INFO

Emaitzek kolpetik eraman dute olatu gainera

Nahia Garrido Tolosaldeako igerilariak (Urretxu, 2007) bizkar estiloko 200 eta 100 metrokoetan gazte mailako Europako eta Munduko txapelketetan aritzeko gutxieneko denborak lortu ditu. Urretxuarrak 15 urte besterik ez du, eta uste du oraindik baduela hobetzeko tartea.

Nahia Garrido entrenatu berritan, Tolosako igerilekuan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Pixka bat presaka iritsi ginen gripea hartu nuelako eta astebete gaizki egon nintzelako» eta gaitz erdi! Nahia Garrido Tolosaldeako igerilariak (Urretxu, 2007) bizkar estiloko 200 eta 100 metrokoetan Espainiako Igeriketako Federazioak ezartzen duen gutxieneko denbora lortu zuen Mallorcan jokatu zen Espainiako Txapelketan, eta horrek ateak ireki dizkio gazte mailako Europako eta Munduko Txapelketetarako.

Urretxuarra orain dela hiru aste aritu zen Espainiako Txapelketan. «Markak banituen, baina lehiaketa jakin batzuetan egin behar duzu denbora hori, eta, egin ezean, ez du balio. Nahiko urduri nengoen, iaz ez nuelako lortu gutxieneko denbora hori egitea blokeatu egin nintzelako. Aurten egin dut eta lasai geratu naiz», azaldu du Garridok.

Bizkar estiloko 200 metrokoan 2.13,18ko marka eginda, gazte mailan zilarrezko domina lortu zuen eta maila absolutuan bosgarren denbora onena. Denbora horrekin ere, Euskadiko errekor absolutua ondu du. 100 metro bizkarkoan beste hainbeste: 1.02,21eko marka lortu zuen, bigarren geratuta gazte mailan eta seigarren gorengoan.

Bizkar estiloa da bere proba «kuttunena», baina tximeleta estiloko 50 metrokoan ere eman du zeresana. Urrezkoa lortu zuen gazte mailan, Espainiako Txapelketako errekorra hautsita. Horretan, baina, ez zuen erdietsi Europako eta Munduko txapelketetako sailkatzeko gutxieneko denbora, soilik hiru hamarrenengatik geratu baitzen kanpoan.

Lortutakoarekin «pozik» dagoela nabarmendu du Garridok, eta oraindik hobetzeko tartea baduela gaineratu. «Lehiaketa honetara korrika eta presaka iritsi naiz, eta uste dut oraindik badudala marjina hobetzeko».

Emaitzei, «garrantzi handirik ez»

Ekainean Mariborren (Eslovenia) izango da Europako Txapelketa. Garridok esan du ez dela inoiz egon han. «Txapelketetara joaten garenean ez da ezer ikusten, zu joaten zara eta egin behar duzuna egiten duzu. Hotela-igerilekua izaten da gure egunerokoa», azaldu du Tolosaldeako igerilariak.

Aurrez ez da izan Europako Txapelketa batean, baina bai Europa mailako jaialdi batean: «Iaz izan zen eta lehena geratu nintzen bizkarko 100 eta 200 metrokoetan. Gero erreleboetan ere bigarren geratu ginen». Han egin zituen denborak eta egun duen aldartea kontuan hartuta, Tolosaldeako igerilari gazteak adierazi du Europako Txapelketan «ondo» egongo litzatekeela lehen hiru postuetan geratzea.

Urretxuarrak urteko hurrengo helburu nagusia irailean izango du, Israelen jokatuko den Munduko Txapelketan. Hala ere, txapelketari begira helburu zehatzak jartzea urruti ikusten du: «Lehenik, Europakoa, eta gero ikusiko da nola nagoen Mundukorako. Gainera, denbora asko dut tartean, beste bi hilabete». Garridori galdetuta ea ilusio berezia egiten dion Mundukoan izatea adierazi du «ezetz»: «Ez dit munduko motibaziorik handiena ematen, lasai nago eta ez dut burua galtzen horretan».

Garridok 15 urte besterik ez du, eta igeriketan 10 urterekin hasi bazen ere, azkenaldian lortutako emaitzek kolpetik eraman dute olatu gainera. Horren inguruan, urretxuarrak adierazi du «jabetzen» dela lortutakoaz, baina ez diola «garrantzi handirik» ematen: «Batzuetan goian zaude eta beste batzuetan behean; orduan horrek ez du ezer aldatzen, bakarrik lorpen gehiago dituzula. Garrantzitsuena entrenatzen jarraitzea da, eta emaitzak etorriko dira. Errekorrak gehigarri bat dira».

«Pixka bat helduagoa naiz orain. Hona iritsi nintzen ume bat nintzela, ez nuen ezer serio hartzen»

Dena azkar pasatzen ari den galdetuta, erantzun argia eman du Garridok: «Azkar ez dakit. Gauzak barneratzen joaten zara, eta uste dut lasai eramaten ari naizela dena».

Joan den irailean Bartzelonan izan zen Garrido egonaldi batean, beste igerilari gutxi batzuekin batera entrenatzeko. Esperientzia «polita» izateaz gain, «asko» ikasi omen zuen Regan Smith eta Kira Toussaint igerilariengandik: «Bizkar estiloan munduko errekorrak dituzten igerilariak dira, eta haiekin entrenatu ginen, ikusteko zer mailataraino iritsi behar garen goi mailara iristeko, eta izugarria izan zen. Egiten dituzten gauzak... hobetzeko gauza asko ditugu oraindik ere. Niretzako erreferenteak dira».

Igeriketa denbora asko eskaini behar zaion kirola da; txikitatik, gainera. Tolosaldeako igerilariak astean sei egun entrenatzen du, eta horietako bitan goiz zein arratsaldean. Harentzako, baina, ez da «sakrifizioa», «gustura» egiten duelako, eta «ondo» daramalako.

Afizioa etxetik datorkio, ama ere igerilaria izan baitzen. «Txikitatik hiperaktiboa nintzen, atletismoan eta gimnasia erritmikoan aritzen nintzen. Behin etxean nengoela amak galdetu zidan: 'Igeriketarekin probatzen badugu?'. Eta erantzun nion: 'Ondo da'».

Hala, Legazpin hasi zen igeriketan 10-11 urte zituela, eta covida iritsi zenean erabaki zuen igeri egiten jarraitu nahi zuela, eta orduan Tolosara etorri zen, «entrenamendu gehiago zeudelako».

Tolosan, «gustura»

Garrido «gustura» dago Tolosan, multzo «oso ona» delako eta giro «ona» dutelako. Horrez gain, urretxuarrak nabarmendu du Tolosaldeako Igeriketa Taldeak «asko lagundu» diola igerilari gisa hobea izaten, baita pertsona gisa ere. «Pixka bat helduagoa naiz orain. Hona iritsi nintzen ume bat nintzela, ez nuen ezer serio hartzen».

Atzera begira, Garridok 13 urterekin ez zuen pentsatuko iritsi den lekuraino irits zitekeenik. Hori bai, orain dagoen momentuan, «gustura» dago. Etorkizunera begira, ez du ezer argi. «Ez dakit zer egingo dudan, lasai hartuko dut. Ikasketekin jarraitzeko asmoa dut, igeriketak ez dizulako jateko ematen eta bigarren plan bat izan behar duzulako. Adibidez, futbolean jokatuko banu, agian ikasketak ez nituen egingo; tira, neska izanda bai, baina igeriketarekin... Alde horretatik, igeriketan nahiko berdintsua da neska edo mutila izatea».

Parisko Olinpiar Jokoak jokatuko dira datorren urtean, eta oraindik gaztea den arren, kirolari ororen ametsa izan ohi da bertan parte hartzea. Urretxuarrak ez du horretan pentsatzen: «Oraindik jende asko dut nire aurretik, eta nahiago dut arreta osoa jarri irits naitekeen lekuetara, amets batera baino».

Ametsik baduen galdetuta, Garridok aitortu du «oso-oso altu begiratuta» Olinpiar Jokoetara joatea «amets bat bezalakoa» litzatekeela, baina nabarmendu horretarako «denbora» baduela, eta nahiago duela «amets bat bezala ikusi» eta egin dezakeenean arreta jarri, «pixkanaka joanda».