INFO

Talde lanetan, neskek lan gehiago egiten dute baina gutxiago baloratzen da egiten dutena

Emakundek sustatutako ikerketa batek erakutsi du Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean talde lanak egiterakoan talde mistoak osatzen direnean, emakumeek lan karga gehiago hartzen dutela euren gain. Aldiz, neskek beraiek ere ez dute egiten dutena behar beste baloratzen.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria (erdian), Patricia Martinez eta Delicia Aguado ikerlariekin. (Endika PORTILLO | FOKU)

Genero arauek ikasgeletan bizi diren eta esku hartzen duten pertsonen gaitasunak, itxaropenak, nahiak eta beharrak baldintzatzen dituztela frogatu du Emakundek sustatutako ikerketa batek. Hala, talde lanetan emakumeak izaten dira apunteak hartzeaz, materiala erosteaz, aurkezpenen diseinua egiteaz, dokumentazioa biltzeaz eta azken lana zuzentzeaz arduratzen direnak, eta batzuetan ere, azaltzeko lana hartzen dutenak. Finean, emakumeek, proportzionalki, lan gehiago egiten dute gizonek baino, orokorrean.

Aldiz, diskrezioaren eta autoexijentziaren genero arau femeninoen ondorioz, «iruzurgilearen» sindrome handiagoa izaten dute, alegia, askotan sentitzen dute ez direla behar bezain onak, edo ez daudela arlo publikoa okupatzeko behar adina prestatuta.

Hori dela eta, neskek publikoaren aurrean hitz egiten dutenean, gehiago prestatzen dute zer esan, legitimazio gutxiago dutela sentitzen baitute, eta leku gutxiago hartzen dute. Mutilek, berriz, askatasun handiagoa dute arlo publikoa okupatzerako orduan, ikerketaren arabera.

Horrekin lotuta, ikasgelan garatzen diren jarduerak desberdin baloratzen dira: gehiago baloratzen dira arlo publikoan garatzen direnak, arrazionaltasunean eta segurtasunean oinarritzen direnak –gizonekin lotzen direnak–; eta gutxiago ikusezinak diren lanak, taldeetako kudeaketa bezala, eta zigortu egiten dira urduritasuna eta segurtasunik eza –emakumeekin lotzen direnak–.

Egoera zuzentzeko bideak

‘Genero-desberdintasunak modu kooperatiboan argitu eta kudeatzeko hezkuntza-arloko ikerketa-ekintza’ azterlana egiteko Bigarren Hezkuntzaren eta unibertsitate hezkuntzaren esparruko lantalde mistoak hartu dira kontuan, jarduerak irakasleen kontroletik at geratzen diren dinamikak ezagutzeko asmoz.

Horri esker, gabeziak eta desberdintasunak identifikatzea lortu dute, eta berdinzaleagoak izateko aukerak ikusi dituzte. Horretarako gakoak eman dituzte Patricia Martinez Garcia eta Delicia Aguado Pelaez ikerketaren egileetako bik Emakunderen egoitzan egindako aurkezpenean.

Esan dutenez, genero ikuspegitik zereginen banaketan dagoen sexu banaketa identifikatzea garrantzitsua da identifikatzeko nork zer egiten duen. Era berean, gomendatu dute ikasgelako lan orok bere baitan dituen lan guztiak ikusaraztea eta baloratzea, ez emaitza soilik.

Horrekin batera, proposatu dute egokia litzatekeela taldeetan afektibitatea eta esperientzia baloratzen duen hezkuntza espazio bat sortzea. Amaitzeko, hezkuntza espazioetan intersekzio tresna bat txertatzea gomendatu dute, ikasleen aniztasunari, beharrei eta interes heterogeneoei erantzuten diena.