INFO

Bilboko Guggenheim Museoaren webgunea, nazioarteko Webby Awards sarietarako hautagai

Bere 25. urteurrenaren kariaz, Bilboko Guggenheim Museoaren webgunea azaroan aurkeztu zen. Orain nazioarteko proiektu digitalik onenak nabarmentzen dituen Webby Awards sari entzutetsuetarako izendapena jaso du. Apirilaren 20ra arte zabalik izango den herri-bozketaren bidez aukeratuko da saritua.

Lynette Yiadom-Boakyeri eskeinitako erakusketa, museoan zabaldu den azkena. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Guggenheim Museoaren webgunea nazioarteko Webby Awards sarietarako hautagai da, eta zehazki Kultur Erakundeen atalean dago izendatuta. Herri-bozka bidez erabakiko da saria lortzen ote duen.

Bozketan parte hartzeko epea apirilaren 20an amaituko da, eta Webby Awards sarien webgunean eman daiteke bozka.

Guggenheim Museoaren atal berean lehiatzen diren webguneak honako hauek dira: Johannes Vermeer artistari Amsterdamgo Rijksmuseum-en eskainitako erakusketa, Kopenhageko The David Collection museoa, National Gallery of Australiako Arte Indigena Trienala eta Fine Arts Museums of San Francisco.

Museotik azaldu dutenez, Guggenheim-ek mundu zabalera duen erakusleiho digitala erakundearen 25. urteurrenak oinarri izan zituen balioekin lerrokatzen da: artea eta Bilboko Guggenheim Museoaren Bilduma goratu eta balioan jartzea, esker ona, inklusibitatea, eraldaketa eta etorkizunerako proiekzioa.

Diseinu bisual eta deigarri batekin taxututako web berriak interakzioa sustatzen du Museoaren eta bere publiko desberdinen artean –arte zaleak, hezitzaileak, turistak, artistak, gazteak, Museoaren Lagunak eta Jarraitzaileak, eta Kide Korporatiboak–, kolektibo bakoitzera egokitutako edukiak eskainiz. Horrekin batera, erabateko esperientzia digitalak eskaintzen ditu, bereizmen handiko bideo eta argazki berriak, bisita birtualak eta 360º-koak, eta zuzeneko emanaldiak jasotzen dituztenak. Webgunearen diseinu dinamikoak indartu egiten du material audiobisuala, mugikorraren bidez ere gozatzeko moduko lengoaia grafiko garaikide batekin.