INFO

Angularien eta Lakuaren arteko akordioa: lizentzien kopurua 150era murriztuko da

Europako arauen ondorioz hainbat urtez eztabaidatu ondoren, EAEko angulariek eta Lakuako Gobernuak akordioa lortu dute jarduera hau profesionalizatzeko. Lizentzia kopurua 150era mugatuko da, eta AZTIk finkatuko du harrapaketa maila urtero.

AZTIk angularien harrapaketa maila finkatuko du urtero. (IREKIA)

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek asteazken honetan iragarri duenez, Lakuako Gobernuak akordioa lortu du Euskadiko Angularien Elkartearekin jarduera hori profesionalizatzeko eta kudeaketa jasangarria mantentzeko.

Azaldu duenez, urtero 150 lizentzia emango dira, eta angularen arrantzaren kudeaketa «gardena» zaintzeko eta espeziearen etorkizuna zein izango den ondo jakiteko, jarraipen batzorde bat ere sortuko da. Batzorde hori Lakuako Arrantza Zuzendaritzak, Euskadiko Angularien Elkarteak, AZTIk eta talde ekologistek osatuko dute.

Espeziea berreskuratzeko eta legez kanpoko trafikoa saihesteko helburuarekin, Europako Batasunak abenduan angularen kirol arrantza debekatu zuen. Horregatik, arrantza tradizionala mantentzeko modu bakarra jarduera honen «profesionalizazioa» dela nabarmendu du Lakuak.

AZTI zentro zientifiko eta teknologikoak zeregin garrantzitsua izango du jarduera honetan, berak markatuko baitu harrapaketa maila, eta urtero berrikusiko du, Orozek esan duenez.

Lakuako Gobernuak oso modu «positiboan» baloratu du akordioa.

Angularen arrantza ia euskal ibai guztietan egiten da, baina batez ere Gipuzkoako Deba, Oria, Zumaia eta Bizkaiko Butroe, Lea, Artibai, Oka, Ibaizabal eta La Peñan.