INFO

Hernanik Beteranoen Nazioarteko lehen topaketa ospatuko du hurrengo asteburuan

Landareko zelaian 160 jokalari inguru elkartuko dira larunbatean, Azeri Zaharrak etxeko taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian.

Beteranoen partida bat Landareko zelaian. (HERNANI CRE)

Hernani Rugby Elkartean betidanik izan da jokalari beteranoen presentzia, baina orain dela hamar urte beste pauso bat eman zen eta Azeri Zaharrak izenez diharduen taldea finkatu zen.

Urteurrena ospatzeko asmoarekin, herrialde ezberdinetako jokalari beteranoentzako topaketa antolatu da larunbat honetan. «Espazio lagunkoi berri bat eskaini nahi izan da, kiroltasun eta laguntasun-balioak lehia eta ezberdintasun guztien gainetik jartzeko», azpimarratu du Hernaniko taldeak.

Etxeko taldearekin batera, Iruñeako La Unica Sai Zaharrak eta Iruña Classiscs, Baionako Medikoak eta Archiball Côte Basque, Donostiako Bera-Bera Gurdizaharrak eta OPLA, Oviedoko Veteranos Asturias eta Durangoko Sapuzaharrak taldeak ere Landaren izango dira. Guztira, zelaian 160 jokalaritik gora elkartzea espero da.

Topaketa goizeko 11.00etan abiatuko da orduerdiko partidak jokatuz, arratsaldeko 17.00ak arte. Baina ekitaldia hiru egun hartuko ditu eta hainbat une berezi izango ditu. Ostiralean, 19.30ean, Hernaniko Udaletxean harrera egingo zaie etorritakoei. Ondoren, herrigunea ezagutzeko eta azkenik elkarrekin zerbait hartzeko aukera izango da Alde Zaharreko elkarte gastronomiko batean.

Oroigarriak eta hirugarren denbora

Larunbata izango da egun nagusia, goizetik gaua arte. Jarduera guztiak Landaren egingo dira, Hernaniren instalazioetan. Partida-sorta amaitu ondoren, garaikurren eta oroigarrien banaketa egingo da eta bertan Hernaniko alkatea, Xabier Lertxundi, eta Euskadiko Errugbi Federazioko Presidentea, Iñaki Rica, izango dira.

Hernaniko Beteranoen Nazioarteko I. Topaketan talde guztiak izango dira garaile eta guztiek jasoko dute garaikurra eta ekitaldiaren oroigarria. Jarraian hirugarren denbora izango da, hain garrantzitsua dena topaketaren helburu nagusia betetzeko; kirola egin ondoren elkartasun giroaz gozatzea.

Topaketei agurra igandean emango zaie, inguruko sagardotegi batean egingo den bazkarian. «Ekitaldi honekin irekiko den ildoari jarraipena emateko asmoa dago, aurrerantzean urtero egin litekeen topaketa bat finkatuz», azpimarratu du Hernanik.