INFO
Elkarrizketa
Asier Etxenike
Hezkuntza Plazara ekimeneko kidea

«Hezkuntza Lege berria onartuta ere indarra egin beharko da haren edukiak garatzeko»

Lakuak laster ezagutaraziko du Hezkuntza Legearen aurreproiektua eta Hezkuntza Plazara-ko kideek espero dute testua Parlamentuan adostutako akordioarekin bat etortzea. Dena den, Asier Etxenikek adierazi duenez, legea onartuta ez da bidea bukatuko: edukia egikaritzeko lanean jarraitu beharko da.

Asier Etxenike. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hezkuntza Legearen aurreproiektua aurkeztekotan da Lakua. Zer espero duzue?

Informazio gehiegirik ez daukagu. Legebiltzarrean lau alderdi nagusien artean Hezkuntza Akordioa lortu zenetik irailean aurkeztu zuten zirriborrora distantzia handia ikusi genuen, eta kritikak jaso zituen. Esango nuke inork ez duela zirriborroa ontzat eman, eta espero dugu oraingoan Akordioaren edukiarekiko fideltasun maila altuagoa izatea.  

Duela urtebete aipatzen zen abaguneak hor jarraitzen du?

Baietz uste dugu. Askotan politikariei akordioetara iristea eta alderdikerietatik harago joatea eskatzen zaie, eta uste dut gutxi baloratzen dugula Legebiltzarreko %90 ordezkatzen duten politikariak ados jarri izana. Horrek, noski, gauza batzuetan norbere agendatik aldentzea eskatzen du, eta ziur aski alderdi bakoitzak bere esparruan kritikak, presioak izango ditu, baina %90aren akordio bat da, eta horrek oinarri oso sendoa ematen du. Hori balioan jarri behar da. Eta diagnostikoan ere proportzio horretan ados gaudela esango nuke; zer behar dagoen, zer gabezia... Guretzat abagunea erabat irekita dago, oinarriak gainera adostuta daude, eta kontua da bide horretan urratsak egitea, batzuetan kontraesanekin, hezkuntza sistema hobea lortzeko.

Dena ondo bidean, lege berria onartuko da, baina legea onartuta ere ez da bidea amaituko, ezta?

Horixe. Gauza bat da legea, eta horrek agertoki batzuk marrazten  lagundu dezake, baina gero agertoki horretan aktoreek aritu behar dute. Egun indarrean dagoen legeak ere gauza asko ditu garatu gabe; horien artean, ikastetxeen autonomiaren ingurukoak. Berdin euskararekin; teorian hizkuntza ereduen sistema honek ikasle guztiak euskaldundu beharko lituzke, baina ez da hori gertatzen. Hori badakigu duela 20 edo 30 urtetik, eta ez dago bestelako neurririk horren inguruan. Beraz, legea bai, baina gero martxan jarri beharko da, eta jendeak, hezkuntza komunitateak, indarra egin beharko du norabide horretan urratsak egiteko eta ez daitezen gelditu gauza batzuk garatuta, interes jakin batzuen alde, eta beste batzuk, garatu gabe.

Duela egun batzuk Donostian egindako agerraldian agenda berri bat egikaritzeko beharra nabarmendu zenuten. Zeintzuk izango lirateke agenda berri horren ezaugarriak?

Hainbat eremu azpimarratu ditugu. Euskalduntzearen inguruan, adibidez, uste dugu adostasun handia dagoela esateko gaur egungo neurriekin ez dela nahikoa, hizkuntza ereduen sistema honek ez dituela ikasle guztiak euskalduntzen. Eta hori helburu bat da guztiontzat, azkenengo inkesta soziolinguistikoan ere ikusi da ideia hori hegemonikoa dela eta, beraz, erantzun bat eman behar zaio. Eta horretarako baliabide gehiago behar dira. Adostasuna sortzen duen beste ideia bat da eskolak bakarrik ezin duela hori lortu. Are gehiago egin dezake, eta horretan indarra egin behar dugu, eta horregatik aipatzen ditugu ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, baina eskolak askoz integratuago egon behar du bere komunitate sozialean, ez bakarrik hezkuntza komunitatean. Eta integrazio horren barruan motorra izan behar du, neurri batean. 80-90eko hamarkadetan eskolek funtzio hori bete zuten, kulturalki ere bai, ez bakarrik hizkuntzaren eremuan.

Beste eremu bat, horrekin lotura handia duena, herrietako hezkuntza proiektuena da. Ikusten ari gara ikastetxeen artean, sareen artean, talka asko daudela, gaizki ulertuak, interes desberdinak daudela, eta ematen du ikasleen eskubideen edo beharren gainetik askotan sareen interesak gainjartzen direla. Sare eta ikastetxeen arteko desberdintasunak apaldu behar direla uste dut, eta horretarako beharrezkoak direla hezkuntza komunitateak elkarrekin egoteko, elkar ezagutzeko, elkarri entzuteko eta bestearen errealitatea hobeto ezagutzeko balioko duten espazioak. Ikuspegi horretatik, herri bakoitzak badauzka herri horretako ikastetxe guztiek garatu ditzaketen ezaugarri propioak.

Ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, herri mailako hezkuntza proiektuak... Horiek guztiak batera ezarriko lirateke edo zerbait progresiboa izango litzateke?

Hemen aldaketa handia behar dela ulertzen dugu, eta aldaketa hori ez da izango egun batetik bestera. Progresiboa izango dela eta izan behar duela uste dugu, baina progresibitate horretan apustuak anbiziodunak izan behar direla.

Horregatik aipatzen ditugu proiektu pilotuak. Ziur asko hau ezin izango da sistema osoan une berean ezarri, aldaketa oso handia delako eta inbertsio handia egin beharko delako, eta hautatu beharko dira ezaugarri desberdinetako zenbait ikastetxe edo herri, proba hori egiteko. Ezaugarri desberdinetakoak diogu proiektu pilotuak izango badira, gero beste batzuentzat eredugarriak izan beharko direlako, eta guztien ezaugarrietara hurbildu beharko direlako. Ikastetxe eta herri horietan pilotaje hori egin beharko da, eta jarraipena egin beharko zaio, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusteko eta hobekuntzak txertatzen joateko.

Ezagutzen ditugun beste esperientzia batzuetatik –Dima, Egia...–, lau urte inguruko prozesuez ari gara, hezkuntza komunitate bakoitzean eztabaida sakon bat eskatzen duelako, adostasunetara iristea, eta pentsaera asko aldatzea ere bai. Ez bakarrik praktika pedagogikoan, hezkuntza komunitatean ikuspegi oso bat eraldatzea eskatzen du.

Ikastetxeetako hizkuntza proiektuekin eta herrietako hezkuntza proiektuekin batera, agenda berriko eremu gisa Euskal Curriculuma aipatzen duzue. Aspaldiko auzia da Euskal Curriculumarena. Zer garrantzia ematen diozue?

Bere momentuan adostutako curriculum hori sekulako prozesua izan zen, jende askok parte hartu zuen, eta guretzat oso eredugarria da. Baina dagoeneko hamabost urte edo gehiago pasatu dira eta hori guztia eguneratu egin behar da. Arlo horretako adituek curriculumaren eremuan aldaketa asko egon direla esaten digute, curriculuma bera nola ulertzen den ere asko aldatu dela. Edukietan ez ezik, prozeduretan edo curriculumaren ulerkeran ere egin beharko da eguneraketa. Kasu honetan Euskal Herri osoaz ari gara, eta hori beste logika batekin egin beharko da, beste ibilbide bat beharko litzateke.

Pilotaje lan horretarako lau urteko epea aipatu duzu...

Horrelako prozesu bat martxan jarri dutenek bide osoa egiten lau urte inguru pasatu dituzte, baina tartean emaitzak jasotzen doaz. Lehenengo zehaztu beharko da zer kopururekin egingo litzatekeen pilotajea, hori ere eztabaidatu eta adostu beharko delako, eta gero ikusi beharko dira paraleloan doazen prozesuak. Izan ere, kontua ez da datorren urtean hogei eta hamar pilotaje egitea eta lau urte barrura arte denak zain egotea. Bestalde, Hezkuntza Sailetik bideratuta daude hainbat programa, gaur egun dagoeneko martxan daudenak: horiek ere koktelera horretan sartu beharko lirateke eta ikusi zer bilakaera duten denek.

Litekeena da lege berria legealdi honetan onartzea, baina bide horretan arrisku edo mehatxurik badago?

Bai, hainbat mailatan, gainera. Alde batetik, hizkuntza ereduek ez dute funtzionatzen, hori edozeinek ikus dezake, eta hori gainditu behar da, baina batzuek erresistentziak dauzkate gai horrekin. Horrekin batera, epaitegietatik zer sententzia iristen ari diren ikusten ari gara, eta ulertzen dugu hori ere mehatxu bat dela. Hori da agertokia. Horren aurrean, guretzat, euskalduntze prozesuan hezkuntza zutabeetako bat da. Are gehiago, gizarte mailan babes handiena duen zutabea da; haurren euskalduntzearen beharraz ez dago zalantzarik.

Euskalduntze prozesuan paradigma aldaketa bat eman behar dela ere uste dugu: kontua ez da horrenbeste pertsonak euskalduntzea, espazioak euskalduntzea baizik, eta bide horretan hezkuntzak eta eskolak funtzio hori bete behar dute.

Mehatxu batzuk badaude, baina gizartean ideia hori hegemonikoa dela ikusten dugu, jendearen babes zabala daukala, eta zilegitasun osoa daukagula urrats horiek egiteko.