INFO

Usansoloko batzorde kudeatzailea izendatu du Aldundiak; maiatzaren 4an eratuko da

Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko batzorde kudeatzailea izendatu eta eratzeko bilkura maiatzaren 4rako deitu du. 11 kidek osatuko dute: zortzi Usansolo Herria taldekoak dira eta hiru EAJkoak.

Usansoloko herritarrak, desanexioa ospatzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko batzorde kudeatzailea izendatzea onartu du astearte honetan gobernu bileran, Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko 9/2012 Foru Arauak xedatzen duen bezala, eta eratzeko bilkura maiatzaren 4rako deitu du.

Batzorde kudeatzailea etorkizuneko Udalaren «ernamuina» izango da, eta 11 kidek osatuko dute, Usansolo Herria elkarteko zortzik eta EAJko hiruk, Hauteskunde Batzorde Zentralak 2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako emaitzetan oinarrituta igorritako ziurtagirian jasotzen den bezala.

Aldi berean, foru erakundeak jakinarazi duenez, Usansoloko Kudeaketa Batzordea eratzeko bilkurarako deia egin du maiatzaren 4rako, Usansoloko Txapelena baserrian, 19.00etan. Batzordeburua ere hautatuko da bertan.

2022ko azaroan onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloren bereizketa, prozesu burokratiko luze baten eta hainbat hamarkadatako auzo borrokaren ondoren. Horrela, Bizkaiko 113. udalerria bihurtu zen.

Baina, abenduaren 30ean, Estatuaren Abokatutzak desanexioaren aurkako helegitea jarri zuen, Usansolok 5.000 biztanle ez dituelako (4.500 inguru ditu). Izan ere, espainiar Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legeak muga hori ezartzen du.

Bizkaiko Batzar Nagusiek uste dute horren inguruko eskumena ez dela espainiar Estatuarena, baizik eta Bizkaiko erakundeena. Herrialde honen foru arauaren arabera, 2.500 biztanle izatea nahikoa da udalerri berria eratu ahal izateko.

Estatuko Abokatutzak Usansoloren desanexioa etetea eskatu zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ukatu egin zuen otsailean.