Athleticek Leganesen jokatuko du Kopako lauko finala, maiatzaren 22tik 29ra
Iraia Iturregiren taldeak hilabete barru aukera paregabea izango du Athleticen historiako lehen Kopa altxatzeko. Datorren asteartean egingo dute zozketa, 13.30ean, erabakitzeko finalerdietan zein taldek jokatuko duten elkarren aurka. Real Madril, Athletico Madril edo Alhama dira gainerako taldeak.
Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi du Kopako lauko finala Leganesen jokatuko dela maiatzaren 22tik 29ra. Datorren asteartean egingo dute zozketa, 13.30ean, erabakitzeko finalerdietan zein talde egongo diren parez pare. Athletic izango da euskal talde bakarra Kopa altxatzeko lehian egongo dena, finalerdietan Osasunari 1-2 irabazi ostean. Lauko finala osatuko duten gainerako taldeak Real Madril, Atletico Madril eta Alhama dira.
Iaz bezala, Butarque estadioan jokatuko dira lauko finaleko partida guztiak. Aurten ez dira egongo pasa den edizioan finalean lehiatu ziren bi taldeak, –Bartzelonak irabazi zuen Kopa, Levante 4-2 mendean hartuta–. Izan ere, kataluniarrak txapelketatik kanpo geratu ziren final-zortzirenetan Osasunaren aurkako partidan Geyse zigortuta zegoen jokalaria hamaikakoan sartu zutelako. 0-9 irabazi zuen Bartzelonak.
Iraia Iturregiren taldeak seigarren aldiz jokatuko du Kopako finalerdi bat, eta oraindik ere, ez du garaikur hori altxatzerik izan. Beraz, hilabete barru, zuri-gorriek aukera paregabea izango dute lehen Kopa lortzeko.
Aurkariek, baina, ez diete lana erraz jarriko. Bereziki Real Madrilek eta Athletico Madrilek. Nahikari Garciak eta Maite Orozek jokatzen duten taldea da Kopa altxatzeko faboritoetako bat, nagusiena ez bada. Gainera, pizgarri izango dute, irabaziz gero, Real Madrileko emakumezkoen lehen titulua lortuko luketela. Beste faborito nagusia Ainhoa Morazak jokatzen duen taldea da, Athletico Madril. Final-laurdenetan aise hartu zuten mendean Granada 3-0. Irabazten badute, bigarrena lortuko lukete.
Lauko finalean parte hartuko duten taldeen artean, esan daiteke Alhama dela xumeena. Aurrenekoz lehiatuko baita Kopako azken fasean. Ez dira garai xamurrak Murtziako taldearentzat. Ez soilik ligan gorengo mailan mantentzeko lehian daudelako, baita futboletik kanpo bizitzen ari direnagatik ere. Izan ere, Randri Garcia entrenatzaileari leporatu diote jokalariei lan eta sexu jazarpena egin izana, Mundo Deportivo eta El Periodico egunkarien arabera. Gerora, baina, taldeko jokalariek bideo baten bitartez gezurtatu egin dute dena.
Athleticek gaur hartuko du Alhama Lezaman
Athleticek gaur jokatuko du Liga F-ko 26. jardunaldia, hain justu, Kopako finalerdietan aurkari izan daitekeen Alhamaren aurka, Lezaman, 20.30ean. Hau da Iraia Iturregik osatu duen deialdia:
DEIALDIA I CONVOCATORIA@IraiaIturregi cita a 2⃣2⃣ leonas para el choque de esta tarde frente al @AlhamaElPozo
— Athletic Club ♀️ (@AthleticClubFem) April 21, 2023
📋 Honako hau da gaurko partidaren jokalarien zerrenda!#AthleticAlhama #AthleticClubFem 🦁 pic.twitter.com/7FR1sVI509
Zuri-gorriek pasa den asteburuan arnasa hartu zuten, Alavesi 1-0 irabazi ostean. Izan ere, arabarren aurka jokatu aurretik, lau partida jarraian egon ziren garaipen lortu gabe. Gaur aukera ezin hobea izango dute bizkaitarrek, sailkapenean koska bat gorago joateko, eta beheko postuetatik aldentzeko.