San Mamesen arima, argiak itzali eta eztanda egin dezakeen lapiko zuri-gorria
Athleticek hamarkada bat baino gehiago darama finalerdi batzuetako partida erabakigarria etxean jokatu barik. Harmailaren hauspoa erabakigarria izango dela sinetsi arren, zale zuri-gorriek denetarik bizi izan dute. Penaltietara galtzetik, nagusitasun osoz aurkaria menderatzera.
Athleticen historia estuki lotuta dago Kopa txapelketari. Bartzelonaren ostean titulu gehien eskuratu dituen taldea da. Kataluniarrek 31 lortu dituzte eta 24 aldiz irabazi dute zuri-gorriek. 1984an altxa zuten azken aldiz trofeoa Maradonaren Bartzelonaren kontra, hain zuzen ere. Endikaren golak eta amaierako borrokak memorian iltzatuta jarraitzen du. Geroztik, sei biderrez izan dira txapeldunordeak eta 2009tik Kopako bost final jokatu dituzte.
Talde zuri-gorriarentzat ohikoa bilakatu da azken hamabost urteetan finaletara heltzea batez ere Kopan, baina baita ere Europa mailan eta Superkopan. Hamar final jokatu ditu, nahiz eta bi titulu bakarrik irabazi dituen. 2015eko eta 2021eko Superkopak. 1985ean Atleticoren aurka galdu ondoren asko kosta zitzaion berriro final batera iristea.
90. hamarkadan Europarako eta Txapeldunen Ligako sailkapenak gogotsu ospatu ziren Bilbon, baina XXI. mende hasierararte ez zen Koparen ilusioa bizitzeko aukerarik izan. 2002an Jupp Heynckes alemaniarrak zuzentzen zuen taldeak galdu egin zuen finalerdietan Real Madrilen aurka eta 2005ean heldu zen hurrengo aukera. Oraingoan bezala, Osasunak finalerdiak jokatu zituen eta gol bateko errenta eskuratu zuen Sadarren jokatutako joaneko norgehiagokan.
Valverderen agindupean, Ligako talde erasokorrenetako bat bilakatu ziren zuri-gorriak sasoi horretan. Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren lau taldeen ostean gol gehien egin zuen taldea izan ziren. Europan ere sekulako balentriak egin zituzten Standard Lieja taldeari 1 eta 7 irabazita. Hala ere, giroa okertzen hasi zen klubaren barruan Valverde eta Fernando Lamikizen zuzendaritzaren artean. UEFA txapelketan Vienako Austriaren aurkako kanporaketa galtzea ezusteko kolpea izan zen eta entrenatzaileak ez zuela hurrengo denboraldian jarraituko adierazi zuen martxoaren hasieran.
Ziklo baten amaiera
Gimnastica Segoviana, Cultural Leonesa, Lanzarote eta Bigarren Mailan zegoen Adurizen Valladolid gainditzea lortuta, Athletic Kopako finalerdietarako sailkatu zen. Benito Villamarin zelaian jokatutako joaneko partidan zuri-gorriak nagusi izan ziren, baina ez zuten golik egitea lortu (0-0) eta San Mamesen irabazi beharra zeukaten aurrera egiteko.
Betisek talde indartsua zeukan, batez ere erasoan. Oliveira, Denilson, Edu eta Assunçao brasildarrak ziren ikur nagusiak, Joaquin gaztearekin batera. Europarako lehian zeuden bi taldeak murgilduta eta Ligan San Mamesen jokatutako azken partidan gol festa izan zen (4-4). 0 eta 3 aurreratu ziren andaluziarrak, baina Athleticek puntu bat erreskatatzea lortu zuen. Itxaropena zen nagusi Bilbon eta zuri-gorriz jantzi ziren hiriaren zirrikitu guztiak. 20 urte igaro ziren Kopako azken finaletik eta zaleek eztarriak urratzeko prest zeuden. Poza kalean berotzen joan zen giroa egun osoan zehar. 40.000 lagun elkartu ziren San Mames zaharreko harmailetan eta lehen minututik animatzen egon ziren.
Iñaki Lafuente izan zen atezaina eta defentsa Iraolak, Lacruzek, Luis Prietok eta Casasek osatu zuten. Gurpegi eta Orbaiz atera ziren zelai erdian eta erasoko postuetan Etxeberria, Tiko, Yeste eta Urzaiz zelairatu ziren. Del Horno eta Ezquerro bigarren zatian sartu ziren eta Llorentek luzapenean jokatu zuen. Etengabe saiatu arren, ezin izan zuten golik egin. Argia ere itzali egin zen partidan zehar. Harrigarria. Zaleek San Mames osoa saltoka jarriz eta olatua eginez erantzun zuten.
Betisek hamar jokalarirekin amaitu zuen norgehiagoka, baina penaltietara erabaki zen finalerako txartela. Athletic izan zen lehen jaurtiketa egiten eta Del Hornok huts egin zuen. Assunçaok barrura bidali zuen eta Yestek ere. Oliveira brasildarrak zerura bota zuen berea eta zoramena eraman zuen harmailetara. Urduritasuna non nahi igartzen zen eta Tikok eta Joaquinek gola egin zuten. Iraolak eta Lembok ere asmatu egin zuten bosgarrenarekin. Ezquerrok, ordea, ez zuen sartu bere jaurtiketa eta Luis Fernandez ezker hegalekoak ez zuen barkatu.
Ametsgaiztoa. Etsipena. Biharamunean Fernando Lamikiz presidentea Lezamara joan zen jokalarien animoak altxatzen saiatzera. Oso kolpe gogorra izan zen. Ezquerrok bere bizitzako egunik tristeena izan zela aipatu zuen. Osasunaren harrobian hazitako jokalaria Bartzelonara joango zen denboraldi amaieran eta Del Horno Chelsea taldeari saldu zioten 12 miloi euroren truke. Jose Luis Mendilibar izendatu zuten entrenatzaile Eibarrekin Lehen Mailara igotzetik gertu egon ondoren.
Hala ere, Athleticen hasieratik okertu zitzaizkion gauzak. Intertoto izeneko Europako txapelketatik kanporatu zituen Cluj talde errumaniarrak eta kaleratua izan zen urriko azken astelehenean. Javier Clementek hartu zuen taldea eta, kostata bada ere, maila mantentzea lortu zuen. Hurrengo denboraldian ere arazo larriak izan zituen Athleticek Lehen Mailan jarraitzeko eta Manek bukatu zuen taldea zuzentzen Sarriugarte kanporatua izan ostean. Lamikizek ere dimisioa aurkeztu zuen denboraldi erdian.
Aro berri baten hasiera
Joaquin Caparros andaluziarrarekin berreskuratu zen egonkortasuna eta 2009an, 24 urtez itxaron ondoren, Kopako final batetara bueltatzeko aukera izan zuen talde zuri-gorriak. Sevilla mendean hartu zuten San Mamesen gau zoro eta ahaztezin batean (3-0). Gaizka Toquero lehendakari bezala izendatu zuten aro berri baten hasiera suposatu zuen partida hartan. Jose Maria Del Nidok, Sevillaren presidenteak, lehoiaren buztana jango zutela esan zuen partidaren atarikoan eta lapiko zuri-gorrian kiskalita amaitu zuen bere taldeak.
2012an Kopa eta Europa Leagueko finaletarako sailkapenak ospatu ziren San Mamesen azken aldiz. Mirandes erraz gainditu zuten, baina Portugalgo Sporting taldearen kontrako norgehiagokak ere memorian gordeta jarraitzen du. Kanporaketari buelta eman eta Llorentek azken minutuetan egindako gol bati esker aurrera egin zuten zuri-gorriek.
2015ean Espanyolen zelaian irabazita sailkatu ziren Kopako finalerako Valverderekin. Superkopako finalean, berriz, 4-0 irabazi zioten Bartzelonari San Mamesen jokatutako joaneko partidan. 2020ean, Yurik azken minutuetan egindako gol batekin lortu zuten sailkapena Granadan eta 2021ean Berenguerrek egin zuen gola luzapenean Levanteren zelaian. Iaz finaletik kanpo geratu zen Athletic, Valentzian 1 eta 0 galdu ostean.
Gogotsu daude zaleak zuri-gorriak finalerarte bultzatzeko eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak harrera egiteko deia luzatu du partidaren aurretik. Arratsaldeko 19.15etan izango da jokalariak autobusean San Mamesera iristerakoan. 2009an Carlton hotelaren inguruan milaka zale elkartu ziren eta finalerako bidea ireki zioten taldeari.
Klubetik ere giroa berotzen saiatzen ari dira sare sozialetara igotako bideo ezberdinekin. Esaterako, Gariren ‘Amets’ kantarekin jokalarien txikitako argazkiekin osatutakoa.
#ZatozJadaNigana
— Athletic Club (@athletic_eus) April 2, 2023
Denboraldiaren azken txanpari aurre egiteko doinua.
https://t.co/YQtILKkKW7 #AthleticOsasuna #AthleticClub 女 pic.twitter.com/dGy5DcPmlb