INFO

Zortzi egunen buruan beste garaikur bat pilatzea nahi du Bidaideakek, Euroleague 1a irabaziz

Bilbotarrek igandean Kopako finala irabazi eta gero, 2019an Sheffielden egindako balentria errepikatu nahi du asteburuan Cantun. Beste askoren artean Turkiako Galatasaray arerio «ezaguna» izango du aurrean Adrian Yañezen taldeak.

Igandean Vallecasen erdietsitako balentria errepikatu nahi du daorren domekan Bidaideakek Cantun ere. (@BIDAIDEAK)

2019ko apirilaren 28an lortu zuen Bidaideak Bilbao BSRk bere bizitzako aurreneko garaikur garrantzitsua: Sheffielden Euroleague 1eko txapeldun suertatu zen finalean Besiktasi gailendu eta gero. Sei final galdu behar izan zituen Bilboko taldeak azkenean txapelketa bat eraman ahal izateko, tartean Ligakoa eta Kopakoa, eta nola ahaztu Galatasarayren aurka 2018an Txurdinagan azken segundoetan galdutako Euroleague 1eko final hura!

Baina nola diren gauzak, ordutik hona Bidaideak Bilbao BSRk bere apalak garaikurrez bete ditu: dela Ligakoa, dela 2022ko Kopa eta dela pasa berri den asteburu honetan Vallecasen lortu duten Kopa, bidean Malagako Amivel, Ilunion ahal guztiduna eta Amiab Albacete 2022/23 denboraldiko Liga irabazi duen taldeak bidean utzita. Ez da ahaztu behar Ilunion eta Amiab Albacetek Champions Cupean hartu behar dutela parte.

Noski, behin irabaztera ohitzen den hark gehiago nahi izaten du eta Vallecasen egindako balentria horri segida eman nahi dioi Cantu hirian, Italian, talde bilbotarrak, Euroleague 1eko Zortziko Finala jokatuko baitu.

Aurkari ezagunak

Denboraldiari amaiera emateko modurik politena litzateke Bidaideak Bilbao BSR-rentzat Euroleague 1a berriz ere etxera ekartzea. Baina ostiraletik iganderako hitzordu honetan ez da areriorik faltako Zortziko Finalean.

Etxeko taldeaz gain, Briante84 Cantu, Italiako Padua eta Santo Stefano, Estatu frantseseko el Hornets Le Cannet eta CTH Lannion, Alemaniako Hamburg eta Turkiako Galatasaray arerio zaharra izango ditu aurrez aurre Adrian Yañezen taldeak.

Lastima izan zen martxoan Champions Cupko Lauko Finaletik at geratzea, baina gurpildun aulki gaineko Esaskibaloi txapelketen artean Europa mailako bigarren garaikur garrantzitsuena irabazteko aukera ez da egunero suertatzen.

Egiari zor, Kopan gertatu zen bezala, Bidaideak Bilbao BSRk Cantun ere aurrez irabazitako txapelketako titulua defendatuko du. Izan ere, covid-19aren pandemiaren erruz, Euroleague 1-eko lehiaketak bertan beherra geratu dira eta, bada, palmaresari jaramon egiten badiogu, txapelketa honetako azken irabazlea talde bizkaitarra da, aurrez aipaturiko Sheffielden ospatu zen azken fase hartan gailendu ondoren.

«Etxeko jokalariekin munduko jokalari onenei irabazteko gai izan gara», adierazi zuen pasa den igande eguerdian Asier Garcia Bidaideak Bilbao BSR taldeko kapitainak Kopa irabazi berritan. Antolatzaile bilbotarrak beti esan izan du lehiakortasuna dela bere jokalari senaren oinarririk sendoena eta lehiakortasun horri heldu dio bere talde guztiak ere. Nola ahaztu, esaterako, Kopako finalerdietan Ilunionen aurka David Mourizek lau segundoren faltan sartu zuen garaipeneko saskiratzea? Nola ahaztu Giulio Maria Papi pibot erromatarrak Kopan eman dituen erakustaldiak?

Halakoetan ohikoa den legez, Zortziko Finala lau taldez osaturiko bi multzotan banatuko da. Ostiral bazkalostean hasiko dira lanean bizkaitarrak, 15.45etan Hamburg izango baitute aurrez aurre. Ostiralean bertan, baina 20.15etan hasita, CTH Lannion izango da Bideaideaken bigarren arerioa. Larunbat eguerdian itxiko ligaxka talde bikotarrak, 11.45etan Briante84 Cantu izango baitute aurrean.

Multzo bietako azken postuetan geratzen diren lau taldeek larunbat arratsaldean bertan erabakiko dute bosgarren postutik zortzigarrenerako ordena. Bigarren amaitu dutenek, berriz, igande goizeko 10.00etan jokatuko dute hirugarren postuari begirako lehia eta eta multzo bietako buruek, igande eguerdiko 12.15etan erabakiko dute 2019an Bidaideak Bilbao BSR nagusitu ostean, palmaresean zeinek ezarriko duen bere izena.