INFO

Bizirik jarraitzen duela erakutsi du Zuazok, Lasesarren Beti Onak mendean hartuta (23-18)

Jaitsiera fasea abiatu da asteburu honetan eskubaloiko Ohorezko Mailan eta bertan dauden bi euskal ordezkariak elkarren aurka neurtu dituzte indarrak Lasesarren. Hondoa jota zirudien Zuazok oxigenoa hartu du Beti Onak mendean hartuta (23-18). Are gehiago estutu dira kontuak.

Alba Sánchez trata de zafarse de la presión de Lyndie Tchaptchet. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ligako azken 9 partidetan 9 porrot eskuratu duen Zuazok hondoa jota zirudien, logika guztiz. Jokalarien artean ere itxaropena tamainan sentitzen zen jaitsiera faserako baina itxaropena, txikiena izanda ere, hor dagoela argi geratu da larunbat honetan. Argi izpi txikia izatetik, apur bat handitu da –nahiz eta alde ekonomikoan daukan zailtasunak gehiago daukan itzaletik argitik baino–.

Hiru punturekin abiatzen zen Barakaldoko taldea jaitsiera fase honetan, lau taldeetatik puntu kopuru murritzenarekin. Gehien, aldiz, Beti Onak talde nafarrak zituen (9) eta beraz, bien arteko lehia hil ala bizikoa izango zen. Zuazoren porrotak jaitsierara kondenatuko luke; nafarren garaipenak, aldiz, kasik salbazioa eskuratzera.

Bada, Joseba Rodriguezek zuzendutako taldeak mahaian kolpe bat eman du larunbat honetako garaipenarekin. 23-18 garaitu du Beti Onak eta jaitsiera faseko sailkapena, are gehiago estutu du. Baita Grafometal La Rioja eta Granollersen arteko berdinketa ere. Izan ere, orain, bizkaitarrak eta errioxarrak puntu berarekin daude (5) eta salbazioa laura daukate: Beti Onak eta Granollersek, biek ala biek, daukate 9 puntu.

Esan bezala, urrats handia eman du Zuazok, kondenatuta egotetik lehiakorra den taldea dela erakutsi baitu. Ez dago bizkaitarrek amore emango duen modurik –izan egoera ekonomiko zaila, emaitza kaskarrak, dinamika eskasa, lesioak…–. Hondoa jotzetik berpiztu dira eta txapelketa gori-gori jarri dute. Bestalde, Beti Onakek porrot gogorra jaso duela esan daiteke baina oraindik 5 final geratzen zaizkio salbazioa bermatzeko: kalapita ederra gertatu beharko litzateke nafarrek maila galtzeko. 

Mada Fernandez-Agustiren gidaritza

Dena dela, argi dago jaitsiera fase honetan azken hitza esateke dagoela eta modu horretan kantxaratu dira etxekoak. Konturatu orduko, 3-0ekoa jarri dute. Mada Fernandez-Agusti giltzarria izan da hasieran, bai eta partida osoan ere; are gehiago, denboraldiko jokalari nabarmenduena izan dela esan daiteke. 9 golekin bukatu du partida asturiarrak.

Ayelen Garcia eta Maca Sans argentinarren bitartez, markagailuan hurbildu dira Atarrabiakoak (5-4) baina lehen lerroko asturiarraren gidaritzapean, 3-0ko partziala ezarri eta berriro ireki dute tartea (8-4). Oro har, gol gutxiko lehen zatia izan da (8-5) eta horren meritua, hein handi batean, Meriem Ezbida atezainak izan du. 10 merituzko geldiketa egin ditu kanpokoak soilik 5 golean geratzeko.

Bigarren zati hasieran, kolpeak elkatrukatu dituzte bi taldeek baina berriro ere hiru goleko partziala ezartzea lortu du Haitok zuzendutako taldeak (14-8, 37. minutuan). Sei goleko aldea zazpira handitu du Fernandez-Agustik (17-10, 46. minutuan) eta ordu laurdenaren faltan, arazorik gabe kudeatu dute errenta etxekoek.

Hurrengo astean ere Lasesarren jokatuko du Zuazok, Granollersen aurka (maiatzaren 6an, 19.30ean). Beti Onakek, berriz, Grafometal La Rioja hartuko du, larunbatean honek ere (18.00etan).