INFO

Ainhize Belar 8c sendotu eta 9a mailara begira dago

17 urteko eskalatzaile atxondarrak Aste Santuko oporretan ‘L'espiadimonis’ bidea (8c, Margalef) kateatu du; zailtasun horretako bosgarrena da.

Ainhize Belarrek 8c mailako bere bosgarren bidea kateatu berri du Margalefen. (Juanma LEON)

Ainhize Belar ibilbide harrigarria egiten ari da. Isil-isilean, inolako zaratarik atera gabe, argi eta garbi uzten ari da nesken artean berezko lekua hartu duela. 14 urte zituela, lehen harremana izan genuen ‘Gezurraren erresuma’ (8c, Gaubea) kateatu zuenean. Hiru urte geroago, atxondarrak maila hori erabat sendotu egin du.

Aste Santuko oporretan 17 urteko eskalatzaile honek Margalefera (Katalunia) bidaiatu du. NAIZi adierazi dio, berez, ez zuela xede berezirik: «Gabonetako oporretan ‘Mistic’ (8c) sinatu nuen. Cova Soleiada sektorean dago, eta berriro itzuli naiz. Marra horren ondoan ‘L'espiadimonis’ dago eta ekinaldi bat edo beste egitea otu zitzaidan».

8c mailan ‘Mistic’ laugarrena zuen, eta aurreratu behar dugu ‘L'espiadimonis’ ere Belarren sarean erori dela. Hots, zailtasun horretako bosgarrena. Gainera, protagonista bizkaitarrak marra hori oso-oso azkar  biribiltzeko aukera izan du: «Lehenik eta behin esan behar dut Margalef oso gustuko dudala. Hatz bateko, biko … helduleku asko ditu, eta estilo horretan oso ondo moldatzen naiz. Lehen egunean, mugimendu guztiak memorizatu nituen. Ondoren, ekinaldiak egiten hasi nintzen. Eta hirugarren egunean katera erorikorik gabe heltzea erdietsi nuen. Bide honi dagokionez, aurreratu behar dut lehen sei txapak oso gogorrak direla. Blokeko hainbat pausu gainditu behar dira, eta, gainera, atseden hartzeko lekurik ez dago. Ondoren, bai, atseden on bat aprobetxatu eta azken metroak (7c) aurrez aurre dituzu».

Bidaia horretan ere, besteak beste, honako bideak sinatu zituen: ‘Via del Quim’ (8b+) eta ‘Niña mala’ (8b).

9a gertu

17 urterekin 8c mailako bost bide egitea oso eskalatzaile gutxiren esku dago. Bederen, Euskal Herrian, Josune Bereziartu historikoaren kasua alde batera utzita, ez dugu horrelakorik ikusi. Alabaina, Belarrek gai horri ez dio garrantzi berezirik ematen: «Hor daude eta kito. Berez, pozarren nago bide horietan eginiko lanarekin. Baina onartu behar dizut horrekin ez dudala gehiegi pentsatzen».

Antza denez, atxondarra ez da maila horrekin «aspertzen», baina jakin badakigu benetako helburua beste zailtasun batean duela. Hain zuzen ere, bederatzigarren esferan. Etxauriko Kale Borroka sektorean dagoen ‘Begi puntuan’ bidea (9a) zain du. Bitxia bada ere, eskalatzaile honek Gaubeako eta Margalefeko estiloak alde batera utzi ditu, eta orain erregeletak nagusi diren marra batean buru belarri dabil: «Aldaketa hori egin dut, baina oso ondo egokitu naiz. ‘Begi puntuan’ oso gertu dut; azken zintan erortzen ari naiz».

Bestalde, arroka helburu badu ere, Belarrek ez ditu eskalada lehiaketak alde batera utziko. Zailtasuneko probetan maila oso handia eman du, baina jokatu diren boulderreko azken lehietan «harritu» gaitu. Euskadiko Txapelketan bigarrena izan zen, eta Espainiako Kopako lehen proban (seniorren kategorian) laugarrena: «Ondo ibili naiz hitzordu horietan, baina nire lehentasuna zailtasuneko lehiak dira. Haatik, urte honetan harkaitzean gehiago jardungo dut».