Donostiako Alde Zaharreko bizilagunek atsedenerako eskubidea aldarrikatu dute
Donostiako Alde Zaharrean dagoen Ikatz kaleko bizilagunek pankartak jarri dituzte atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko. Halaber, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Udalaren «geldotasuna» salatu du Arartekoaren aurrean.
Donostiako Alde Zaharreko bizilagunek «oso nazkatuta» daude, eta pankartak jarri dituzte Ikatz kalean atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko.
Ohar batean salatu dutenez, «kale honen arazoa, Alde Zahar osoarena bezala, bizitegi eremu bat merkatu eremu bihurtu izana da. Ondorioz bizilagunen eskubideak alboratuta gelditu dira interes pribatuen mesedetan eta espazio publikoa usurpatuta bizilagunen behar eta eskubideekin bateraezina den aisialdi eredu bat bultzatzen duten enpresa partikularren onurarako».
«Udalak ez ditu aintzat hartu arau-hausteek eragindako salaketak, hala nola alkohol kontsumo masiboa, ixteko ordutegiak ez betetzea, tabernetako leiho eta ateak irekita izatea, zarata, jabetzaren hondaketa, bizilagunok atarietan sartzeko zailtasunak, irainak, erasoak, etab.», salatu dute, eta gaineratu dute salaketa hauek guztiak «hutsaren hurrengoa balira bezala» hartu dituztela, «egoera hobetzeko inongo proposamenik eskaini gabe». «Are gehiago –gaineratu dute–, artxibatu egin dituzte, hiritar kexatiak artxibatu nahi dituzten bezala, ikusezin bihurtu, festa giroa zapuztera datozelako».
«Udal ordezkariekin, haien artean, noizbait, alkatearekin, egindako bileretan bizilagunek ez dugu inolako proposamen zehatzik jaso arazoa konpontzen saiatzeko. Udalak ditu, ordea, egoera konpontzeko behar diren lege, erakunde eta hirigintza tresna guztiak, baina horretarako borondatea ezinbestekoa da», gaineratu dute, eta ausardia eskatu dute.
Bestetik, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Donostiako Udalaren «geldotasuna» salatu du Arartekoaren aurrean. Salaketan azaldu duenez, «Udalak kutsadura akustikoari buruzko legedia urratzen du». Haren esanetan, zarata-maila legediak baimentzen duena baino askoz handiagoa da, eta ikuskapenak ez dira «modu eraginkorrean» egiten.