INFO

Andoni Aizpururen eguraldi iragarpena euririk gabeko Topagunerako: «Zuek berotuko duzue giroa»

Andoni Aizpuru kazetari eta telebista aurkezleak ostegun honetan hasiko den Gazte Topagunerako eguraldi iragarpena egin du Elorriotik: «Asteburuan bota du euri guzti-guztia eta eguraldiak lagundu egingo du».

Andoni Aizpururen eguraldi iragarpena Gazte Topagunerako. (Ernai)

Apirilaren 6tik 9ra bitartean izango da aurtengo Gazte Topagunea Elorrion. Ernaik hamar urte bete berri dituenean hitzordua «hamarkada oso baten elkargune» izango da eta, azken urteetan bezala, eguraldiak lagundu egingo du. Hala iragarri du Andoni Aizpuru kazetari eta telebista aurkezleak.

Elorriotik grabatutako bideo baten bitartez, kazetari eta telebista aurkezleak ostegunetik igandera bitarte ez dela euririk espero jakinarazi du: «Asteburuan bota du euri guzti-guztia eta eguraldiak, oraingo honetan ere, lagundu egingo du».

Hala ere, ipar-ekialdeko haizea egongo dela eta tenperatura ez dela 20 gradutik igoko ohartarazi du. Egunez 15-16 gradu inguru eta gauez fresko egingo du, 5-6 gradu. «Baina giro hotzik ez dago zuen inguruan. Zuek berotuko duzue giroa», nabarmendu du.

Ostegunean hasiko da, 13.00ean izango den harrera ekitaldiarekin; ostiralean ‘10 urtez Ernai’ eguna izango da, urteurrenari lotutako eskaintza berezitu batekin; larunbatean familientzako jarduerak antolatu dira, eta igande goizean Iruñeko Aberri Egunera joango dira.

Hamarnaka hitzaldi, kontzertu, mahai-inguru eta mota askotako ekimenak egongo dira. Musika egitaraua Atarazarata kontzertu gunean eta herriko plazan izango da Zetak, Su ta Gar, Merina Gris, Brigade Loco, Olaia Inziarte, Los Chikos del Maiz, Lukiek talde eta musikariekin, besteak beste.