INFO

Kazetaritzako diploma eskuratzeko aukera izanen da heldu den irailetik goiti Baionan

Bordele-Akitania Kazetaritza Institutua, Afdas eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko elkarlanetik abiaturik, Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuaren eskutik ‘Kazetaritza euskaraz’ diploma eskainiko da.

Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateak (UPPA) Baiona duen kanpusa. (Patxi BELTZAIZ)

Lehen aldikoz, kazetaritzako diploma eskuratzeko aukera izanen Baionan.

Aurtengo iralean abiatuko da lehen promozioa, ‘Kazetaritza euskaraz - Journalisme en langue basque’ unibertsitate diploma eskuratzeko xedez, apirilaren 27 honetan egitasmoaren partaideek eskaini prentsa aitzinekoan jakinarazi dutenez.

Izan ere, Bordele-Akitania Kazetaritza Institutua (IJBA), Afdas eta Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) arteko elkarlanetik abiaturik, Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuarekin (UBM) diploma gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Ondorioz, ikasleek hiru unibertsitateek sinatu eta aitorturiko diploma eskuratzen ahalko dute.

Hitzarmenak bereziki Ipar Euskal Herriko hedabideek gaur egun profesional euskaldunak atzemateko dituzten zailtasunekiko arranguran du jatorria.

EEPk, «hedabideak hizkuntza baten hedapenean eragile estrategikoak» eta «euskarazko eduki mediatikoak euskararen sustapenerako ezinbestekoak» direlakoan, lurraldeko hedabideak biltzen dituen lantalde bat sortu zuen.

Honen baitan egin den lanketaren bidez, euskararen presentziak emendatzen jarraitzen duen garaiotan, ondoko urteetarako kazetari euskaldunen behar handia dela ondorioztatu zuten.

Identifikaturiko behar horri erantzuteko heldu da Kazetaritza Unibertsitate Diploma. «Kazetari euskaldunen belaunaldi berri baten formakuntza, euskarazko kazetaritza lana sendotu eta euskara eremu digitalean garatzea ahalbidetuko du», poztu da Antton Curutcharry EEPko lehendakaria.

Bi urteko alternantzia

Lizentzia formakuntza jarraitu dispositibo bat da, «kazetari euskaldunen profesionalizazioa lortu eta egiaztatzea ahalbidetuko duena», EEPren erranetan.

Honetarako, bi urteko iraupena izanen du eta ikasleak alternantzian (dual eredua) arituko dira, hau da bi astez unibertsitatean eta hurrengo sei asteetan zehar enpresan.

Alternantzian sartuko diren ikasle-langileek profesionalizazio kontratu bat izenpetuko dute bai unibertsitatearekin eta bai hedabide batekin, «Estatu mailako hitzarmen kolektibo baten sailkapenetan onartua den kualifikazioa» eskuratzea helburu, gaineratu du Curutcharryk.

Ikasle-aprendizak hartuko dituzten hedabideek EEPren 8.000 euroko diru-laguntza ukanen dute, unibertsitate formakuntza Afdasek finantzatuko duen bitartean.

Ikasketa hauetan onartua izateko euskarazko B2 maila ukaitea beharrezkoa izanen da. Era berean, ikasgai guztiak euskaraz izanen direla zehaztu dute, bi urtez 840 orenetan banatuak diren kurtsoetan, Baionan, Bilbon zein Bordelen.

Formakuntza zikloak «ikasleei hiru eremuren inguruko ezagutza eta gaitasun hartzea segurtatuko die, hau da, euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza», azaldu du erakundearen buruak. Hastapen batean, promozio bakoitzeko, gutxienez, 10-15 ikasle hartzea aurreikusi dute.