin pilotaririk onena dela eta jende askok askotan galtzea nahi du, baina nik uste frontoi batean errespetatu behar dela bai alde batekoa izan edo bestekoa. Bakoitzak bere gustuak ditu baina pilotari bati txistu egitea errespetu falta bat dela uste dut.