INFO

Emazteak erdigunean ezarririk «plaza goxoa» irudikatu dute Bernat Etxepare lizeoan

Agenda feminista aitzineratzeko bidean saihetsezineko geltokia da hezkuntza sistema. Horretaz jabeturik, Martxoaren 8aren giroan sortu zen ‘Emaztea euskal jendartearen erdigunean’ ekimena gauzatu dute astelehen honetan Bernat Etxepare lizeoan.

Etxepare lizeoko ikasleen aldetik harrera zinez beroa jaso dute jardunaldian parte hartu duten 40 bat emaztek. (Guillaume FAUVEAU)

Borroka feministaren aldeko banderolek atontzen dituzte Bernat Etxepare lizeoaren hainbat eremu. Hortik hasita, Martxoaren 8aren testuinguruan haizeraturiko aldarrikapenak egunerokotasunean txertatzeko engaiamendua adierazi nahi izan dute bertako langile zein ikasleek astelehen honetan antolaturiko ekimen bereziaren bidez.

Morez tindatu dute, goiz batez, lizeoaren jarduna. Hala, jatorri, adin, bizipen eta ibilbide diferente dituzten emakumeen ahotsetatik kontakizun kolektiboa osatu dute.

‘Emaztea euskal jendartearen erdigunean’ izena hartu duen jardunaldiaren atarian, kafe baten bueltan elkartu dira, 9.30ak pasatxo, besteak beste irakaskuntza, laborantza, politika, kirola, kultura, ekonomia edo komunikazioaren esparrutik heldutako hamarka emakume.

Handik kiroldegira joan dira, ekimenean parte hartu duten hamarnaka ikaslek haien zain zituztela.

Txalo zaparrada batekin hartu dituzte emazte horiek guztiak, eta berotasun berdinarekin erantzun diote banan banan gonbidatu bakoitzak eginiko aurkezpen laburrari.

Hiru neskek gonbidatuei dantza eskaini ondoren, Batxilergo Orokorra zein Sail Profesionaleko ikasleei zuzendutako egitaraua aletzeko ordua iritsi da.

Emagin zerbitzuko kideen laguntzaz autodefentsa feminista eta maskulinitate eredu berria lantzeko tailerrak egin dituzte bigarren mailakoek. Beste ikasturteetako ikasleek, taldeka banatuta, solasaldietan parte hartzeko aukera izan dute.

Hala, emazteen lekukotasunaren bidez hamaika aurpegi dituen egitasmo feministaren bilakaeraren berri izateko parada ukan dute. Era berean, beraien bizipen eta egunerokotasunetik abiatuta galderak pausatzeko eta iritziak trukatzeko parada ukan dute ikasleek.

«Eraldaketan eragile diren ikasle euskaldunak nahi ditugu»

«Eraldaketan eragile izanen diren ikasle euskaldunak nahi ditugu eta, xede horrekin, feminismorako heziketa bultzatu nahi dugu», azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.

Jardunaldia prestatzeko orduan «ikasleek eta bereziki neskek» burutu duten antolaketa lana goraipatu du hedabide honekin mintzo Ihintza Ostolazak.

Euskara irakasleak azaldu duenez, «hezkuntza zentro bat garen heinean jendarte justuago baten aldeko ekimenek badute tokia gure jardueretan eta martxoaren 8a kari era aski naturalean hasi zen egun berezi honen lanketa».

Hasieran asmoa zen solasaldiak arloka antolatzea. Finean, ordea, formatu aldaketa egin zuten «justuki profil ezberdinak dituzten emazteak solasean emateak problematika zabalagoa aipatzeko aukera eskaintzen zuelako».

Orotara 38 emazte bildu dira, berdin lekukotasunak emateko, solasaldiak animatzeko edo tailerren lanketa bermatzeko.

Kontent azaldu dira antolatzaileak «feminismoari goiz bat eskaintzea» xede zuen ekimenak izan duen erantzunagatik.

«Uste dugu segida behar duela honek baina sakonki hausnartu behar dugu, finean kidetza feminista nola txertatzen dugu gure praktikan eta gure edukietan behar dugulako pentsatu», adierazi du Ostolazak.

Gero gerokoak, ekimenak espero zuten «argazkia» eskaini duelako pozik zen irakaslea.

«Helburua argia zen hasieratik, nahi genituelako elkartu agian ezagunago diren emazteak, hizketan ohituagoak direnak, hau da diskurtsoa egituratua duten emazteak, baina era berean  gure amatxi, izeba edo tanta izan zitezkeen emazteen ahotsa entzunarazi nahi genuen baitaere, gure inguruan daudelako emazte horiek denak eta haien bizi esperientziari balorea eman nahi geniolako, haien ibilbidea argira edo plazara ekarriz», laburbildu du irakasleak.

Finean, formatuaren hautuak filosofia baten isla badela aitortu du Ostolazak.

«Dena ez dago sailkatzaile, kaier, kurtso edo liburuetan, bizi esperientziak ere inportantea baita elkarrengandik ikasteko», labulbildu du.

«Baina zergatik ni» erantzuna nagusitzen da oraindik ere

Ahal den eta aniztasun gehiago lortzera jokatu zuten jardunaldiaren panela osatzeko orduan.

Jakinik ere astelehen goiz batez ez dela beti erreza izanen lana albo batera uztea horrelako ekimen batetara bertaratzeko.

Izan ere, solasaldietan agerian geratu den beste oztopo ezagunari aurre egin behar izan diote antolatzaileek.

Ostolazak agerian jarri duenez, belaunaldi berrien aldetik aitzinamendu handiak etorroibadira ere, «oraindik ere emazte askok uko egiten diotelako plaza hartzeari».

«Oso harrigarria egin zait gonbidatuak deika ari nintzela erdia baino gehiagok, modu batean edo bestean, ‘baina zergatik ni’ erantzun izana, edo ‘nik ez dut deus errateko’ azaltzea; batzuk zinez konbentzitu behar izan ditugu eta uste dut hori ere ohargarria badela», gaineratu du.

«Gune goxo bat nahi genuen eskaini finean emazteok ere militatzeko edo engaimendu hartzeko orduan ekarpen hori egin nahi dugulako, beste praktika batzuk nahi ditugulako plantan eman, eta gaur hori sentitu dugu, aukera badela denon artean plaza seguru bat sortzeko».

«Euskara jalgi hadi plazara» idatzita utzi zuela Bernat Etxeparek oroitaraziz abiatu da gaurko jardunaldia Seaskak Baionan kudeatzen duen lizeoan.

Agindu horren gehigarriz, goiz batez, ohiko ikasgaiak gelditu eta «emaztea jalgi hadi plazara» ahozkatu dute, ausart, idazle nafarraren izena daraman lizeoko ikasle zein langileek.