INFO

Mariñelarenaren heriotzaren 30. urteurrenaren bueltan egitaraua prestatu dute Etxarri Aranatzen

Pello Mariñelarena Imaz, 1993an espetxean hil zen bizilaguna oroitzeko ekitaldi-sorta prestatu du Etxarri Aranazko herritar talde batek. Artea, hausnarketa eta memoria uztartuko dituzte apirilaren 30etik maiatzaren 13ra arte, baita aldarrikapen bat ere: gaixo dauden presoak etxera itzul daitezela.

Egitaraua prestatu duen herritar taldea, Mariñelarenaren gertukoekin batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Datorren maiatzaren 15ean 30 urte beteko dira Pello Mariñelarena Imaz (1963) etxarriarra Parisko La Santé kartzelan hil zenetik. Gaixotasun larri batek jota, espetxeko «arretarik ezak» eraman zuen heriotzaraino, haren familiak eta gertukoek hainbatetan salatu dutenez. Urtemuga kari, «oroimen eta aldarrikapenerako» egitaraua prestatu du Etxarri Aranazko herritar talde batek.

Talde honek agerraldia egin du astelehen arratsalde honetan ekimenaren berri emateko, eta prentsaurrekoan izan dira Mariñelarenaren gertukoenak ere; Muxi Mariñelarena arreba eta Felix Altzelai laguna.

Azken honek eman du apirilaren 30etik maiatzaren 13ra luzatuko den ekimen-sortaren berri. Igandean hasiko da egitaraua, 18.30ean, Kultur Etxean egingo den ‘Apaiz kartzela’ dokumentalaren emanaldiarekin. 1968-1976 artean Zamorako apaizen kartzelan preso egon ziren lau apaizen bidaia kontatzen du ikus-entzunezkoak, atzera ere kartzelara egin zutenekoa. Xabier Amuriza zen horietako bat, eta solasaldia eskainiko du dokumentalaren ostean.

Maiatzaren 5etik 12ra, Etxarri Aranazko Kultur Etxeak Iñaki Pikabea ‘Piti’ preso ohiaren ‘Ekinaren ekinez’ arte erakusketa hartuko du.

Maiatzaren 10ean, 19.00etan, hausnarketarako espazioa irekiko da Kultur Etxean, ‘Piti’ eta Jokin Urain ‘Kixkur’ preso ohiekin. ‘Sorkuntza eta espetxea’ izango dute mintzagai.

Oroimena eta aldarrikapena batuko dituen ekitaldiarekin amaituko da egitaraua, maiatzaren 13an, 12.30ean. Etxarri Aranazko plazara bilduko dira herritarrak, Pello Mariñelarena oroitzeko eta gaixo dauden presoak etxera itzul daitezela eskatzeko.

«Berandu diagnostikatua eta gaizki artatua izan zen gaixotasun baten ondorioz, espetxean hil den hogeita hamabost euskal presoetako bat da Pello. Tamalez, oraindik luzatu daiteken zerrenda da hogeita hamarreko hori, hamazazpi direlako gaixotasun larriak izanda ere preso segitzen duten euskal herritarrak», agertu du Aritz Igoak, egitaraua prestatu duen taldeko kideak.

«Hil baino hamabost egun lehenago Fresnes kartzelako ospitalean ingresatu zuten eta, ospitaleko medikuek baieztatu zutenez, birikak erabat hondatuta zeuzkan. Nire ahizpa eta biok horren lekuko izan ginen kartzelan egin genion azken bisitan, honek irauten zuen denboraren erdia behar izan baitzuen bere zeldatik bisita-gelara iristeko. Arnas arazo handiak zituen iritsi zenean. Kartzelako arduradunek, bere osasunaren arazo larrien aurrean, ezikusiarena egiten zuten eta indargabe, inpotente sentitzen zela esan zigun Pellok», kontatu du Muxi Mariñelarenak agerraldian.

Mariñelarena sortzailea

Pello Mariñelarena sortzailea zelako hartuko du horrenbesteko garrantzia arteak Etxarri Aranatzen datozen asteetan. Aurretik, baina, igeltseroa zen. Lankide batekin enpresa propioa martxan jarria zuen, harik eta ihes egin behar izan zuen arte, bere bi lagun atxilotu eta torturatu zituztela jakitean, haren arrebak asteleheneko prentsaurrekoan gogoratu zuenez. «Polizia bere bila joan zen Galiziara, pairatzen zuen drogomenpekotasunetik sendatzen ari zen zentrora, baina ordurako Pello alde egina zegoen», gaineratu du.

«Sasian» zebilela hasi zen Mariñelarena margotzen eta idazten, eta sortzen segitu zuen kartzelan, 1990eko azaroan Bretainian atxilotu eta La Santén sartu zutenetik. 1993ko apirilean hiesa diagnostikatu zioten, eta handik hilabetera hil zen. 29 urte zituen.

Espetxean sortutako lanak, alta, liburu batean jaso zituen Ataramiñe Elkarteak. Eta anaiaren hitzak ekarri ditu Muxi arrebak ere asteleheneko agerraldira: «Pello gazte zela hil zen arren, bizitzea tokatu zitzaizkion esperientzia guztietatik ikasi zuen, hauek positiboak ala negatiboak izan. Ondorioz, kartzelak fisikoki hil bazuen ere, bere esentzia aberatsak gurekin dirau. Berak horrela adierazi zuen: ‘Entzierro madarikatua, jakin badakit, bizi izan ginen egun haien eta askatasun-nahien prezioa zarela; gaur egun, ordea, dagoeneko, gure herriaren bihotzean bizi gara».