INFO

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan behar dela aldarrikatu dute berrehundik gora eragilek

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan behar dela aldarrikatu dute esparru desberdinetako berrehundik gora eragilek. Aldarrikapen hau gizarte osoaren mesederako dela nabarmendu dute, kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzen dituelako.

Euskararen ofizialtasunaren aldarrikapena Nafarroako Parlamentuaren atarira eraman dute. (Iñigo URIZ | FOKU)

Berrehundik gora eragilek agerraldia egin dute gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean euskarak herrialde osoan ofiziala izan behar duela aldarrikatzeko. Eragileen artean aniztasuna da nagusi, arlo desberdinetakoak baitira: eskubide sozialen esparrua, kulturgintza, aisialdia, hezkuntza, sindikatuak, hedabideak, ekologismoa, ekonomia, feminismoa, gazteak, memoria, hezkuntza, hirugarren adina...

«Oso gutxitan gurutzatzen gara berrehundik gora eragile, kasu askotan elkarren berri apenas izan gabe, Nafarroako jendartearen lagin esanguratsu bat, nolabait», nabarmendu du Kontseiluaren izenean Idurre Eskisabelek.

«Oraingoan elkarrekin gatoz euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila eskatzera. Hau da, Nafarroako milaka biztanlek lurralde eremu osoan herritartasuna berdintasunez, bazterkeriarik gabe, bizitzeko aukera izan dezatela galdegitera», aldarrikatu du.

«Izan ere, autoa hartu eta Lekunberritik Iruñera doan herritarrak nola ulertuko du 30 kilometroko ibilbidean aurrera egin ahala eskubideak galduz joatea? Beste edozein eskubiderekin ulergaitza dena, nola gerta daiteke milaka herritarren hizkuntza eskubideekin?», galdetu du.

Eguneroko bizitzan eragina

«Ez gara gauza abstraktuetaz ari, baizik eta milaka lagunen eguneroko hautu eta bizitzetan eragina duten kuestioez. Esate baterako, Nafarroako edozein herritan bizita ere norberaren seme-alabek euskaraz ikasteko aukera izateaz. Ofizialtasunak ez dio inori eskubiderik kentzen, ez dituenari aitortzen dizkio. Ofizialtasuna ez da ateak ixteko giltza bat, ateak zabaltzekoa baizik», gaineratu du.

Gauzak horrela, hauteskunde bezperako aro honetan, hurrengo Nafarroako Parlamentua osatuko duten alderdiei euskararen ofizialtasunaren aldarrikapena aintzat hartzeko eskatu diete, «jar dezatela beren ildo, egitasmo eta jardunbideen erdigunean. Ekar dezatela berdintasuna Nafarroara».

«Oinarrizko eta erdiguneko auzi bat delako: gizarte kohesioari, justizia sozialari eta bizikidetzari eragiten diona», nabarmendu du, alderdi desberdinekin bilerak egingo dituztela iragarri aurretik.

«Finean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzea nafar guztien mesederako delako, ez bakarrik euskaldunen eta euskara ikasi nahi dutenen onerako. Denentzako da, Nafarroako gizarte osoarentzat, ofizialtasuna onuragarri. Ofizialtasuna ez baita ateak ixteko giltza bat, zabaltzekoa baizik», azpimarratu du.

«Horren lekuko gara hemen bilduok, berrehundik gora eragile: sektore ugaritakoak eta ikuspuntu anitzekoak. Baina denok ere, euskarari ez ezik, gizarte kohesioari, justizia sozialari eta bizikidetzari bultzada bat eman nahian; milaka nafarren bizitzak bizigarriago egin nahian. Ofizialtasunaren bidez berdintasunari atea zabaltzeko irrikaz», gaineratu du Eskisabelek.