INFO

Berdelarena bezala antxoaren kuota ezartzea aldarrikatu dute euskal arrantzaleek

Euskal arrantzaleek antxoaren kuota zehaztea aldarrikatu dute. Eta amuko ontziei berdela harrapatzea gero eta zailagoa egiten zaiela ikusita, ikerketa egin dezan eskatu diote Aztiri. Bitartean, hiritarren kontsumo ohiturak aldatzen ari dira.

Agustin Deuna ontziko arrantzaleak ostiralean, Getariako portuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Martxoko lehen eguna gorriz markatuta izan ohi dute arrantzaleek egutegian, egun horretatik aurrera antxoa harrapatzeko baimena baitute. Berdelaren kasuan ez dago kanpainaren hasiera eguna ezarrita. Gure uretara beranduago iristen da eta martxoa-apirila aldera hasten dira arrantzatzen.

Gipuzkoan 41 itsasontzi dira inguraketa-sareaz antxoa zein berdela harrapatzen dutenak. Horiez gain beste 33 ontzi ari dira amuaz arrantzatzen. Bizkaiko Kofradien Elkartearen datuak biltzen saiatu arren, bertako arduradunek ez diote NAIZen deiari erantzun.

Lehenengoek 4.100.000 kilotan dute ezarrita kuota eta bigarrenek 4.700.000 kilotan. Kuotaren %90 arrantzatua dute dagoeneko Gipuzkoan inguraketa-sareaz ari direnek. Aldiz, amuaz ari direnek gauzak ez dituzte hain erraz. «Azken urteotan kostatzen ari zaie eta ez dakigu zergatik», aitortu du Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak. Kezka nabaria da.

Gauzak horrela, Azti Zentro Zientifiko eta Teknologikoaren atea jo du federazioak. «Eskaera zuzendu diogu jakiteko zerk eragin duen aldaketa. Lehen berdela oso azkar etortzen zen gure kostaldera, bapatean, bankuetan eta oso kolpe handietan. Baina orain ez da hori gertatzen ari», azaldu du Garmendiak.

Antxoari dagokionez, kuotaren %20 inguruan ibiliko dira gipuzkoarrak. «Oraindik goiz da balorazioa egiteko, ikusiko dugu», esan du.

Iñaki Larrañaga patroia eta Getariako Agustin Deuna ontziko arrantzaleak dira antxoaren arrantzan dabiltzanetako batzuk. Eta badute buruhausterik. Euskal kostaldea utzi eta Kantabria eta Asturias alderako bidea hartuta dabiltza, halabeharrez.

Horrela gertatu da azken urteotan. «Asturias aldean antxoa handiagoa aurkitu dugu, ez dakit zergatik. Hemen txikia da eta, hori ezin dugunez saldu, han egin dugu kanpaina azken urteotan. Kilo batean 60 pieza sartzeko moduko antxoa harrapatu dezakegu, legeak hala zehazten du», argitu du.

Antxoa izututa, ezkutuan

«Berdela datorrenean antxoa zeharo beldurtzen da eta haitz azpira jotzen du. Bazter-bazterrean ezkutatzen du bere burua eta gu ezin gara ontziarekin hain bazterrera iritsi, ez daukagu erramintarik horretarako. Igual hondartza jo arte joaten da… hemen antxoa badago baina berdelak ez dio uzten azalera irteten, bere uretara joaten. Arrain ankerra da berdela, harrapatzen dituen denak aurretik daramatza. Antxoa, sardina… denak izututa uzten ditu», argitu du.

Baina han ere arazo bera aurkitu dute. «Antxoa gutxi dago, antxoa ez dago lasai… 100 metrotan egoten da normalean eta orain 10 metroraino etorrita dago, berdela pasatzen ari delako. Izan ere, bide beretik pasatzen dira berdela eta antxoa», dio. Normalean Europa iparraldetik dator berdela. «Frantziako kostatik behera, hemendik pasa eta Galizarako bidea hartzen du. Gure inguruan, bidean, arraultzak botaz doa. Behin Galizara iritsi denean buelta hartzen du, ez da Portugal aldera joaten. Eta bide beretik itzultzen da. Eta berriz Norvegiara eta Islandia aldera doa. Den-dena ez, baina bai gehiena», argitu du Larrañagak.

Egoera honen ondorioetako bat da Santoña, Santander, Laredo edo Xixonen deskargatzea antxoa egun askotan. «Arraina freskoa behar duzu eta hurbilen dagoen moilaren arabera egiten dugu», azaldu du Larrañagak. Garmendiaren esanetan, gauzak asko erraztuko lituzke berdelaren kasuan bezala euskal arrantzaleei antxoaren arrantza kuota ezartzeak. «Espainiak 30 milioi kiloko kuota dauka eta ez dago floten artean banatuta. Beraz ezin dugu kudeatu guk nahiko genukeen bezala. Noiz eta zenbat arrantzatu guk erabakiko genuke, errentagarritasun handiagoa lortuko genuke».

Joan-etorriekin (gasoila…) gastua handitu egin da. «Dagoen lekura joan behar duzu arrantzatzera, bestela gerta daiteke maiatzerako kuota bukatzea eta arrantza ixtea. Ondorioz, ezin duzu gerorako utzi arrantza hori, beste batek hartuko baitu», jarraitu du. Kuota Estatu mailakoa izatearen ondorio garbietariko bat.

Kate osoa ahulduz

Arraina Asturias edo Kantabrian porturatzeak salmentak bertan egitea dakar eta Euskal Herritik kanpo egitea ere kalterako da. «Izugarrizko diru galera suposatu du kofradiontzat. Ez bakarrik diru-sarrerak –irabaziak hango kofradietan geratzen dira–, ditugun erosleek ere bertara joan behar izaten dute eta, ondorioz, ahultzen ari da gure kate komertziala. Kezkagarria da. Bertako erosleek ere erosten dute gehiago produktua, dena kate bat da».

Irabaziak behera eta gastuak gora egin du. Hala dio Garmendiak. «Prezioak behera egin du. Hori ikusita barkuak ez dira zabaltzen itsasoan antxoa handiagoaren bila, eguneko kupoa segurtatu nahi dute arriskurik hartu gabe. Antxoa galkorra da, freskoan egun gutxi dauzkazu jateko. Eta urruti badago, merkaturatzea oso delikatua da. Gertutasuna oso inportantea da antxoaren merkatuarentzako».

Behin eta berriz aldarrikatu dute baina ez dute lortu. «Errentagarritasun hobea lortuko genuke bai arrantzaleentzat, kate komertzialentzat eta kontsumitzaileentzat. Kantauri itsasoko ontziteriaren gehiengoa horren alde dago». Baina bada gutxiengo bat ados ez dagoena eta horri heltzen dio Madrilgo Gobernuak. «Ez du aurrerapausorik ematen, erabateko adostatuna eskatzen du. Baina ezin dugu horrela jarraitu. Eskumen osoa Madrilgo Gobernuak dauka, Eusko Jaurlaritzaren babesa badaukagu eta eskaera egiten ari da. Kantauri itsasoko ontziteria guztiaren artean ados jartzea oso zaila da, nork bere interesak ditu, lan mota desberdina da… Kudeatzeko modua oso deserosoa eta zaila egiten zaigu», kontatu du Garmendiak.

Kontsumoan alderik nabaritu duten galdetuta, hau dio: «Kontsumoa jaisten ari da baina ez dakit prezioak eragindakoa den, agian ohiturak aldatzen ari dira».

Lehen sektoreari lotutako gaia mahaigaineratu du Larrañagak, Agustin Deunako patroiak. «Guk 0,80 euroan saltzen dugu eta 6 euroan ikusten dut saltokian. Urteroko kontua… atuna ere 5-6 aldiz gehiago guk lonjan saltzen duguna baino… Zeinek jartzen du prezioa? Tarte horretan baten batek diru pilo ederra irabazten du!», bota du.

Gaiaz bere iritzia eskatu diogu Garmendiari. «Lehen salmenta portuko lonjan egiten dugu eta saiatzen gara ahalik eta preziorik onena lortzen, beti ere zuzenean kudeatzeko aukera badugu. Guk kudeatzen ditugun arrantza motetan ikusi da aurrepausoak eman ditugula».

«Komertzializazioan handizkakoek ere ez daukate erraz. Sektorearen alde horretan ere lanean aritzea egokitu zait eta zailtasunak dituzte kontuan hartuta oso galkorra den produktua dela. Eraldaketa enpresa gabezia ere badaukagu Euskal Herrian. Kanporako bidea hartu dute, han eskulana merkeago delako», jarraitu du.

«Abuso batzuk ikusten dira merkatuan baina pentsatu behar dugu katean denok irabazi behar dugula. Zeregina denok dugu, baita guk ere, baina kudeatzen utzi behar digute. Eta Administrazioak ere oztopoak jartzen baditu, zaila izango dugu. Lehen sektoreak badu arazo hori», amaitu du.

Kontsumo ohitura eta lehentasunetan aldaketak

Kontsumitzaileen ohitura aldaketak sumatzen ari dira arraindegietan. Arrazoiak, ordea, askotarikoak direla kontatzen dute arrainketariek. Prezioan igoera eman bada ere, kontsumo ohiturak eta elikadurari ematen zaion lehentasunarekin lotuta ulertzen dute saltzaileek. Bezeroak gutxitu dira kasu batzuetan, beste batzuetan maiztasuna gutxitu da, eta zenbaitetan erosten diren jakiak aldatu dira. Jose Luis Garmendia Idiazabaleko Arantzazu arraindegiko kideak dio betiko erosleek arraindegira joaten jarraitzen dutela, «maiztasun gutxiagorekin, hori bai».

Herritarrek arraindegira joaten jarraitzen dute baina maiztasun txikiagoz. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Salmentari dagokionez, arrainetan nabarmen jaitsi ez bada ere, itsaskietan asko jaitsi dela dio: «Itsaskiak asko garestitu dira, eta hori sumatzen da». Ana Rosa Landak Mutrikun du Perras arraindegia, eta bere kasuan salmentetan «beherakada handia» egon dela aitortzen du, duela urte batzuk erosten zuenaren erdia erosten duela. Kontsumo ohiturak aldatzen ari direnarekin ados daude biak, «jendeak orain aisialdia jartzen du elikaduraren aurretik», eta Garmendiak azaltzen du lehen asteburuetan eta uda partean orain baino gehiago saltzen zela: «Jendeak kanpora joateko planak egiten ditu asteburuetan, ondorioz ez dira etortzen arraindegira, eta hori bai sumatzen dugu».

Txema Gonzalez Arrainki arraindegiko kideak ere uste du erosleen lehentasunak aldatu direla, sumatu du bariedade aldetik orain gutxiago aldatzen dela jandakoa. «Prezioen igoerak jendearen bizitzetan du eragina elikagaietan baino gehiago. Gainontzeko beharrak garestitu direnez, poltsikoan diru gutxiago du eta gutxik ematen diote garrantzia elikadurari».

Landak gazte jendearen falta sumatzen du, bere bezero gehienak «pentsionistak» direla azalduz: «Askotan seme-alabentzat ere erosten dute, baina beraiek etortzen dira». Idiazabalgo saltzailearen ustez ere, 50 urtetik gorako bezeroak dira gehienak.