INFO

Erabaki politikoek ez diete langileen beharrei erantzuten, Ipar Hegoa fundazioaren arabera

Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa aztertzen duen Ipar Hegoa fundazioaren Ikusmiran txostenak ohartarazi du erabaki politikoek ez dietela erantzuten langileen beharrei: ez dute bermatzen kalitatezko enplegua sortzea.

Igor Arroyo (LAB) eta Edurne Larrañaga (Ipar Hegoa) artxiboko argazki batean. (Jon URBE | FOKU)

Ipar Hegoak LAB sindikatuaren ikerketa sindikaletako fundazioak egoera sozioekonomikoaren azterketa egin berri du, erabaki politikoek lan merkatuaren arazo estrukturala zuzentzen ez dutela nabarmenduz.

Hego Euskal Herriko egoera aztertzen duen Ikusmiran txostenak zehazten duenez, espainiar Estatuko lan erreformak ez du kalitatezko enpleguaren sorrera bermatzen, eta «enpresariek zirrikitu agerizkoak baliatu» dituzte «prekarizazioa indartzeko».

Txostenak azpimarratzen duenez, kontratu mugagabeen kopuruak gora egin arren, «aldizkako finkoen kontratazioa ia bikoiztu izana kezka iturria da», langabeziaren igoera bezala.

Era berean, kezkagarria ikusten du fundazioak ehun ekonomikoaren ahultzeko joera, bere horretan mantentzen baita. Industriak gainbehera iraunkor bat bizi duen bitartean, gainera, zerbitzuetan oinarritutako ekonomia hazi egin dela ondorioztatu dute.

Ehun industrialaren galera

Industriaren pisu-galera erakusten duen datu bat nabarmentzen du txostenak: «manufaktura industria deslokalizatzearen ondorioz 2021-2022 urteen artean galdu diren 12.700 lanpostuak errekuperatzetik urrun gaude».

Ehun industrialaren desegitearen aurrean inolako politika publikorik ez dagoela salatzen du. «arduragabe jokatzen dute eta zerbitzu ekonomiaren aldeko apustu ekonomiko zein politikoa egiten dute».

Politika fiskalari ere begiratzen dio azterketak, indarrean dauden neurri fiskalen helburua enpresen mozkinak babestea dela nabarmenduz.

«Indarrean dagoen politika fiskalak zerbitzu publikoen murrizketarako kultura berri bat ezarri nahi izatea indartu dezake» –dio ikerlanak– baina «presio fiskalaren errealitateak» eta «praktikan sozietateen gaineko zergen inexistentziak dakarte ez dagoela sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik, enpresarien mozkinak babesten dira».

«Beraz, gutxi batzuek kapitala metatzen jarraitzen dute, kapital eta lan errenten arteko arrakala handituz. Egiturazko arazo baten aurrean gaude», ohartarazten du azterlanak.

Ingurumen adierazleei dagokienez, Berotegi Efektuko Gasen (BEG) isurketen inbentarioari erreparatu diote, energia, industria eta garraio sektoreetan isurketen kopuruan ia aldaketarik egon ez dela azpimarratzeko.

Egoera «kezkatzekoa» da, Ikusmiran txostenaren arabera, «larrialdi klimatikoaren alarma guztiak piztuta» dauden une batean, eta lehentasunezkotzat jotzen du «BEG isurketen murrizketa ahalbidetzeko politika publikoak garatzea».