INFO

«Turismoa gobernatzeko» neurriak aurkeztu ditu Izagirrek Donostian

Juan Karlos Izagirrek, Donostiako EH Bilduren alkategaiak, «kontrolik gabeko turismoa» hirian izaten ari den eragina aztertu eta horren aurrean hartu beharreko neurriak aurkeztu ditu, hiritarren kaltean garatu ez dadin.

Juan Karlos Izagirre eta Markel Ormazabal, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Azken urteotan Donostian turismoaren sektoreak izan duen «neurrigabeko» hazkundeak eta sortu dituen ondorioak aztertu eta «hausnarketa partekatuaren beharra» azpimarratu du Juan Karlos Izagirrek Donostian astearte honetan. EH Bilduren alkategaiaren ustez, turismoa motor ekonomiko garrantzitsua da, hiriko BPGren %14 suposatzen duelako eta 15.000 lanpostu daudelako horri lotuta, baina neurriz garatu behar da.

Horregatik, uste dute ereduak ezin diola bizkarra eman herritarren ongizateari. «Hori gertatzen ari da eta ondorioak egiaztatzen ari gara», azaldu du Izagirrek. Oreka posible dela sinetsita, horretarako eredua eta helburuak aldatu behar direla adierazi du alkategaiak: «Gehiago ez da hobea».

Donostiarrak eta bisitariak «zaintzen dituen» eredu baten alde agertu da, jasangarria, arduratsua eta atsegina izango dena. Hainbat datu jarri ditu mahaigainean, 2023-2027 Turismo Gida planean jasotakoak: «%67k uste du bisitari-kopuruari dagokionez goia jo dugula eta %52k bere aisialdi eremuak lekualdatu behar izan duela adierazten du eta gehienek onartzen dute dagoeneko ez direla Parte Zaharra bezalako eremu saturatuetara hurbiltzen».

Horrela, azaldu du EH Bilduk proposamen zehatzak dituela egoera aldatzeko. «Abiapuntua donostiarrak izango dira, martxan jartzen den edozein politika, neurri edo ekimen ez da herritarren bizkarrera egingo», azpimarratu du Izagirrek. Gaineratu du turismo jasangarria lortzeko, alojamendu turistikoei moratoria handiagoa aplikatu behar zaiela, auzo gehiagotara zabalduz.

Alkategaiak azaldu du EH Bilduren apustua dela pisu turistikoei dagokionean lehen solairuko araua berreskuratzearen alde egitea, eta konpromisoa hartzen duela, saturazio bertikalaz gain (eraikin bakoitzeko pisu turistiko kopuruen muga), saturazio horizontala ere ezartzeko, pisu batetik besterako gutxieneko distantzia ezarriz, adibidez, kale zehatz batean. «Izan ere, txosten ofizialek, tartean Donostiako Turismo Gida plana berak, pisu turistikoen hazkunde neurrigabeak etxebizitzaren prezioetan izan dituen ondorioak agerian utzi dituzte», salatu du.

Proposatutako neurrien artean dago, baita ere, bisitari talde antolatuak arautzea, «talde bakoitzeko pertsona-muga bat, ordutegi batzuk eta gida turistikoek beren lana ondo egin dezaten jarraibide batzuk ezarriz». Izagirrek azpimarratu duenez, «bai txosten ofizialek bai herritarren pertzepzioak neurriak hartzera bultzatzen gaituzte, eta EH Bildu horretarako prest dago».