INFO

Ikerketa batek baieztatu du emakumeek egindako ekarpenak falta direla arkeologia museoetan

Emakundek egindako ikerketa baten arabera, emakumeek historiari egindako ekarpen gutxi daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako arkeologia museoetan. Horren aurrean, joera zuzentzeko beharra azpimarratzen dute ikertzaileek, «aipatzen ez dena ez delako existitzen».

Erdian, Teresa Lopez-Campos ikerlaria eta Miren Elgarresta, gainerako ikerlariekin batera. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako museo arkeologikoen errelatoa «partziala eta bakarra» da, maskulinoa, zehazki. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanerako bekaren emaitza izan den ikerketaren arabera, ez dago emakumeen presentzia argirik museo arkeologikoetan eta haien edukiak joera androzentriko «argia du».

Historian eta diskurtso historikoan emakumeen presentzia aztertu duen ‘Euskadiko ondare arkeologikoaren (BER) irakurketa feminista: berdintasuna historian, genero-ikuspegiari esker’ ikerketa aurkeztu du astelehen honetan Teresa Campos-Lopezek, ikerlarietako batek, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera.

EHUko ikerlariarekin batera Itziar Aloria, Onintza Odriozola, Janire Castrillo eta Aitziber Gonzalezek aztertu dituzte Bilboko Arkeologi Museoaren, Irungo Oiasso Museoaren eta BIBAT Gasteizko Arkeologi Museoaren funtsak.

Ikerketaren arabera, museoetan eskaintzen den kontakizunean gizonak komunitateen funtsezko eragileak dira eta emakumeak ez dira funtzio politiko-sinbolikoak garatzen agertzen. Gainera, estereotipoetan oinarritako diskurtsoak transmitzen dira maskulinitate hegemonikoa soilik bistaratuz. Objektuen kasuan ere, eremu femeninoei dagozkienak bigarren plano batean ageri dira.

Campos-Lopezek azaldu duenez, azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa izan da. Museoen testuak, irudiak, objektuak eta multimedia edukiak aztertu dituzte, emakumeek egindako ekarpenen elementuak zenbatuz eta hauen trataera aztertuz.

Esate baterako, testuetan maskulino generikoa eta emakumeen errelatoa nola egin den ikertu dute eta irudietan emakumeen pasibotasuna, sumisioa, adin eta gorputz desberdinen presentzia eta estereotipoak arakatu dituzte.

«Gero eta kontzientzia handiagoa»

Gainera, ikerketa zeharkakoa izan dela nabarmendu dute. Izan ere, elkarrizketa eta formularioen bidez lanean ari diren arkeologoei genero gaiei dagokienez irizpideak eta jarduteko moduak azal ditzaten galdetu diete. Esate baterako, zer hartzen den kontuan txostenetan eta diskurtso historikoa egitean.

Honetan emaitzak «positiboak» izan direla azaldu du Teresa Lopez-Camposek, arkeologoen artean «gero eta kontzientzia handiagoa» baitago genero ikuspegia bezalako metodologiak aplikatzeko beharraz. Hala ere, hizkuntza ez-sexista erabiltzearekin edo baliabide batzuetan emakumeak agertzearekin baino ez da lotzen.

Landu beharreko bi alderdi

Emaitzak ikusita, landu beharreko bi alderdi aipatu ditu Lopez-Camposek. Alde batetik, kontakizunean eta diskurtsoetan beste jarduera batzuk txertatzeko lan egiteko beharra, hala nola zaintza, hazkuntza edo mantentze jardueretan. Bestalde, jarduera historikoetan emakumeen ekarpena aintzat hartzea, ehizan, esate baterako.

Asmoa orain aldaketak «praktikan jartzea» dela zehaztu du ikerlariak, erakusketa iraunkorretan aldaketak egitearen zailtasunak kontuan hartuta. «Ea ikerketak balio duen museoek jakin dezaten zer hobetu edo eragin handiagoa izan behar duten. Aldaketak egon daitezen lanean jarraitzen dugu, eta horiek ikuspegi zientifiko eta profesionaletik izan daitezen», esan du.