INFO

Zalantzak uxatu eta igandean Eibarren jokatuko duela baieztatu du Joseba Ezkurdiak

Arbizukoak Egiguren V.arekin batera proba bat egin du Astelenan, ondo berotu eta gero ez du inolako minik sentitu isquioan eta Jakaren aurka aritzeko moduan ikusten du bere burua.

Joseba Ezkurdiak pozik amaitu du Astelanan egindako froga. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Zalantza ugariren ostean, Joseba Ezkurdiak ez du hutsik egingo igande honetan Erik Jakaren aurka jokatu beharreko partidan, gaur arratsaldeko lehen orduan Eibarko Astelenan egindako proban bere burua lehiatzeko moduan ikusi ostean. «Pozik nago», azaldu du arbizuarrak Julen Egigurenekin entrenamendu saio bat, lehiaketa hasi aurretik egingo duen lehenean, burutu ostean.

«Fisioak agindutako ariketa guztiak egin ditut. Hasieran beldur pixka bat sumatu dut eta tentuz aritu naiz, baina denbora apur bat aritu ostean ez dut ezer sentitu isquioan, eroso sentitu naiz», azaldu du egungo azpitxapeldunak.

Binakakoan nahi baino lehenago kanporatua izan ostean, aurten inoiz baina denbora gehiago izan behar zuen Buruz Burukoa, geratzen zaio bakarra, prestatzeko, baina duela bi aste pairatutako lesio honek plan guztiak hankaz gora jarri zizkion duela bi aste. Galdutako denbora guztia berreskuratzea ezinezkoa egingo bazaio ere, igandera arte ahalik eta hobekien prestatzen saiatuko da. «Badira hobetzeko gauzak, baina garrantzitsuena da ez dudala batere minik sentitu. Igandera arte badut sortzen diren zalantza horiek uxatzeko denbora. Pozik naiz egindako entrenamenduarekin eta prest naiz igandean kantxaren gainean dena uzteko», gaineratu du.

Gauzak horrela, igandean euren punturik onenean ez diren bi pilotari arituko dira igandean Astelenan; Ezkurdia eta Erik Jaka. Biak ala biak nahi baino lehenago utzi zioten Binakakoan lehiatzeari eta nafarraren arazo fisikoak eta lizartzarraren joko zalantzak atzean uzteko aukera bikaina izango dute.

Elezkanok bihar erabakiko du

Joseba Ezkurdia ez da azken uneko zalantzekin dabilen pilotari bakarra, Danel Elezkanok ere eskuak oso minduta amaitu baitzuen Iñaki Artolaren aurka larunbatean Bastidan jokatu zuen partida eta ostiral honetan proba bat egin nahi du, larunbatean Aitor Elordiren aurka Labriten jokatzeko moduan den jakiteko.

Final laurdenak Azkoitian hasiko dira

Atseden hartzeko gainontzekoek baino denbora gutxiagorekin, Dariok igandean jokatu zuen bere partida eta Peio Etxeberriak astelehenean, baina lortutako garaipen uste baino errazagoek auspotuta, Zenotzekoak eta Ezkaraikoak ekingo diote final laurdenetako ligaxkari ostiral gauez Azkoitian. Biek ala biek gogoan izango dute iazko txapelketako atarikoan elkarren aurka jokatu zuten partida, non errioxarrak sekulako kolpea eman zion ultzamarrari, 22-2 gailenduta. Aurten ere Dario irtengo da faborito argi bezala, baina zaila izango da iazkoa bezalako garaipen bat errepikatzea, lehen galbahea pasata, Peio Etxeberriak askoz lasaiago jokatuko baitu.