INFO

Gose greban dira beste zazpi preso, Garikoitz Etxeberriarekin elkartasunez

Zaballako espetxean, Jon Kepa Preciado, Orkatz Gallastegi, Mikel San Sebastian, Aitor Cotano, Dani Pastor eta Jesus Mari Etxebarria batu dira gose grebara, eta Patxi Ruizek gauza bera egin du Iruñeko kartzelan.

Zaballako espetxea. (Juanan RUIZ | FOKU)

Garikoitz Etxeberriak gose greba hasi zuen apirilaren 19an, Zaballako espetxean bakartze egoeran dagoela salatzeko. Apirilaren 24 honetan beste zazpi euskal presok abiatu dute gose greba elkartasunez.

Zaballako espetxean, Jon Kepa Preciado, Orkatz Gallastegi, Mikel San Sebastian, Aitor Cotano, Dani Pastor eta Jesus Mari Etxebarria batu dira protestara, eta Patxi Ruizek gauza bera egin du Iruñeko kartzelan.

Garikoitz Etxeberria apirilaren 14an iritisi zen Arabako kartzelara, eta uko egin zion beste preso batekin ziega partekatzeari. «Ondorioz bakartze egoeran naukate ostiral iluntzetik», adierazi zuen. Patio greba hasi zuen orain hamaika egun eta, honek konponbiderik ez zekarrela ikusita, gose greba hasi zuen. Seigarren eguna du astelehen hau.

«Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik nahiz binaka bizitzea hautuz, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe», adierazi zuen euskal presoak greba hasi zuenean. Gaineratu zuenez, «espetxea sumitze eta zigortze eremu denez, bikoiztera sumitu nahi izan ninduten eta intsumitu nintzelako zigortu naute».

Egoera honen aurrean bi ekimen deitu ditu Aske antolakundeak. Ostiralean elkarretaratzea egingo du Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, 19.00etan. Eta larunbatean Zaballako espetxera martxa deitu du, 12.00etan.